Alex Muela | Psikopedagogoa
SEME-ALABEKIKO HARREMANA
Jatorduak elikatzeko uneak baino askoz gehiago direla ohartu gara, haurrari berak jan nahi ez zuenean jaten ematen genionean behartzen ari ginela ohartu ginen, edo engainatzen, telebistari begira jarrita... Momentu horien garrantziaz jabetzen gara, eta ez dugu haurra behartu nahi ez engainatu nahi, baina ez dakigu bere esku utzi ala ez noiz eta zer jan nahi duen erabakitze hori.
GURE GIZARTEAN, tamalez, jatorduak psikologizatu egin dira. Hau da, nagusiki funtzio organikoak betetzeko, barruan pizten den estimulu bat izatetik (jateko gura izan), baita funtzio psikosozialak dituenak ere, gurasoen eta seme-alaben arteko harremanak baldin-tzatzera pasatu dira. Gurasoek, oro har, gehiegizko kezka azaltzen dute seme-alaben elikadurarekin. Jatuna ez den haurrarekin antsietatez jokatuz, baina dituen ondorioak ondo neurtu gabe. Amak edo aitak bere umearen elikaduraz erakusten duen larritasunak haurrari jatorduak zeregin arriskutsu legez biziarazten diote. Ondorioz, arbuioa edo bestela iheserako gogoa sortzen zaio. Jarraibide hori behin eta berriro errepikatuz gero, horra hor bere bizi guztian gaizki jango duen umea. Aldiz, haurrari jaten eman, giro lasai, gozo, maitasunezko eta jolaserako modukoan ematen baldin bazaio, eman ere, haurrak giro atsegin horretako ezaugarriak jateari lotuko dizkio. Umea jatun ona izango da, bere bizi guztian. Gaur egungo familien erronka negoziazioa da. Baina, negoziazioa ez da hasten aurre-nerabezaroan, umea jaiotzen den unean baizik, eta baita lehenago ere, bere erritmoa errespetatuz eta horretara egokituz. Eta berebiziko indarra hartzen joango da bigarren urtetik aurrera. Jatuna ez den haurrarekin, goian azaldutako oinarritik abiatuz, etengabeko negoziazio prozesu batera ekin behar zaio, aginte makila eman barik, ezta gurasoek umearen gustuei entzungor eginez ere, hor dago koska.
BAZTERTUTAKO HAURRAK
Teoria-mailan gatazkak bideratzen eta elkarrizketa kooperatiboa indartzen saiatzen gara gelan (ni zehazki 7-8 urteko haurrekin). Baina patioko orduetan ikusten dugu haur batzuk baztertuta gelditzen direla. Betidanik gertatu izan da haur batzuk baztertuak gelditzea... Gela barruan eta gelatik kanpo (patioan) haurrik baztertu ez dezaten, zer landu dezakegu irakasleok ikasleekin?
GALDERARI ERANTZUTEKO, ez ohiko ikuspegi bati helduko diot, ikastetxeko kanpo espazioen kalitateari, hain zuzen ere. Galdera batzuk planteatuz hasiko naiz: ongi diseinatutako eta estimulagarriak diren kanpo espazioak (jolastokiak) ditugu? erakargarriak dira? ekintza inklusiboak sustatzen dira? haurraren garapenari erantzuten dio: arlo sinbolikoari, motorrari, artistikoari, hizkuntzari…? eta, zer rol jokatzen du irakasleriak? Nire aburuz kanpo espazioaren inguruan hausnartzeko beharra dago, modu horretan, jolasa, garapena eta ikaskuntza kooperatiboa bultzatu ahal izateko. Ikastetxe askotan kanpo espazioaren erabilera jolastordura mugatzen da eta, oro har, ekintza fisikoak eta estandarizatuak gailentzen dira. Baina horrelako ekaintzek, askotan ez dituzte ume guztiak erakartzen, aipatzen duzun bazterkeria areagotuz. Ildo horretatik, interesgarria litzateke gure testuinguruko zentroetan kanpo espazioaren erabilera jolastordutik haratago areago-tzea, haurrentzat esanguratsuak eta aberasgarriak diren ekintzak proposatuz, gela eta kanpo espazioen arteko jarraikortasun eta osagarritasuna lantzea espazio bakoitza ahalik eta modu eraginkorrenean erabiltzeko. Horretarako eskolak proiektu pedagogikoarekin lotu behar du kanpo espazioa, jolaserako, ikaskuntzarako eta haurraren garapenerako baliabide pedagogikotzat hartuz.
HAUR-ESKOLAN HASTEA
Lau hilabeteko haurra haur-eskolan utzi beharko dugu urtarrilean, nahiz eta jakin badakigun garaiz dela haurtxoarentzat. Gurasook zer egin dezakegu aldaketa eta esperientzia gogorregia ez dadin izan alabarentzat? Ahal den ordu gutxien uzteaz gain, zer izan behar dugu kontuan?
