Juanjo Quintela | Psikologoa
MUGIMENDUA
Gure umeak oraintxe ikasi du berak bakarrik hauspez jartzen. Bere mugimendua errespetatu nahi dugu, baina zenbait posturatan blokeatuta geratzen da. Adibidez, lurrean buruz gora uzten badugu segituan buruz behera jartzen da, baina gero ez da gauza bera bakarrik atzera ere buruz gora jartzeko, eta nahiko azkar hauspezko posturan nekatu egiten da, ernegatuta jartzen da eta negarrez hasten da. Zer egin dezakegu horrelako egoeretan? Nola errespetatu dezakegu haurraren mugimendua?
EMMI PIKLER PEDIATRA hungariarraren ikerketei esker, gaur egun badakigu pertsona guztiok genetikoki programatuta gaudela motrizitate autonomoa garatzeko. Alegia, etzanda egotetik ibiltzen hastera bitarteko prozesu guztia, urrats guztiak, haurrak berak bere kabuz ikasteko gaitasuna duela, helduak ezer erakutsi gabe. Denok daukagula motrizitatea modu autonomoan garatzeko programa genetiko hori.
Hala ere, egia da gaur egun oraindik helduaren esku-hartzea mundu osoan zehar erabat zabalduta dagoen jokabidea dela, onartuta dagoena eta naturaltzat hartzen dena. Baina pediatra bikain honek egin zituen aurkikun-tzak errefusaezinak dira, eta beroiek onartzeko erresistentziak edozein gauza berriren aurrean sortu ohi diren beldurren antzekoak dira.
Piklerrek egin zituen aurkikuntzetatik mugimendu librean oinarritutako heziketa eta haziera modua jaio da, eta horrek ondokoa esan nahi du: postura guztiak umeek eurek hartzen dituzte eta uzten dituzte; eta era berean, mugimendu denak ere umeek eurek egiten dituzte eta eteten dituzte, euren iniziatibaren arabera, helduen esku-hartzerik gabe, eta hark animatu, exigitu, sustatu, aurre hartu edo presa sartu beharrik gabe —horretarako umea eseriz edota eskuetatik helduta ibilaraziz, adibidez, artean horretarako gai ez denean—.
Printzipio horrek baditu hainbat salbuespen: denbora tarte labur batean, umea buruz behera jartzen ikasten ari denean edo zutik jartzen ikasten ari denean, artean ezin badu bere kabuz atzera ere buruz gora jarri edo zutik dagoelarik ezin bada eseri edota belauniko jarri. Kasu horietan umea negarrez hasten bada edota sumindu egiten bada, hasierako posizioan jarri behar da: buruz gora, baldin eta buruz behera dagoelarik hasi bada negarrez; edota eserita baldin eta zutik dagoelarik ernegatu bada.
Ondoko hauxe da kasu honetan planteatzen den egoera: ume batek, bere ekintzaren, dinamismoaren, barne-indarraren... ondorioz, buruz behera jartzea lortzen duenean, hasieran ez daki oso ondo nola iritsi den buruz beherako posturara, eta ez du “asmatzen” atzera ere buruz gora jartzen. Postura horretan denbora luzez egoteak umea sumindu eta ernegatu dezake. Izan ere, buruz behera jartzen hasi berritan, bere mugimenduak oso mugatuta egon ohi dira. Burua altxatu besterik ezin du egin; baina haurrak nahikoa du eustearekin, proportzioan oso pisu-tsua baita gainerako gorputzaren aldean.
Bere kabuz lortu ez duen postura batean egotera umea ez behartzea printzipio bat bada ere, are inportanteagoa da haurraren ongizatea eta segurtasun sentimendua bermatzea, klima sosegatu baten baitan. Mugimendu librean oinarritutako haizera-moduaren zimendu izan behar du beti helduaren eta umearen arteko harreman goxo eta berraseguratzaileak.
Umea hauspez jartzen bada, lasai itxarongo dugu zer gertaten ote den ikusi arte: gustura eta lasai dagoen behatuko dugu, ondoezaren lehen arrastoak azaltzen ote diren, edota burua lurrean apoiatu eta atseden hartzeko gai ote den (zenbait umek burua lurrean apoiatu eta atseden hartzen dutela deskubritzen dutenean, horrekin nahikoa izaten dute buruz behera lasai jarraitzeko)... baina umeak modu nabarmenean ondoezik dagoela adierazten badigu (protesta egiten badu, negar, haserretzen bada...), mugimendu lasaien bidez eta leuntasunez bira emango diogu eta buruz gora jarriko dugu.
Ohikoa da, segundo gutxiren buruan, umea berriz ere buruz behera jartzea, jada zona zerbikala deskantsatuta daukalako eta postura berria interesatzen zaiolako. Denbora bat igaro ostean, ordea, berriz ere nekea nagusituko zaio haurrari eta protestak itzuliko dira. Helduok, maitekiro, berriz ere leuntasunez eta mugimendu lasaien bidez buruz gora jarriko dugu.
Noiz arte jardun behar genuke horrela? Umeak behar duenera arte. Egun bat iritsiko da, zeinetan umeak ikasiko duen nola jarri bere kabuz buruz gora edota nola lasaitu zona bertikala.
Hauxe litzateke adibide bakanetako bat zeinetan helduak esku hartzen duen umearen motrizitatean, baina arreta jarri behar dugu gauza batean: helduak ez du esku har-tzen orain arte lortutakoak baino garatuagoa den posizio berri batean haurra jartzeko, baizik eta umeak berezkoa duen eta ondo ezagutzen duen aurreko postura batera itzultzeko.
ESKOLAN NOLA JAN?
