Alex Barandiaran | MUko HUHEZIko irakaslea, Hazitegiko koordinatzailea

HAUR-ESKOLAN HASI

Haur-eskolan hasi berria da urtebeteko gure semea, eta negarrez uzten dugu egunero. Badakigu ondoren pasatu egiten zaiola eta ondo pasatzen duela, baina bere bila itzultzean gurekin haserre, oldarkor agertzen da. Zer egin dezakegu egoera leuntzeko?

UMEAK ADIN HORRETAN jada gurasoen irudi mentala barneratuta dauka eta gai da beraiek ez daudenean irudia burura ekarri eta beraien beharra negarraren bidez adierazteko. Negarra segurtasuna ematen dioten gurasoak bere ondora erakartzeko berezko gaitasuna da.

Momentuan segurtasuna ematen dion helduren bat ez badago ez da negarra isiltzen, ez bada denbora igaro eta nekearengatik isiltzen dela. Berriro gurasoekin elkartzean, gurasoekiko haserre egoten da nolabait gurasoek bere “deiari” erantzun ez diotelako. Hori ekiditeko oso garrantzitsua da eskolan segurtasuna ematen dioten helduak izatea. Baina segurtasuna ez da egun batetik bestera lortzen. Segurtasuna lortzeko prozesuari eskola mailan egokitzapen-aldia deritzo.

Egokitzapen-aldia asko landu behar da guraso eta irakasleen artean. Egokiena irakasleekin batera ume bakoitzarekin (denen egoera ez baita berdina) egokitzapen-aldia lantzea da. Gurasoek konfiantza eta segurtasuna izan behar dute irakasleengan eta hori umeak hauteman behar du. Egokitzapen-prozesua desberdina izango da ume bakoitzarekin eta beraz pertsonalizatu egin behar da. Badago zer egin! 


ESKOLAZ KANPOKO ERREFORTZUA

Aurreko ikasturtean hainbat ikasgaitan arazoak izan ditu 10 urteko alabak. Bere adinean komeni al da eskolaz kanpoko errefortzua, klase partikularrak-edo hartzea, ala goizegi da?

UMEARENGAN FAMILIA ETA ESKOLA testuinguruak direla eragin gehien dutenak kontuan hartzen badugu, ikasgaietan arazoak izatearen arrazoiak anitzak izan daitezke. Eskolari dagokionez, ume batek proposatzen zaion irakaste-prozesuan zailtasunak azaltzen baditu, planteatu behar dena da ea aurkezten zaizkion proposamenak bere egoera, momentu eta garapen uneari egokitzen 
zaizkion. Ume denentzat proposamen bera momentu berean eskaintzen badugu, erraza da ume guztiengan erantzun bera ez lortzea. Hori irakaskuntzaren ikuspegi tradizionala litzateke eta jada badugu nahiko ezagutza ikuspuntu hori gainditzeko eta eskola inklusiborako bidea egiteko. 
Irakaskuntza-prozesua da umeari egokitu behar zaiona eta ez alderantziz. Irakasleekin hitz egin eta planteamendu berri bat eskatzea interesgarria litzateke. Hezkuntza etengabeko berrikuntzan oinarritu beharko litzateke, hezkuntzaren azkeneko helburua lortze aldera, hau da, ume guztiak zoriontsu izan daitezela. Halere berrikuntza-prozesua bat denez bitartean umeak errefortzuak izatea interesgarria izan daiteke, beti ere bizipen hori umeak modu positiboan bizitzen badu. Familia testuinguruari dagokionez, garrantzitsua da umeari bueltatzen zaion irudiaz kontziente izatea, baita presiorik ezartzen ote zaion. Ikasketak eta etxeko lanak ez daitezela izan umearekin harremana gaiztotzen dutenak. 


UME ‘ZAILA’

Ume ‘zaila’ deitu izan zaion horietakoa da gurea. Ez da konformatzen erraza, asko kexatzen da eta negarrez erantzuten du, aldi berean gurekin egon nahi du momentu oro, besteen laztanei oldarkor erantzuten die... Nola lagundu?

FINEAN EZ DUT USTE UME ZAILIK DAGOENIK, gauza da helduoi zaila egiten zaigula umearen beharrak zeintzuk diren jakitea eta baldin badakigu ere nola erantzun, ez dugu erraz asmatzen. Oso garrantzitsua da umea den horretan benetan onartzea.

Denok dakigu nola gustatuko litzaigukeen gure umea izatea eta hala bada, ez dago arazorik; baina ez bada, hori onartzea ez zaigu erraza izaten. Printzipio hau beti izan behar dugu oso kontuan, zera, umea soilik aldatuko da bere harreman-testuingurua aldatzen bada, ezin dugu espero gu zerbaitetan aldatu gabe umea aldatzea. Umea, ondo egoteko joera duen izaki biologiko bat da eta ahalegin guztiak egingo ditu bere beharrak asetzeko, gauza da berak bakarrik (beste guztiok bezala) ezin duela.

Umeak zuekin denbora guztian egon nahi badu, errespetatu eta besteen laztanak ez baditu nahi zilegi da. Askotan helduok oso sarkorrak, inbasiboak gara eta gure beharrak asetzen ditugu umeekin bere “permisorik” gabe. Ume txiki bat ikusi eta berau besarkatzeko, musukatzeko, laztantzeko gogoa sartzen zaigu eta egin egiten dugu erreparatu gabe umeak hori nahi duen edo ez. Espero dugu umeak onartzea eta gure afektuen adierazpenei egoki erantzutea. Hala ez bada harritu egiten gara, ez dugu ontzat hartzen, ez dugu modu positiboan hartzen. Nire ustez umeak bere buruari baimentzen badio guri erantzutea bere beharretatik adierazle positiboa da. Esaten ari zaigu errespetatu behar dugula, hori dela bere nahia, eta pertsona helduekin egiten dugun moduan hori errespetatu beharko genuke.

Hori modu orokorrean esanda, baina ume bakoitzak adierazten duen jokabidea aldagai askoren isla da, egoki aztertu beharko genuke alde batetik zer izan den familia testuinguruan bizi izan duena eta bizitzen ari dena, eta, bestetik, zer eskola testuinguruan gertatutakoa eta gertatzen ari dena.