Juanjo Quintela | Psikologoa

HITZ EGITEN IKASTEAZ

Gure alabak bi urteak paseak ditu eta ez du hitzik egiten. Badakigu haur bakoitzak bere erritmoak dituela eta erritmo horiek errespetatu behar direla. Baina jakin nahiko genuke noiz arte itxaron dezakegun atzerapenen bat dagoela pentsatzen hasteko?

BETI EGITEN ZAIT ZAILA haurren hazierarekin edota garapenarekin lotuta horrelako formatoan egindako galderei erantzutea. Are eta zailagoa da kontsulta horiek egonezina erakusten dutenean, kezkatuta dauden guraso horiei begietara begiratu ezin zaienean, eta idatzizko hitz batzuen bidez baino sentitu ezin direnean.

Norbaitek galdetzen badu ea noiz arte itxaron behar duen atzerapen bat egon daitekeela pentsatzen hasteko, horrek esan nahi du jada ez dela itxaroten ari, baizik eta atzerapen bat egon daitekeela pentsatzen duela.

Eta guraso bat kezkatzen hasten denean, nola esaten zaio lasai egoteko eta ez arduratzeko? Eskubiderik ere ba ote dugu ez dadila kezkatu esateko? Arduratuta egotea erreakzio logikoa da. Sarri, zorionez, neurriz gaindiko erreakzioa izan ohi da; baina edozein modutara, erreakzio logikoa.

Horrelako kasu baten aurrean, gainera, aita edo ama batek ikusten badu, bere alabaren antzeko adineko beste haur batzuk etengabe hizketa lardaskatzen ari direla, nahiz eta askotan ez ulertu zer esaten duten, zentzuzkoa dirudi norbere haurrarekin arazoren bat ote dagoen pentsatzen hastea.

Lehen urrats gisa, uste dut gomendagarria izan litekeela pediatrarengana joatea. Hizketan ikastea eragoz dezaketen desgaitasun fisikorik egon daitekeen edo ez jakitea komeni da. Ez du zertan ezer larria izan. Adibidez, behin eta berriz errepikatutako otitis-kasuek —nahiko ohikoa izaten da haurretan—, momentu jakin batean gauza asko azal ditzakete.  

Baina, demagun pediatria-azterketa bat egiten zaiola haurrari eta ez dela hitz egitearekin loturik egon daitekeen arazo organikorik agertzen. Kasu horretan, kezkatu behar ote genuke?

Galderan, “eta ez du hitzik egiten”,  esaldia irakurtzean duda bat sortzen zait: esaldi horrek haurraren egoera modu zehatzean deskribatzen du edota gauzak esateko modu jakin bat da? Burutik pasatzen zaidana da ez ote den gurasoek “nire haurrak ez du ezer jaten” esaten duenean gertatzen den antzerakoa gertatzen. Bistakoa da, bigarren kasu horretan gauzak adierazteko modua besterik ez dela. Izan ere, haur batek ezer jaten ez badu, hil egiten da. Esaldi horrek, ziur asko, haurraren elikaduraren gainean gurasoek duten ikuspegia eta sentimendua islatzen ditu, baita eurei nola gustatuko litzaiekeen umeak jatea ere. Baina, objektiboak izateko ahalegina eginez gero eta egun arrunt batean zer gertatzen den behatzen saiatuz gero, guraso horiek konturatuko lirateke haurrak lehenik hau eta gero hura jan duela, eta hurrena beste hori… akaso, jateko oso modu kaotikoa izango da, eta agian desesperagarri samarra ere bai, baina ia seguru, haurrak elikadura-beharrak aseta izango ditu. Gainon-tzean, nola azal genezake ume hori akigabe korrika eta jolasean aritzea?

Arazo organikorik ez duen bi urteko neskato batek, etenik gabe hitz egiten du, edo behintzat hitzak lardaskatzen ditu (nahiz eta guretzat ulerkaitza izan esaten duena) eta lardaska horretan ezagutzen ditugun hitzak ere egon ohi dira. Zenbat? Arazoa orain ez da hori, baizik eta “ez du hitzik egiten” esaten dugula guztiz egia izan gabe.