ONDO DIOZUEN BEZALA, ahalik eta ordu gutxien uztea da gakoa. Azkeneko ikerketek azpimarratzen dute haur-eskolan ordu kopuru handia igarotzeak umearen ongizatean eragin negatiboa duela. Batzuek 20 ordu astean jartzen dute mugarria, beste batzuek ordea, 30 ordu astean. Oro har, talde-zaintza estres eragilea da berez. Kortisolaren gaineko ikerketek agerian utzi dute. Honela bada, taldean zaindutako umeak errazago aktibatuko du atxikimenduzko jokabidea etxean zaindutakoak baino. Umeen kolektiboak arreta eta kon-tsolamendu gehiago eskatuko ditu.
Atxikimenduaren teoriaren arabera, laugarren hilabete aldera, umeak ezberdin erantzungo dio amari, beste figurekiko alderatuz: irribarre egingo du hura ikustean eta azkarrago ahoskatuko du, halaber, begiradarekin jarraituko dio. Bere organo sentsorialei esker, aukera egin dezake gainon-tzeko gizakien artean atxikimendu figura nagusia hautatu ahal izateko. Seigarren hilabetean, ume gehienek ezarrita dute jada atxikimendua: negar egingo du hark alde egiten duenean eta irribarre egingo, besoak jasoko eta poztasunez betetako oihutxoak jaurtiko ditu hura itzultzean. 12 hilabeteren ondoren, eta baita lehenago ere, umeak kexatu egingo dira ama edo aitaren figura aldentzen ikustean. Haur-eskolara joateko, bere lehen zaindaritik egunero banandua izateak aktibatu egingo du atxikimenduzko jokabidea. Kontu handiz maneiatu beharko da banaketa hau. Umeak banaketaren aurrean negar eginez gero, atxikimenduzko jokabidea aktibatu egin dela esan nahiko du, hau da, protesta jokabidearen osagaia. Eta egoera hau ematen den bitartean ez dira beste jokabide sistema batzuk abian jarriko, hala nola, bilaketa jokabidea edo berdinen arteko jokabidea.
Haur-eskolara joaten hasteak eragindako egokitzapen-denbora eta eguneroko banaketak berebiziko kontuz maneiatu behar dira. Bilaketa eta jokoa oztopatuko duten portaera oldarkorrak eta umea bere baitan biltzeak banaketaren aurreko erantzunaren parte dira, eta honekin batera, atxikimenduzko jokabidea aktibatuko dute. Azkenik, rol garrantzitsua jokatuko du inguruaren etxekotasun mailak. Hark etxekotzat jo dezakeen inguru batean alde egitea jasan dezake. Jokabidearen biologiari dagozkion datu hauek sostengatzen dute umea haur-eskolako espazioa etxekotzat hartzeak eta zaindariek bertatik alde egitean erabiltzen duten moduak duten garrantziaren nondik norakoa. Banatu ondoren, aktibazio mailaren intentsitateak behera egiten badu, umea esplorazioan eta beste batzuekin jolasean aritzeko askatu daiteke ordu bi baino gehiagoko epealdietan, adinaren arabera. Atxikimenduzko jokabidearen aktibazio berrien araberakoak izango dira amaren bilaketa eta honen gabeziak eragindako bilaketa.
ELKARREKIN LO EGITEA
Azken aldian teoria kontraesankorrak irakurri ditut haurrak gurasoekin lo egiteari buruz. Batzuek diote haurraren beldurrei aurre egiteko, eta atxikimendua garatzeko egokia dela; besteek diote haurrak bere espazioa behar duela garatzeko, eta gu ez gaudeneko hutsune horretatik haziko dela. Ez gara teoriak jarraitu zale, baina zalantza hau argitu nahiko genuke.
EZ DAGO LAN ENPIRIKORIK demostratu duenik seme-alabekin lo egitea haurrentzat kaltegarria denik. Izan ere, historian zehar koletxoaren praktika oso zabalduta egon da eta dago munduan, baita gure gizartean ere, nahiz eta gurean familiek, hein handi batean, ezkutuan gorde. Koletxoaren kontra daudenek diote umeek gurasoekiko menpekotasun gehiago azaltzen dutela, baina baieztapen horrek ez du ez hankarik ez bururik. Bestalde, alde daudenek diote umearen loa hobetzen dela, umea seguruago sentitzen dela, ondorioz, gutxiago egiten duela negar, amarekin lo erritmoak sinkronizatzen laguntzen duela eta abar.
Praktikatzen duzuenoi eta gustura zabiltzatenoi, soilik esan beharra daukat disfrutatzeko esperientziaz, oso polita eta goxoa baita. Eta ez zaitezte kezkatu, haurrak bere homoestasiari jarraituz, bere beharren arabera, eskatuko dizue ohetik ateratzea, bere espazioa eskatzen joango baita.