Nerea Mendizabal | Psikopedagogoa eta Komunizakio Ez-Bortitzean aditua
8 URTE
Gure 8 urteko haurra jarrera txarrak hartzen hasi da, erantzun txarrak, eskatutakoa ez egiten… bere bi lagunen gurasoek ere antzekoa kontatu digute. Adinari dagokion zerbait ote da? Zeren uste genuen adin-tarte hau lasaia izan ohi zela...
ADIN-TARTE hori lasaiagoa izan ohi dela jakiteak ez du esan nahi erantzun txarrik ez egotea eta eskatutakoa egin nahi ez izatea. Helduok ere, sarritan, haurren pare erantzun dezakegu.
Adinari loturiko ezaugarria izan ala ez, ez du esan nahi eskuak gurutzatuta geldituko garenik. Jokaera edo jarrera horien aurrean, kuriositatea piztu dezakegu eskatzen ari garenak berari zer suposatzen dion ikertzeko, nola bizi duen ikusteko edo etxetik kanpo ere esperimentatzen ari denak izan dezakeen eragina aztertzeko. Jarrera horien atzean dagoen arrazoia aurkitzeko lagungarri egin dakizueke enpatia. Horrekin batera, mugak jartzeko egoerak baldin badira ere, bera aldarrikatzen ari daitekeenari ere lekua egin eta bereak ere axola digula helarazteak kolaboraziorako ateak ireki ditzake.
HAURRAREN IZAERA INDARTSUA
Gure 6 urteko haurrak izaera handia dauka, eta bera ongi
dagoenean denok gaude ongi eta bera haserre dagoenean, denok gaude haserre. Zaila da orekari eustea. Izaera hori aldatzen da?
Kudeatzen eta kontrolatzen laguntzen saiatzen gara. Ondo ari gara?
OHIKOA ZAIGU besteen emozioekin kutsatzea, espageti baten moduan nahasten gara. Gure emozioak kudeatzen ez dakigunez, bestearenak aldatzen saiatzen gara. Gureak zailak egiten baldin bazaizkigu, bestearenak kontrolatzea, korapilatsuago izateaz gain, ez dagokigu. Batetik, ez dago nire esku. Bestetik, emozioak kanporatzea behar du. Eta, azkenik, kanpotik norbait aldatzera badatorkigu defentsiban jartzen gara. Haurraren haserrearen edo egonezinaren aurrean, geuregan aktibatzen dena sentitzeko baimena har dezakegu, besteen emozioei ere "bai" esanaz, arnasa hartuz eta distantzia hartuz. Egoera horietan, gure barne bakeari eusteko estrategiak edo baliabideak izatea eraginkorragoa iruditzen zait, haurraren emozioak kontrolatzea lortu behar izatea baino. Hortik, haurrari ere bere emozioetarako baliabideak topatzen lagundu diezaiokegu. Eta batez ere, emozioen kudeaketan geure eredua ere izango du.
AMAREN EXIJENTZIAK
Hezitzailea naiz urte askoan, eta orain, 4 eta 8 urteko seme-alaben guraso naizen honetan, konturatzen naiz saiatzen naizela heziketan ditudan idealetara iristen eta asko exijitzen diot neure buruari. Badakit ez dagoela perfekziorik, baina batzuetan iruditzen zait informazioak ez didala uzten natural jokatzen nire seme-alabekin. Nola has naiteke hain exijentea ez izaten?
ASKO IDENTIFIKATU gaitezke diozunarekin. Ikasteko, eboluzionatzeko eta gauzak ongi egiteko desioa, gure eta besteen kontra etor dakiguke. Nahiz eta arrazionalki hori guztia ulertu, barruko alderdi bat etengabe zorroztasunez aritzeko eta begiratzeko joerarekin agertzen zaigu. Beraz, lehendabizi, gure alderdi exijentearekin bihotz-beroak izaten has gaitezke. Perfekziorik ez dago, edo perfektuak gara gure inperfekzioekin. Eta exijentziaren alderdia gure alde inperfektua izan daiteke. Hori onartzea eta ulertzea izan daiteke lehenengo pausoa. Alderdi hori etengabe lanean ibil daiteke, beharbada, gauzak ondo eginaz ikasi baitu baliotsua izatean bere onarpena edo begirunea eskuratzen. Izan daiteke segurtasuna bilatu nahi izatea ere, gauzak kontrolpean eduki nahi izatea… Ideia horiek kuestionatzea eta uste berriak sortzea eta elikatzea izan daiteke egin dezakegun bide berrietako bat. Amarik eta aitarik ahaltsuenak gara ezer lortu beharrik izan gabe, ezer demostratu gabe. Sinetsi nahi duzu?
GELAKO HARREMANAK
Gure 10 urteko haurraren gelan, haurrak askotan joka eta modu txarrean erlazionatzen dira. Hainbat gurasok esku-hartze bat egiteko beharra ikusi dugu. Baina, batetik, konturatu gara gurasoen artean ere ez dagoela harreman ona, eta bestetik, ez gara esku-hartzea egiteko gai sentitzen. Tutoreak ere giro zaila nabarmentzen du, baina ez digu ezer egiteko aukera handirik eman. Zer egin genezake gurasook haurren gelako giroa eta harremanak hobetzeko?
ZEINEN ERRAZ esaten diegun gure seme- alabei harremanetan tratu onak izan behar dituztela eta zenbat kostatzen zaigun guri! Ispilu ederra jartzen digute haurrek, guk ere ikasteko ditugun alderdiak zeharka ditzagun. Egoera korapilatsuak aurkezten zaizkigu eta nire esperientzian, gurasook sartzen garenean, gehiago korapilatu ohi dugu egoera. Ikasleei haien artean etsai modura ikusten dituztenekin berdintasun harremana lantzeko aukera aurkezten zaie eta guri, gurasooi ere (seme- alaben gurasoekin, bikotearekin edo bikote ohiarekin, gure anai-arrebekin…). Gure hitzekin esaten dugunarekin baino gehiago, gure pentsamenduarekin edo jarrerekin eragin handiagoa izaten dugu. Beraz, gure harremanetan garbitu eta elikatu dezakegun guztia izango da eskaini dezakegun ekarpenik zintzoena eta ederrena. Horrekin batera, umiltasunez, gure mugak eta zailtasunak onartzeak, eta guk ere, haiek bezala, ikasteko duguna aitortzeak, on egin diezaieke. Itsasontzi berean eta elkarrekin begirunezko erlazioak eraikitzen joan gaitezke.