Gerta liteke, gure egonezinaren eraginez erdi-behartuta haurrari hitza ateratzen saiatzen bagara, umeak defen-tsarako mututasunarekin erreakzionatzea. Ez du zertan horrelakorik gertatu gure kasuan, baina behintzat gure buruari galdera hori egin behar genioke.

Era berean, gure buruari galdetu behar genioke alabarekin hitz egiten dugunean guk esaten diogun hori ulertzen ote duen. Esaten diogun hori ulertzen badu, hizkuntza, bere barne-konplexutasun osoan, organizatzen ari dela esan nahi du. Kasu horretan, gertatzen den bakarra da organizazio hori guztia ez dela azaleratzen.

Umeak keinuen, mimiken bidez adierazten denean… ondo komunikatzen da? Erraz ulertzen al da zer esan nahi duen?

Moduren batera edo bestera esan nahi duena adierazteko gai bada, horrek esan nahi du “keinuen gramatika” moduko bat erabiltzen duela eta oraindik ez duela nahikoa erreflexu hizketarako.

Baina, ume horrek zerbait keinuen bidez adierazten duenean, eta amak, aitak, aitonak, amonak… zerbait hori ulertzen diotenean, presaka erantzuten diote? Zertarako hitz egingo du jada ulertu badiote? Zertarako bilatuko ditu adierazi nahi duena azaltzeko hitzak, baldin eta dagoeneko bere beharra aseta badu?  

Badakigu haurrak hitzak erabiltzen hasteko arrazoietako bat dela hizkuntza orain arteko komunikazio-bideak baino ekonomikoagoa eta eraginkorragoa dela konturatzea… Eta gure alabaren kasuan hala gertatzen ez bada? Kontua ez da bere eskariari kasurik ez egitea zerbait esaten duen arte, baizik eta presarik ez izatea eta bere eskaeraren edota gurekin partekatu nahi duen horren inguruan haurrak esan nahi digun guztia entzuteko denbora hartzea da. Haurrak bekain bat altxa duenerako zurrupakia ahora ematen badiogu, sobera izango ditu hitzak.  

Ona da galderak egitea. Erantzun on bat aurkitzeko modurik onena galdera asko egitea da. Baina ez naiz luzatuko.

Galdera bat gehiago bakarrik. Egokia izan liteke, nahiz eta ez dakidan kasu honetan hala den edo ez, hurrengo galdera egitea: neskato hau hizkuntza bakarrarekin ari da hazten edota bi hizkuntza edo gehiagoko ingurune linguistikoan bizi da? Datu garrantzitsua da. Elebiduna edo eleanizduna izatearen onurak eztabaidaezinak diren arren, badakigu ikaskuntzaren hasieran bi hizkuntzen artetik ikasten dituen hitzen batura, adin bereko haur elebakarrak eskuratzen dituen hitz kopuruaren berbera dela. Denbora batez, beraz, bi hizkuntza ikasten ari den haurraren kasuan hizkuntza bakoitzaren ulermena eta erabilera motelagoa da, ingurune elebakar batean hizketan ikasten ari den haurrekin alderatuta.

Eta azkenerako utzi dut zuek zeuok galderan bertan aipatu duzuen hori: haur bakoitzak bere erritmoak dituela eta erritmo horiek errespetatu behar direla.

Burura datorkit bere ilobak ez “ama”, ez “aita” eta ez ezer esaten ez zekiela zioen emakume baten esana. Ume hark esan zuen lehen hitza, gutxi gorabehera, bi urterekin esan omen zuen: “igogailu” hitza, hain justu.  

Camilo izeneko ume bat ere badatorkit burura. 1923an Vigoko jesuiten ikastetxetik kanporatu egin zuten ume hura. Handik urte batzuetara berak adierazi bezala, “zazpi urte nituen eta ez nekien irakurtzen eta idazten, eta ez zirudien inoiz ikasiko nuenik ere”. Ume hura Camilo Jose Cela zen. 1989an Literaturako Nobel Saria jaso zuen.