Nerea Mendizabal | Psikopedagogoa eta Komunikazio Ez-Bortitzean aditua
Dolua
5 urteko semea gaizki pasatzen ari da aitonaren heriotzean. Triste egoteko eskubidea aitortzen diogu, baina pena ematen digu haurra hain gaizki ikusteak. Hitz egiten saiatzen gara, baina ez da gai, eta haserrekor dago… Zer egin genezake?
HAURRA HORRELA ikusteak sortzen dizuen pena ulertzen dut. Era berean, gure emozio honen atzean “hobe izango litzateke hain gaizki ez pasatzea” egon daiteke. Aitonarekiko sentitzen duena kanporatzeko modua topatzen ari da eta hau prozesatzen aritzeari “gaizki pasatzen ari da” deitzen diogula ohartu gaitezke. Emozioak eta bizipenak horrela interpretatzen ditugunean inkontzienteki egoera hori aldatu nahi izaten dugu eta mezu hori iritsi dakioke, nahiz eta horrela egoteko eskubidea duela pentsatu. Hitz egin gabe ere transmititu dezakegu dagoen bezala ondo dagoela eta berarekin egoten jarraitzen dugula, bere tristurarekin eta bere haserrearekin. Horri benetako lekua egiten zaionean, aldatzeko intentziorik gabe, emozio horiek bere bidea egingo dute. Hitza jartzen duzuenean, ez duzue berak hitz egin dezan lortu beharrik. Hari ikusezina ipuinak lagundu diezazueke.
Beti eskean
Gure 7 urteko semeak besteek daukaten guztia eduki nahi du eta etengabe eskean daukagu. Eroste kontu horrekin nahiko zorrotzak gara gurasoak eta azalpenak ematen saiatzen gara, baina berak gaizki darama inbidiaren gaia. Ez dakigu inbidia hori nola kudeatu.
BAI, GAIZKI ikusia dago inbidiaren kontua eta prentsa txarra dauka. Arazoa ez da inbidia izatea, ezta etengabe eskatzea ere, horrekin zer egiten dugun baizik. Hau da, inbidiaren kudeaketa. Poztu zaitezkete, zer nahi duen, bere iparrararen norantza garbi duela ikusteaz eta eskatzen jakiteaz. Hori baliozkotzeak zuen semearekiko begirada gustagarriagora eramango zaituzte. Erosiko ez duzuen horretan azalpen motzak eta argiak izatea gomendatuko nuke, luzatu gabe. Helburua ez da berak ulertu, onartu eta lasai geratzea. Ulertuko balu ere, ezetzaren frustrazioa bizitzea egokituko zaio eta hori da zuek jaso dezakezuena. Bere frustrazioa onartu, ulertu eta goxotasunez sustengatzen jakiteak euste handiagoa ekarriko dizue eta berarentzat ere ikasgai bat izango da. Horrekin batera, bere desioen zerrenda jasotzen joan zaitezkete, bere nahiak posible direnean betetzen joateko. Horrela, bereak ere axola duela biziko du eta aitortza sentituko du.
Nekea
6 hilabeteko haurra daukagu, eta bikotekidea eta biok leher eginda gaude, nekeak ez digu uzten espero bezala gozatzen. Saiatzen gara atseden hartzen, baina, hala ere, zaila egiten zaigu. Zer egin dezakegu?
ERREALITATEA DA haur baten zaintzak nekea ekartzea. Gaur egungo familia egiturak eta lan baldintzek ez dute batere laguntzen. Bizitza aldatuko zitzaigula jakinekoa bazen ere, sarritan aldapa gora gerta dakiguke. Aldi berean, bakoitzaren eta familiaren ongizaterako oinarrizko aspektuak daude eta deskantsua horietako bat da. Saiatzea ez da nahikoa. Ekintza errealetara jauzia egitea premiazkoa da: lehentasunak ezarri, deskantsua bilatzeko moduak ireki, laguntza eskatu, babes sare bat eraiki... Deskantsu fisikoaz gain, zainketa emozionala eta mentala ere ezinbestekoa izango da (auto-exijentzia, frustrazioa, bakardadea, erruak…). Eguneroko dutxa bezala, horri guztiari espazioa eta lanketa eskaintzeak egoera berdinak modu desberdinean eramaten lagundu dezake. Kontu hau ez da negoziagarria. Hala ere, denbora pasako da eta baldintzak samurtuko dira. Orain, denbora hori zerekin elikatuko duzuen erabakitzea garrantzitsua izango da.
Komunikazioa
13 urteko alabarekin ez dut asmatzen komunikatzen. DBHra pasa eta beste herri batera ikastera joan zenetik, ia ez dit hitz egiten eta umore txartuta egoten da… Aitarekin hobeto eta lagunekin gustura ikusten dut. Baina nik ez dut berarekin konektatzen asmatzen… Klabe berriak behar ditut eta ez dakit nondik jo.
ORAIN ARTEKO lotura apurtu eta bere bidea egiteko distantzia hartzeko garaian, lagunak, alderdi sozialak, indar handia hartuko du eta aitak hori errepresentatzen du. Erraza da horrelako egoera bat gaitzespenaren zauritik bizitzea eta beraz, aukera interesgarria duzu alabaren jokaera eta jarrerak nondik bizi nahi dituzun arakatzeko. Zure buruko pantailan sortu ditzakezun pelikulak neutralizatu eta arnasa hartu. Horrez gain, kontuan izan gure hitz egiteko modua leihoa edo harresia izan daitekeela eta horretan ere doitu gaitezkeela. Hala ere, konektatzeko modu berrien inguruan, hitzen atzean jartzen dugun intentzioak eta barne begiradak zerikusi handia izango dute. Hortik irtengo diren xehetasunak, jarrerak edo hitzak beste nolakotasun bat izango baitute. Praktika esanguratsua izan daitezke, hitz egin nahi ez izatearekin konektatzea, goxotasun, ulerkortasun eta bihotz berotasunez jasoz. Izan konfiantza, ateak irekita daudenean, momentua denean itzuliko da.