NOLAKO HAUR-ESKOLA
Hurrengo ikasturtean haurra haur-eskolan hasiko da urtebeterekin. Herriko haur-eskolen artean, edo guk lan egiten dugun herrikoaren artean zalantzak ditugu, eta jakin nahiko genuke zer ezaugarritan fijatu behar dugun haur eskola bakoitzaren kalitatea ikusteko…
HAUR-ESKOLA umearen errespetuan oinarritzen bada, ume bakoitzaren erritmoak benetan errespetatzen baditu, egoki-tzapen aldi malgua eskaintzen badu, irakasleak sentikorrak badira, umearekin maitekorrak, eskolak malgutasuna erakusten badu, zuen presentzia bertan, geletan egotea gomendatzen badu, umearen ongizatea lehenesten badu edozeren aurretik, esperimentazioa eta jolasa badira bere zutabe, haur-eskolak kalitate duina izango du.
PENTSAMENDU LOGIKOA
2 urteko alaba daukagu, eta saiatzen gara gauzak azaltzen, baina askotan uste dugu ez gaituela ulertzen, eta egiten dituen gauzak espontaneoki ateratzen zaizkiola, pentsatu gabe (gauzak botatzea adibidez). Zein adinekin hasten dira haurrak gauzak ulertzen, pentsatzen, ideiak erretenitzen?
2 URTEKO UMEAREN GARAIA ez da pentsamendu logikoarena, arrazonamenduarena, hausnartzearena. Gauzak bere beharren arabera egiten ditu, atera egiten zaizkio, ez da lehenik pentsatu eta gero egitearen garaia. Hori bai, bizitzen duen ororekin egiten ditu loturak, gizaki bezala gaitasun hori dugulako, hau da, asoziatzeko, lotzeko gauzak, bizipenak, gertakariak euren artean. Haurtzaroa pentsamendu magikoaren garaia da, pentsamendu mitikoarena, 7-8tik aurrera etorriko da pentsamendu arrazional baina konkretuaren garaia. Orokorrean esanda noski, ume bakoitzaren garapen prozesua ezberdina delako. Ez pentsa umea gu bezalakoa denik baina oso txikian, ez, umea pertsona da baina ezaugarri zehatzak dituen garaia bizitzen ari da. Ez eskatu pentsatzea, berak bere gorputzarekin eta emozioekin bizi du bizitza, orainean, ez guk bezala, eta hori onartu beharra daukagu, ez saiatu umea aldatzen.
EGO-A
3 urteko semea oso agintaria dela esaten digute eskolan, bere aginduetara izaten dituela beste haurrak (etxean ere hala dela ikusten dugu baina nahiko ondo kudeatzen dugu). Ez dakigu adin kontua den eta pasako zaion, edo izaera kontuan den... baina beldurtzen gaitu semea hain autoritarioa izateak.
ADIN HORRETAN EGOZENTRISMOAN daude (ez dira egoistak, hori helduok gara) eta bere nahiak bere modura eta nahi dutenean bete nahi dituzte, hori da joera orokorra. Ez du esan nahi autoritarioa denik eta ez du esan nahi testuinguruaren eta momentuaren arabera hori mugatu behar ez dugunik. Umeak bere mugak zeintzuk diren deskubrituko du bere parekoekin eta helduekin harremanetan. Aintzat hartu umearen jokabidea ehuneko handi batean inkontzientea dela, bere barneak agintzen diona egiten duela. Ez inoiz, bada, errudun senti arazi, bere jokabidea bizitakoaren eta bizitzen ari denaren erantzuna delako. Pentsatu umea izaki naturala dela eta osasuntsuki garatzeko joera naturala duela.
HAZIERA-KORRONTEAK
Haurdun egonik liburu asko ari gara irakurtzen hazierari buruz. Oro har, bi korronte ikusi ditugu: batetik gurasoetan zentratuak, eta haurrak erritmo horietara egokitzeko gida-liburuak. Besteak haurretan zentratuak, baina gaur eguneko errealitatean aplika-tzeko zailak (gurasoen lan-ordutegiengatik, adibidez). Korronte batetik eta bestetik, zer gomendatuko zenukete? Zer izan behar dugu oso kontuan haur txikien hazieran?
UMEAREN BEHARRAK une oro izan behar dira presente, eta ahalik eta ondoen erantzun behar dira. Baina horrek ez du esan nahi gurasoen egoerak okerrera egin behar duenik. Gurasoak ondo ez baldin badaude, era batera edo bestera umeari iritsiko zaio eragina. Ondo ez dagoen gurasoarentzat zailagoa da umearen beharra identifikatzea eta egoki erantzutea.
Oreka ez da erraza, eta are gehiago, familia guztiek ez dute oreka puntu berean aurkitzen. Familia bakoitzak egin beharko luke bere behar, egoera, eta baldintzen hausnarketa. Beti ere umearen garapena harremanean gertatzen da eta horrek esan nahi du elkar ezagutza prozesu bat ematen dela. Umea ezagutzeko umea “begiratu” behar da, umea den hori, ez gustatuko litzaigukeena edo izan beharko litzatekeena. Umea den hori errespetatzen badugu, garapen aldi horretan dagoen pertsona dela pentsatzen badugu, berak “bidea” erakutsiko digu. Izango dugun harreman esangura-tsuena izango den hori bizitzako abentura zoragarria bilakatuko da.
LOTSA
6 urte ditu gure semeak eta oso lotsatia da. Sarritan ohartzen gara gustatuko li-tzaizkiokeen gauzak egin gabe gelditzen dela lotsagatik (beste haur batzuekin jolastea, adibidez). Ez dakigu emozio hori nola kudeatu... bere horretan berak gainditu dezan utzi, edo bultzatu lotsa hori gainditzera... gomendiorik?
AGIAN EZ DA LOTSA DUENA, bai ordea onartua izango ez denaren beldurra. Umeak gaitasuna dauka gertatu daitekeena aurreikusteko eta ikusten badu beste umeekin jolasean hasten bada errefusatua izan daitekeela, esperientzia hori ekiditeko ahaleginak egingo ditu. Segurtasuna da behar duena, beldurrak ekintza eten egiten duelako eta segurtasunak ekiteko indarra ematen duelako. Ezberdintasuna nabaria da, edo ekin-tzara pasa edo ez. Errespetatu umearen prozesua, norberak onartzen badu, umeak errazago onartuko duelako bere burua eta ez duelako bere burua behartuko. Pertsonak behartuta ikusten duenean bere burua, horrek mina ematen dio. Izan konfiantza berarengan eta segurtasuna eman, ez dezala sentitu urduritzen zaretela, senti dezala hor ere onartzen duzuela, beste umeekin jolasten ez duenean ere.