Nerea Mendizabal | Psikopedagogoa
LOTARA JOAN NAHI EZ
Semeak ez du bere orduan lotara joan nahi izaten. Hurrengo goizean nekatuta egon arren, gaua etortzean badirudi berpiztu egiten dela eta ez du oheratu nahi izaten gauerdia jo arte. Guri beranduegi dela iruditzen zaigu, bere lo orduak betetzea garrantzitsua dela. Zer egin genezake ordutegiak errespetatu ditzan?
DATU GEHIAGO BEHARKO GENITUZKE kasuan kasu aztertzeko. Denok ezagutzen ditugun aholkuez gain (lotara bultzatuko gaituen giroari lotuta daudenak), gerta daiteke familia batzuetan, egunez gurasoekin edo gurasoetako batekin egoteko aukera asko ez bada egon, beharrezkoa duen txutea jaso nahi izatea. Kasu horretan, deskan-tsua ziurtatzea bezain garrantzitsua litzateke, honakoa ere kontuan hartzea: gurasoekin egotean jasotzen duen gozamena, plazera eta segurtasuna asetzeko premiari erreparatzea.
Beste batzuetan, lokartzeko duen erritmoa errespetatuz, bere fasea pasa dela konturatzen bagara, hurrengo lo fasea etorri arte itxarotea baino askoz gehiago ez zaigu geratzen. Hau da, haurra 20:00etan logale dela ikusten badut eta orduan pijama, afari eta abarrekin hasten banaiz, berpiztu egiten da haurra, eta hurrengo logale-egoera etorri arte ez dago zer egin handirik, aktibatuta gaudenean ezin baikaitu loak hartu. Kasu horrek, 20:00etarako lokartzeko behar ditugun gauzak eginak izatea eskatuko luke.
KASKETAK PUBLIKOAN
Gure umeak izugarrizko kasketak harrapatzen ditu. Etxean gaudenean bere horretan aska dezan errazago uzten diogu, baina leku publikoetan gaudenean, edo lagunartean, edo erosketak egiten ari garen bitartean... sekulako lotsa sentitzen dugu, mundu guztia begira gelditzen baitzaigu, eta gu zer egin ez dakigula. Besteek ere nolabait epaitu egiten gaituztela sentitzen dugu, haurrari egoki portatzen erakutsi ez bagenio bezala. Zer egin dezakegu kasketa horiek lasaitzeko, batik bat kalean gaudenean?
KASKETA BERE BARRUAN DUENA ASKATZEKO modu osasuntsu bat da eta haurrak ez du denboraren eta lekuaren nozioaz jabetzeko gaitasunik. Guztiz emozionala da, eta horregatik ez du pentsatzen ea hori gurasoentzat egokia edo erosoa den. Jarraiak diren kasketen aurrean hausnarketa egitea lagungarri da, haurrari gehiegizkoa egiten ari zaion zerbait azaltzeko adierazle bat izan daitekelako: aldaketa esanguratsuren bat bizitzen ari den, bere erritmoa behartzen ari garen… Sarritan pieza aldaketa bat lagungarri gerta daiteke. Eta guretzat deserosoa den leku batean gertatzen denean, egoerak muturrera ez eramateko aldez aurretik neurriak hartu baditzaket, hobeto. Ezin izan dudanean ezer egin eta gutxien gustatzen zaidan lekuan gertatzen zaigunean, emozio hori kontrolatzen saiatzea ez da lagungarri izaten, eta, gainera, ez da erraza suertatzen. Beraz, 3 modu izan ditzakegu egoera horiei aurre egiteko: besteak gure hezitzeko moduan izan dezaketen iritziak guri ez eragiteko lanketa egitea; ahal dugun bezala kasketa horri entzutea; eta, azkenik, haurra goxotasunez eta firme besoetan hartu eta esatea “asko haserratzen zaitu honek, eta haserre hori dena entzun nahi dizut baina leku seguru batean. Hara joango gara”, eta etxera edo segurua den leku batera eramatea haurra.
ETXERATZEKO ORDUA
Alaba nerabeak lagunekin atera nahi du gauez. Orain festak dira han eta hemen, eta ez dakigu neurria nola hartu. Gainera, bere lagunei oso berandu arte gelditzen uzten diete, eta bera da bakarra goiz etorri behar dena etxera bueltan. Nola kudeatu egoera alabarekin gatazkarik sortu gabe?
ETXERATZEKO ORDUA gurasook geure irizpide eta desioekin soilik jartzen dugunean, amets ilusorioa litzateke gatazkarik gabe kudeatzea. Modu horretan gatazka ziurtatuta dago eta, nerabe askorentzat ordutegi hori ez betetzea tentagarria bilakatzen da. Gainera, ausartuko nintzateke esatera sarritan gure arteko erlazioa birrintzera eramango gaituela horrelako egoera batek.
Orain bizitzen ari zareten gatazka aukera polita litzateke zuen barrenean kezkatzen zaituzten hori guztia entzuteko, jarri nahi diozuen ordutegi hori betetzeak zuei mugi-
tzen dizuen horretaz jabetzeko. Ondoren alabari ordutegia jartzea eta bere lagunen desberdin izateak suposatzen dionaz ohartu (alabarekiko enpatia izan) eta hortik elkarrizketa bat bilatuz, mahai gainean jarri ditzakezue elkarren premia horiek zaintzeko modu edo estrategia desberdinak.
Etxera itzultzeko ordutegia negoziatzerakoan 2:00etan edo 4:00etan izango den borrokatu ordez, gure alabaren eta gure benetako arrazoiak zaindu edo asetzearen bidetik joango den ordutegi baten bila joan gaitezke.