Nerea Mendizabal | Piskopedagogoa eta Komunikazio Ez-bortitzean aditua
BESTEEN MUGAK
Beste guraso batzuen umeek gure ustez mugak falta dituzte une jakin batzuetan. Une horietan gu haiekin baldin bagaude, egokia al da guk beharrezkoak ikusten ditugun mugak jartzea?
GAI HONEK luzerako emango liguke. Mugak, guretzako garrantzitsuak diren alderdiak zaintzeko hartzen diren neurri, ekintza edo baldintza bezala ikusten ditut. Hortik segurtasuna, errespetua, zaintza, aintzat hartua izatea, laguntza, enpatia… bermatzeko erabiliko baldin baditugu, horiek ulertzeko eta asetzeko moduetan aniztasuna izango dugu.
Horrekin batera, batzuei kosta egiten zaigu jasangaitza zaigunaren aurrean mugak jartzea eta beste gurasoak jartzea gustatuko litzaiguke, guri ez dagokigula argudiatuz. Asko erraztuko liguke denok berdin ikustea eta guraso bakoitza arduratsu eta kontzienteki aritzea uneoro. Baina hori ez da errealitatea izango. Beraz, esku-hartzea beharrezkoa ikusten dugun egoeratan, mugak gure beharrak bermatzeko intentziotik jarri ditzakegu, ez haurra hezteko edo horren gurasoak kritikatzeko energiatik (besteak gaizki ari direnaren konbentzimendutik).
JELOSKOR
Gure 7 urteko haurrak ez zuen jelosiarik izan anaia jaio zenean, eta orain hasi da harekiko zeloak erakusten. Adibidez, orain hasi da lokartzeko berarekin egon gaitezen eskatzen, edo denbora esklusiboa eskatzen… Normala al da?
HELDUON ANAI-ARREBA edo bikote harremanetan bizitzen diren jelosiak, adinak zerikusirik ez duela erakusten digu. Jeloskortasuna bizitzen duen pertsonak intseguritatea, beldurra edo egonezina senti dezake. Axola ote duen, besteak baino gehiago edo gutxiago ote den pentsatzeak astindua eragin diezaioke eta besteen bizitzan zein leku okupatzen duen konfirmatu nahian ibil daiteke. Hori horrela izanik, barne mugimendu hori dagoenean, kanporatzeak bideratzeko aukerak emango dizkigu.
Ekintza eta detaile zehatzek elikatuko dute bere segurtasuna. Bere eskaerei erantzuteko aukera baduzue, eman une hori gozatuz. Emateko gogo edo aukera izan edo ez, nola helarazi diezaiokezue baliotsua dela eta zuen barruan leku berezia okupatzen duela? Bakarkako denbora eta kontaktua oso lagungarri izaten dira.
LAGUNAK
Gure 12 urteko alabak ez du lagun taldean tokia aurkitzen. Txikitatik mutil zein neskekin ibili izan da, duela pare bat urtetatik neskekin ibiltzen da, baina inoiz ez du lagun minik izan, eta beti azkena gelditzen da lagunartean... Bera ongi ikusten dugu, baina konturatzen gara adiskidetasun estuaren esperientzia ez dela ari bizitzen...
GURE SEME-ALABEN lagunarteko erlazioak gurasoak asko mugiarazten gaitu, gure bizipenak ere nahasten baitzaizkigu. Hortik bereizi eta beharrezkoa zaigunean geurea birkokatzeak, bidelagun prozesuan gutxiago kutsatzeko aukerak ekarriko dizkigu. Bera ongi ikustea da datu garrantzitsuena. “Izan beharko lukeenak” baldintzatu ohi gaitu. Beharbada, adiskidetasun estuaren esperientzia ez da orain arte bizi izan duena, baina egokitzeko gaitasuna, irekitasuna, atxikimendua askatzea, harreman desberdinetan mugitzeak eman dion ikasgaia da daramana. Alaba entzun eta enpatiaren bidez bere esperientzia nolakoa izaten ari den ikusteaz gain, dituen ezaugarriak eta kualitateak aitortu eta bere ibilbidea egiteko behar duen guztia duela sentitzeak eta konfiantza izateak lagun diezaguke gurasooi dagokigun lekuan edo moduan egoten. Behar duen horretan, gertuko laguntza konplizea ematearekin, guraso erlazio estuaren esperientzia landuko genuke. Horixe izango litzateke gure esku egon daitekeena, gainerakoa ez baitago gure esku.
KASURIK EZ
6 urteko alabari eskatutakoa egiteko behin eta berriro errepikatu behar izaten diogu. Ulertzen dugu jolasean murgiltzea helduok eskatutakoari kasu egitea baino
tentagarriagoa zaiola, baina egoera nekagarria suertatzen zaigu. Nola joka dezakegu?
BEHIN ETA BERRIZ errepikatzen jartzen garenean, bermatu nahi ditugun hainbat kontuen aldarria izan ohi dugu jokoan. Ondoren, “kasurik ez egitearen” ustearekin sumintzen gara, haurraren asmoak ez duenean horrekin zerikusirik. Haurrak jolasa, plazera sentitzea eta momentuko bere nahietan murgiltzea bilatzen du, eta hori sintoma osasuntsua da. Beraz, haurrari zentzurik edo gogorik ez duen zerbait eskatzen diodanean, errepika asko egotearen arazoa ez da haurrak kasurik ez egitea, helduak errepikatzen jarraitzea baizik. Egitea nahi dugun horri jolas, dibertsio edo erraztasun kutsua jartzerik bagenu, bizitzari kolorea jartzeaz gain, kolaboraziorako osagaia jarriko genioke. Testuinguru horretan ez gaudenean, mugak irmo eta goxo jartzea izango litzateke gelditzen zaigun aukera, amuarrainak xukatu ez daitezen. Horretarako, gure erdigunetik irteten ari garela adieraziko diguten barne seinaleak ezagutzea lagungarri egingo zaigu, ahal izanez gero, eztandarik gabe erantzuteko.