Nerea Mendizabal | Psikopedagogoa eta Komunikazio Ez-Bortitzean aditua

GAUEKO ORDUTEGIA

15 urteko semearen lagunartean gauez ateratzen hasi dira eta guraso guztiok ez diegu etxera itzultzeko ordu bera jartzen. Besteak gehiago gelditzen diren argudioa darabil gure semeak, baina guk muga batzuk jartzea egoki ikusten dugu. Zein “pilula” gomendatuko zeniguke egoera kudeatzeko?

GEHIENOK ERABILI izan dugun argudioa ez da iraungitzen, kar, kar, kar… Gure erreferentzia edo mugak ezartzearekin segurtasuna, babesa eta eustea eskaintzen diegu gure seme-alabei. Orain, behar dutena ez da ordu jakin batean itzuli behar izatea edo denok ados egon behar izatea. Familia edo guraso bakoitzak bere erreferentziak izango ditu eta horiek familien eta gurasoen beharren zerbitzura egongo direnez, horietan ondo sustraitzeak gu sendo egotea ahalbidetu dezake, besteek desberdin eginagatik edo gure seme-alabei gustatu ez izanagatik. Horrek, seme-alaben desadostasuna baimentzea eta horretarako prestatzea eskatzen du. Horrela, mugak irmo eta atsegin jartzea posible izango da. Haien errealitatea edo desioak kontuan hartuta ezartzeaz gain, haien jokaerarekin edo jarrerekin ez baldintzatzea gomendatuko nuke. Hau da, ordutegia baino haragoko jokaerek edo jarrerek aparteko trataera eskatuko lukete. 


LISKARRAK ARROPAGATIK

Goizero liskarra izaten dugu semearekin, beti txandal bera jantzi nahi duelako, “mutil handiek entrenamendurako” janzten dutenaren antzekoa baita. Gomendiorik baduzu umea hobeto ulertzeko eta goizetako liskarrak saihesteko?

MUTIL HANDI izan nahi izatea zoragarria da, eta etapa honetan, arroparen kontuarekin hori islatzen egotea aukera bat litzateke. Beste momentu batzuetan, duen adina baino txikiago izatera jokatu izan dezake, momentuko beharren arabera. Beraiek zerbaitekin “tematzen” direnean, sarritan, gure iritziekin eta lortu nahi dugunarekin “tematzen gara”, gure argudioak azalduz berak uler dezan. Momentuan dituzuen aukera eta irizpideekin hartutako erabakiekin ez duzue berak hori ulertu dezan ahuldu beharrik. Honekin batera, bera ulertzeko desioa duzuenez, berarentzat arropa honek duen garrantziaz jabetzen zaretela azaldu diezaiokezue. Zuen hipotesi hau, berarekin partekatu dezakezue. Hala balitz, arroparekin itxura hori zaintzeko izan ditzakezuen aukera errealak baloratu. Hau posible ez den egoeratan, zuen ezetzak beregan sortarazten duen erresistentzia kontenitu eta aparteko momentuetan, bere heltze prozesuan itxura baino haratago dituen ezaugarrietan jarri dezakezue begirada. 


AHIZPEN ARTEKO INBIDIAK


Orain arte gure bi alabak oso ondo moldatu dira elkarrekin eta biak ibili izan dira zaharrenaren lagunekin. Orain, ordea, 8 eta 11 urte dituzte eta zaharrenak nahiago du ahizpa gabe ibili lagunekin. Gazteenak inbidia sentitzen du eta erasokor dago. Nola lagundu diezaiokegu gazteenari egoera hobeto kudeatzen?

GARAI BATEAN eramangarri izan denak edo funtzionatu duenak ez du esan nahi betirako izango denik. Txikienari egoera berrira egokitzeko prozesuan pizten zaizkion emozioetan edo erantzunetan laguntzerakoan, ohikoa izaten zaigu bere bizipena aldarazi edo bestearen arrazoiak ulertarazi nahi izatea. Eta horrek, orokorrean gehiago korapilatzen edo urruntzen gaitu.  Sentitzen duena sentitzeko baimena ematea eta bidelagun agertzea babes interesgarria izan daiteke berarentzat. Momentu honetan gustuko ez duen errealitatea onartzea eskatzen du. Orain arte izan duena eta une honetan ez duena askatzearekin batera, egoera berrira moldatzeko dituen gaitasunak deskubritzeak lagundu diezaioke. Guk berarekiko konfiantza agertzea, guri lasaitasuna emateaz gain, berarentzat arnas gunea izan daiteke. Eta azkenik, bestearengan ikusten duena beregan topatzeko edo berak ere eskuratzeko modu desberdinetan zentratzeak ate berriak ireki diezazkioke. 


ETXERAKO LANAK

LH2n daukagu ume zaharrena. Etxerako lanekin etortzen denean, segituan hasten da esaten matematikak ez zaizkiola gustatzen; bera txarra dela... Paperean eragiketa (gure ustez) oso zailak ekarri izan ditu, bera ez dugu prest eta interesarekin ikusten lanak bere kasa egin ditzan (irakasleari esan diogu), baina ez ditu egin gabe eraman nahi... Nola kudeatu dezakegu etxeko harremana bere autoestimua zainduz, baina era berean, matematiketan lagunduz? (Laguntza behar duela ikusten dugu...)

IKASKETA ESANGURATSUAK izateko, ariketa konplexuetarako garunak dituen gaitasun zehatzak aktibatuta egotea eta interesa izatea beharrezkoa da. Eta denok ez ditugu ez erritmo ez interes berberak izaten. Irakaslearekin ariketak bere gaitasunetara egokitzearen aukera baloratu dezakezue. Bere buruarekiko konfiantza indartzeko, matematiketan beharrezko ditugun gaitasunak berak non azaltzen dituen erreskatatzeaz gain, bere balioa emaitzetik eta besteen konparaketatik kanpo aterako nuke.  Ariketak eginda eraman nahi izatearen arrazoia ulertzekoa da eta gurasook laguntzeko intentzioa izaten dugu. Baina beste heldu baten inplikazioa aproposagoa eta eraginkorragoa suertatu ohi da. Horrek, gaiak seme-alabekin ditugun momentuak ez kutsatzea ekar dezake.