3 urteko haurrekin aritzen garen hezitzaile talde bat gara. Jateko orduan orain arte haurrak mahaian esertzen ziren eta helduek zerbitzatuta jaten zuten. Orain gure lan egiteko filosofia aldatzen ari gara eta jatorduetan ere, gelan egiten dugun bezalaxe, haurrei autonomia handiagoa eman nahi diegu: eurek mahaia jartzeko, euren janaria zerbitzatzeko… Aldaketa hori egiteko aholku orokor batzuk ematerik izango zenuke?
EZ DA ERRAZA GALDERA HONI ERANTZUTEA. Otorduei eta jateari dagokionez, 0 eta 3-4 urteen artean ume batek gauza asko ditu ikasteko: kristalezko baso batetik edaten, azpil batetik bere janaria zerbitzatzen eta pitxerretik ura, janariarekin ez jolasten, eskua beste ume baten platerean ez sartzen, ahora betea dela ez hitz egiten eta ahoa itxita dela jaten, aulki batean eserita jaten, mahaia jar-tzen laguntzen, mahaiko eta bere arropako garbitasunari arreta jartzen, taldean jaten... eta beste hainbat gauza, haur txikiei inolaz ere errazak egiten ez zaizkienak, baina samurrak ez izan arren, haien interesekoak direnak.
Gauza horiek guztiek, ordea, nahiko zerikusi gutxi daukate umearen heldutasunarekin. Kulturari loturiko ekintza sozialak dira eta horiek barneratzeak beti umearen barne-atxikimendu bat eskatzen du. Ez da diziplina, presiorik gabeko ikaskuntza baten emaitza baizik.
Autonomiak zerikusi zuzena dauka umearekiko errespetuarekin, soseguzko giroarekin, haurrak zenbat jan nahi duen erabaki dezakeelako konfiantza edukitzearekin, eta haurrak bera bizi den giza taldearekin identifikatzeko interesa izango duela sinestearekin.
Baina hori guztia zaintzea oso zaila da. Umeek jendez beteriko jantoki handietan jan behar badute, giro zalapartatsuan, eta akaso, beste guztiaren gainetik umeek jan dezaten exijitzeko garrasika ari diren helduen oihupean.
Horrexegatik, nire lehen hausnarketak auzi horiekin du zerikusia, oso garrantzitsua baiteritzot jateko momentua benetan babesteari, plazererako, harremanerako, komunikaziorako eta kooperaziorako unea izan dadin.
Oraindik ere oso urruti gaude adin horietako umeak euren gelan jaten ikustetik, zeina etenik gabeko bizitzarako espazio izango den, intimitatea zaintzen duena, umeak jan-zaku bihurtzeko ume izateari uzten ez diona, eta hezi-tzaileak ere hezitzaile izaten jarraitzen duena zerbitzari izan ordez (eta lanbide horrekiko errespetu guztiz diot).
Eta norbere gelan ezin bada, gela horri erantsitako jantokitxoetan egin daiteke, zeinetan sosegu osoz zortzi bat haur ikusiko ditugun pare bat mahaitan jaten, gainon-tzeko umeek jolasean itxaroten duten bitartean euren txanda iritsi arte.
Hezitzaileak umeekin batera mahaian eserita jaten ikustetik urrun gaude oraindik (horrek haien lan-eskubideen kalterik adierazi gabe).
Umeek duintasunez jan dezaten espazioak egokitzeko eta arkitektonikoki moldatzeko aldaketa drastikoak egitetik ere urrun gaude: espazio humanoak, abegikorrak, jasoak, isilak, estetikoki zainduak… sortzea litzateke xedea.
Hori guztia kontuan izanik, nire lehen aholkua litzateke haurren ongizatea bilatuko duen eredu baten alde egitea, kontuan izanik horrek hezitzaileen ongizatea ere adierazi nahi duela. Norabide horretan aldaketak egiten ez badira, dena bilakatzen da nekezago… baita haurrek berezkoa duten iniziatiba eta autonomia babestea ere.
Baina hori ez da gauetik goizera egia bilakatuko, eta ezin dugu besoak gurutzatuta egon guk soilik errealite bihur dezakegun hori iritsi zain. Beti egin daitezke gauza ba-tzuk. Gauza txikiak izango dira akaso, baina jateko momentua humanizatzen lagun dezakete: mahaia presta-tzen lagun diezagukete haurrek, platerak, mahai-tresnak, basoak eta ahozapiak jartzen (bata plastifikatu horiek behin betiko erretiratzera anima gaitezke, eta segur aski baita zenbait adur-zapi ere, eta haien ordez ahozapiak erabiltzera); jana umeak iristeko moduko ontzietan jar dezakegu, eta haurrei utzi hartzen eurek nahi duten adina; mahaia jasotzen eta garbitzen ere parte har dezakete; hala prestaketa eta garbiketa artean, otordua lasaitasun giroan egin daiteke, umeek jaten duten bitartean kontuak esaten dituztelarik, helduok egin ohi dugun gisara.
Azkenik, azpimarratu nahi dut autonomia ez dela eska-tzen eta ez dela exijitzen (“benga, jan zuk bakarrik, badakizu eta, handia zara eta”). Autonomia bakarrik egiteko gaitasuna da, laguntzarik gabe; baina autonomia batez ere egiteko edota ez egiteko eskubidea da. Haurrak gonbidatu ditzakegu gu laguntzera eta eskertu egingo diegu hala egiten dutenean; baina ez ditugu laguntza hori ematera behartuko… derrigortzen ditugun momentutik lortu nahi dugun autonomia hori ukatzen ari gatzaizkielako.
Izan dezagun pazientzia eta kofiantza umeen barruko indarrean, horretxek laguntzen baitie hazten eta elkarbizi diren helduekin identifikatzen, elkarrekiko errespetuzko giro batean.