Alex Barandiaran | MUko HUHEZIko irakaslea, Hazitegiko koordinatzailea
JELOSKORTASUNA
Seme zaharrena jeloskor samar ibili da alaba txikia jaio zenetik, baina azkenaldian oso denboraldi ona darama. Aurreko astean, ordea, egun batetik bestera jarrera aldatu du. Ttikia gaixorik egon den egunekin kointziditu du, agian arreta gehiago eskaini diogulako hari. Nola lortu oreka, gaixorik dagoenari behar duena eman eta bestearen jeloskortasuna ez sortzeko?
JELOSKOR JARTZEA EZ DA JARRERA KONTU BAT. Jeloskor jartzen gara atxikimendu jokabidea aktibatzen zaigunean. Horrek esan nahi du jeloskortasuna atxikimendua bezalako jokabide-sistemaren baitan ulertu beharko genukeela. Umeen artean maiz gertatzen da gurasoak bera ez den ume batekin harreman “hurbilean”, kontaktuzkoan sartzen direnean, gurasoen arreta eskuratzeko estrategia desberdinak erabiltzea. Nolabait esateko erreakzio instintibo bat da umearentzat garrantzitsuenak diren pertsonek beste pertsona batzuekin (kasu honetan umea) duten jokabidearen aurrean. Ez da soilik gerta-tzen seme-alaba nagusiak txikiarekiko norabide horretan, alderantziz ere gertatzen da: txikia jeloskor agertu ahal da bere presentzian nagusiak gurasoekin kontaktu handiko egoera bat duenean. Ez larritu bada hori gertatzen bada.
Naturala izaki, umeari jokabide hori aktibatzen zaionean lehenengo gauza da egoera ulertzea eta ez umea errefusatzea. Jokabide horren desaktibazioa gurasoen esku dago, hau da, esango genuke berari egin behar zaiola kasu. Ume bakoitzak gurasoen arreta modu ezberdinean deituko du eta eskaera horri erantzuna eman behar diote gurasoek. Beste modu batera esanda, umea kasu horretan segurtasun gabezia handian sar daiteke eta segurtasuna eman ahal dion pertsona bakarra bere gurasoa izango da.
Zaila da jeloskor jartzea ekiditea umearen presentzian gertatzen denean bederen, nahiz eta ume askok erreprimitu dezaketen, sentipena hor egongo da. Umearen arabera aktibazio maila handiagoa edo txikiagoa izan daiteke baina ez gara inor libratzen, ezta helduaroan ere. Jeloskor jartzen garenean intseguru gaude eta bilatzen dugun gauza bakarra berriro seguru sentitzea da, hori baita pertsonontzako beharrik primarioena. Beraz, zuen kasuan, gaixo dagoena atenditu eta bestea ere bai.
SOZIALIZAZIOA
Familian eta eskolan umea zeharo desberdin portatzen da. Familia giroan, edo auzoan, ume irekia da, alaia, eta jolastia. Eskolan, ordea, kosta egiten zaio taldean parte-hartzea eta lagunak egitea. Zer gerta daiteke? Nola lagundu diezaiokegu?
TESTUINGURUA EZBERDINA DEN HEINEAN normala da desberdin portatzea. Familia testuingurua segurua da (ez kasu guztietan) eta seguru sentitzen denean irekiago dago besteekin harremanean. Seguru gaude gertatuko dena aurreikusi ahal dugunean, hori da klabea. Eskolan berriz, gerta daiteke hainbeste umeren artean intseguruago sentitzea ezin baititu aurreikusi hainbat umeren jokabideak eta horrek eraman ahal du ez hain irekia azaltzea. Gainera bertan gertatzen dena ez dago hain bere esku, eskakizun batzuei aurre egin behar die, nahi edo ez berak hautatu ez dituen beste batzuekin interakzioa izan behar du eta horrek denbora behar du. Izan konfiantza eta bere prozesua onartu, edozein ume bezala, besteekin adiskidetasuna eraikitzeko ahalmena baitu. Adiskidetze horrek batez ere garrantzia hartuko du Lehen Hezkun-tzatik aurrera, Haur Hezkuntzan ez baita hain nabarmena talde sentimendua. Umeak berezko “adimena” du harreman sozialerako, horretarako eginak gaude, gure sena da eta zenbat eta seguruago egon orduan eta irekiagoa egongo da harremanetara.
Umearekin larregi ez kezkatzea eta den horretan onar-tzea abiapuntu egokia da. Gure kezkek umean eragin dezakete, beraiek bizitzen duten horren gaineko interpretazioa gurasoen begien bidez, alegia, gurasoek ikusten dutenaren bidez egiten dutelako.
JAIOBERRIA ETXEAN
Guraso izatear gaude. Oinarrizko zer gai izan behar ditugu etxean umearen garapenerako giro aproposa sortzeko?
GALDERA BERA HAIN ZEHATZA ez denez, “gai” horiek zeri erreferentzia egiten dioten argi ez dudanez, erantzuna, modu laburrean, umearen beharren inguruan emango dut.
Behar fisiologikoez aparte, umearen behar garrantzitsuenetariko bat da segurtasuna izatea berak duen edozein beharren aurrean helduon partetik erantzun egokia jasoko duela. Bera den bezalakoa onartzen duen helduak behar ditu, ez ordea bera den hori aintzat hartu gabe, ume ideal bat buruan duten helduak eta umea ideal horretara bultzatzen dutenak. Mundura datorren une beretik umearen helburua heldu batekin harreman esanguratsu segurua eraikitzea da. Horretarako, heldu sentikorra behar du, umea bera den horretan erakusten duen hori ulertzen saiatzen dena. Norbera bere zilborrean dagoenean ezin du bestea ikusi, bestea ikusteko, umea ikusteko, begirada umearengan egon behar da. “Zer adierazten ari da bere jokabidearekin?” galdetu diezaiokegu geure buruari, eta segidan, “Gure erantzunak zer eragin izan du berarengan?”. Horrek emango digu pista geure jokabidearekin jarraitzeko edo aldatzeko. Harremana etengabeko elkarrekintzan oinarritzen da.
Beste behar garrantzitsua da bere ingurunea deskubri-tzea. Horretarako helduak testuinguru aberats bat eskaini behar dio espazio eta materialei dagokionez. Gauza da pentsatzea: “Eskaintzen diodanak zer deskubritzeko aukera ematen dio?” Baina baldintza bat dago aurretik: hain zuzen, umea baretasunean egotea. Hori da lehenik lortu beharrekoa.
Bestalde, umearen erritmoak, mundu ikuskera, bizitzeko modua helduokiko ezberdinak direla onartuta, bere horretan errespetatzea ezinbestekoa da.
Bukatzeko, azpimarratu nahiko nuke umearen garapena harremanean ematen dela eta bizi duen oro, gurasoekin eraikitzen duen harremanak tindatzen duela, horrek baldintzatuko ditu bere bizipenak loarekin, janarekin, objektuekin dituen harremanekin, besteekin dituen harremanekin, bere ongizatearekin...