Alex Barandiaran | MUko HUHEZIko irakaslea, Hazitegiko koordinatzailea
LAGUNARTEA ETA IZAERA PROPIOA
Gure semeak orain arte antzerkia izan du gogoko, mozorrotu eta etxekooi antzezlanak egitea, irudimen handiko haurra baita. 10 urte bete ditu orain, eta badirudi ikasgelako gainerako kideen zaletasun berdinak izan nahi dituela: orain ez du antzerkiaz ezer jakin nahi, orain futbola omen du gustuko, eta inoiz interesik sortu ez dioten bideo-jokoak eskatzen hasi da. Kezkatzen gaitu bere nortasun propioari uko egiten ari ote den, besteek onar dezaten. Nola landu dezakegu kontua berarekin?
HEMENDIK AURRERA LAGUNARTEAK GARRANTZIA HANDIA hartuko du eta hori oso normala da, edozein umek egin behar duen prozesua da; lagunartean onartua izan nahi du eta horretarako bere estrategiak erabiliko ditu. Besteengandik onartua izatea, pertsonak duen behar primarionetarikoa da, bere biziraupenarekin zerikusia duena. Umeak egiten duen guztiak besteengan duen eragina antzematen du eta ikasi egiten du zein modutara besteek onartzen duten, hala jokatu duenean besteen onarpena izan duelako. Oso inkontzientea da eta zaila maneiatzeko umearen kasuan (beno, gure kasuan ere…). Gure garaian be esaten ziguten “eta zure lagunek bere burua errekara botatzen badute, zer egingo duzu zuk, bota?”, bada, hain muturrera joan gabe, lagunarteak egiten dituen gauza asko egiten genituen.
Nolabait esateko umea hortik pasa behar da eta zuen partetik behar duena da hori onartzea. Hori bizi behar du eta esperientzia horietatik bere ondorioak atera. Helduon papera da beraien ondoan egotea. Horrek ez du esan nahi gure iritzia botako ez dugunik edo proposamen ezberdinak egingo ez diegunik, baina beraiek sentitu behar dute onartzen ditugula nahiz eta ez gustatu, presionatzen ez ditugula. Gure seme-alabek halakoak egiten ikusten ditugunean erraiak mugitzen zaizkigu, gugan berezkoa den guraso jokabidea aktibatzen zaigu eta horrek eramaten gaitu gure kumea babestera, beraz, erronka potoloa dugu aurrean.
ORDENAGAILUA ETA TELEBISTA
Gomendatuko al zenizkidake adinez adin egokiak diren telebista-programak edo bideoak, edo ordenagailuko programak? Haien nahiak asetzen dituzten heinean zein diren osasungarriak (edo behintzat ez-kaltegarriak) eta egokiak?
UMEEK JOLASTEN ETA ESPERIMENTATZEN pasa beharko lukete denborarik gehiena nire ustetan, hor eraikitzen da umearen mundu aberatsena, ez telebista, bideo edota ordenagailu baten aurrean. Oso tramankulu pasiboak dira, umeek irentsi egiten dute etortzen zaien guztia, filtrorik gabe. Tartean izaten dira sistemak salmentarako erabiltzen dituen eredu hain desegokiak. Baina gizakia eraiki egiten da eginez, ez soilik behatuz. Gauza da gaur egunean telebista, ordenagailua eta bideoa gure bizitzaren parte direla eta oso zaila egiten zaigula beraiek gabe bizitzea.
Bada, onartzen badugu etxean izango ditugula, telebista eta bideoei dagokionez marrazki bizidunak gomendatuko nituzke, batez ere umearen barne mundua proiektatzeko aukera ematen duten horiek. Ez naiz aditua eta ezin zehaztasunez ezer zehatzik esan. Banaka aztertu beharko lirateke eta ikusi zer ematen duten aditzera. Halere, lehenengo 7 urteetan, ez nuke ordenagailu programarik aholkatuko, uste dut ez dagoela beharrik. Ondoren jokoenak izan daitezke.
Halere, berriro diot zenbat eta gutxiago hobe, zenbat eta gehiago lagunekin jokoan aritu hobe.
ZELOAK
Bigarren umea izan berri dugu. Zaharrenak ondo onartu du txikia, asko arduratzen da berataz eta etengabe ematen dizkio mimoak. Aldiz nirekin, amarekin, haserre dagoela dirudi, eta purrustadaka erantzuten dit txikia etorri denetik. Izan ere, ni txikiaren pendienteago nago, eta orain aita da batik bat berataz arduratzen dena. Jeloskor egon daiteke? Horrela bada, nola lagundu diezaioket?
JELOSKOR UME GUZTIAK EGOTEN DIRA, nahiz eta modu ezberdinetan adierazi. Denon umeek izan dituzte zeloak eta izango dituzte. Jeloskor egotea saihestezina da,
zerikusia du berez aktibatzen zaigun atxikimendu jokabidearekin. Noiz aktibatzen zaigu? Gure erreferentziazko pertsona beste batekin afektu adierazpenean antzematen dugunean. Umearen kasuan gurasoak izan daitezke eta gure kasuan, adibidez, gure bikotea. Umeen kasuan nagusia txikiaren jeloskor izango da eta alderantziz.
Ekidin daiteke? Bada, berezkoa dugunez, ez. Lagundu? Bai, ume bakoitzak bere harreman pribilegiatua behar du bere gurasoekin, hau da, ama berarentzako bakarrik behar du zure umeak. Berarentzako ama berea da, ez beste inorena. Oraindik ezin du egoera bere
osotasunean ulertu eta azalpenek ez diote balio.
Noski ezin diozu hori beti eskaini, baina bai tarte ba-tzuetan.
MUNDU IMAJINARIOA BEREIZTEN
Gure 6 urteko semeak, telebista oso gogoko du 2 urte zituenetik. Telebista aurrean dagoenean honek xurgatzen duela dirudi, ez du entzuten, ez du kaso egiten... guztiz hipnotizatuta gelditzen da. Horrez gain, irudimen handiko haurra da. Telebista eta ordenagailuak aurkezten dioten mundu imajinario hori eta errealitatea banatzen jakingo ote duen da gure kezka. Aditu zaren aldetik, zer iritzi duzu honetaz?
ERREALITATEA ETA IMAJINARIOA bereizteko ez da egoten arazorik. Orain, garapen osoari begira jarrita, irudimenak eskaintzen dion hori kideekin partekatzeak lagunduko dio forma ematen, kokatzen, errealitatera ekartzen eta aurrera egiten. Imajinarioan eraikitzen dugun hori partekatzeko eta negoziatzeko espazioak izatea garrantzitsua da umearentzako. Bide oso egokia jolasa da, jolasean umeak proiektatzen du bere barne mundua eta aldi berean beste umeekin negoziatu behar du etengabe jolasean jarraitu nahi baldin badu
behintzat.