Nerea Mendizabal | Psikopedagogoa eta Komunikazio Ez-Bortitzean aditua

BIDAIATZERA

Gure 16 urteko alabak motxila hartu eta Europan zehar bidaiatzera joan nahi duela esan digu. Guraso gisa beldurtuta nago. Zer egin dezaket nire beldurra lantzeko eta nire beldurrez haratago erabaki zuzena hartzeko?

ERABAKI ZUZENA hartzeko presio handia izan dezakegu, baina ez dago erabaki zuzen edo okerrik, gaurko erabakiak baizik. Gaur dakidanarekin, uste dudanarekin, sentitzen dudanarekin eta kontuan hartu nahi ditudan alderdiekin hartutako erabaki kontzientea izan daiteke. Ondo edo gaizki  joango denaren, asmatu edo ez izanaren irizpidea ez nuke lehenetsiko. Akatsak egiteko baimena aldarrikatu nahi dut, bai guk, bai gure seme-alabek. Aukera hori bizitzen utzi edo ez, ez dugu ezer galduko, esperientzian irabaziko dugu. Norberak bere beldurrak kudeatzen ikastea, adibidez. Horretarako, sentitzen dugun hori baimenduz has gaitezke. Beldurra entzun, arnastu, besarkatu eta horri eskutik helduta norbere segurtasuna eta konfiantza non oinarrituta eraiki nahi dugun sortzea izan daiteke gure bidea. Eta hori, alabak azaltzen duen autokonfiantza, autonomia gose, askatasun eta bizitzeko irrika aitortuz egin dezakegu, emaitzak baldintzatu gabe.


HARREMAN SANOAK

8 urteko alabaren lagunartean taldean modu sanoan ibiltzeko zailtasunak ikusten ditugu, bikoteka jarri eta gainerakoak baztertzeko joera ikusten dugulako. Zer esplikazio eduki dezake joera horrek?  

BERDINEN ARTEKO harremanek, parekideekin non eta nola kokatzen garen ikusteko eta ikasteko balio dezakete. Pertsona batzuek, edo etapa batzuetan, erlazio estuagoak edo intimoagoak bizitzea eta lantzea behar dute, eta hori bikoteka errazago ahalbidetzen da. Hori bilatzen dutenean, beharbada ez dakite besteei nola adierazi, eta egiten duten moduan, besteak baztertzen ari direla interpreta dezakegu. Aukera ederrak aurkezten zaizkigu, “ez” esan nahi dugunean nola adierazi dezakegun praktikatzeko, edo “ez”  esaten digutenean bestea esan nahian dabilena zer den ulertzeko, eta bazterketa gisa ez bizitzeko. Sarritan sufrimendu edo zatarkeria moduan bizi ohi dugu, eta hasiera polita da jarrera horrek izan dezakeen argibidea jakin-minetik arakatzea. Talde dinamiketan zer mugitzen zaien aztertzea ere interesgarria izan daiteke. 


TRATU TXARRAK

Etxean tratu txarrak ikusi dituzte seme-alabek lehenengo aldiz. Nola hitz egin dezaket beraiekin nik neronek gainditu edo saihestu ezin dudan gaia izanik?

TRATU TXARRA, kalte edo min fisiko, mental edo emozionala eragiten duen jokabide bortitzari deituko nioke, forma edo intentsitatean desberdintasuna egonagatik ere. Beraz, zuen etxean orain bizitakoa lehen aldia dela diozunean, estiloaz edo intentsitateaz ariko zara, bestelakoak egunerokoan non-nahi bizi baititzakegu. Interesgarria izango litzateke gertatutakoa zein kontaketarekin integratzen duzun ikustea. Oso erraza da onak eta txarrak, erasotzaileak eta biktimak eta errudunak bilatu nahi izatea. Horrek ez digu inori onik egiten eta hitzekin edo hitzik gabe, seme-alabek arnastuko dute. Gizakiok, bai mina egiten dugunean eta baita jasotzen dugunean ere —garrantzitsuak zaizkigun alderdiak zaindu nahian— modu eraginkorragorik ez dugulako topatzen egiten dugu horrela, eta horrek modu traketsetara, mingarrietara edo zoritxarrera eramaten gaitu. Bizitakoa ikusi, zeharkatu eta hortik begirune eta tratu onaren inguruan izan dezakegun ikasgaia barneratzeko aukera gisa ikus dezakezue. Etsaien betaurrekoak jarri gabe egiteko gonbitea luzatzen dizuet. 


ODOLARI IZUA

Odolarekiko izugarrizko izua dauka gure 11 urteko alabak eta edozein zauri ikusita panikoa sortzen dio. Nola lagundu diezaiokegu beldur hori gainditzen?

BELDUR, ANTSIETATE edo izuak, arrazionalak edo irrazionalak izan, gure bizitzan presente daude, eta batzuek beste batzuek baino gehiago baldintzatzen gaituzte. Gure joera beldur horiek ezabatzen saiatzea eta gailentzen laguntzea izan ohi da (era leun batetik bortxatzeraino). Guraso gisa, lehenengo urratsa, “beldurra kentzeko gogoa” alboratzea izango litzateke, desagertzeko jartzen dugun indarrak, beldur horren intentsitatea areagotzen baitu. Sarritan, beldurraren atzean dagoen mezua ez badugu entzuten eta ulertzen, egoera okertu besterik ez dugu egingo. Beldurrak, gure bizitzan betebehar bat du (gainerako emozioen modura). Ulertzea kostatzen baldin bazaigu ere, beldurraren atzean beti dago gure ongizateaz eta segurtasunaz arduratuta dagoen alderdi bat eta besterik bilatu ezean, blokeatu, itxi edo babestuko dena. Hori ezagutzeko, jakin-minaren ateak ireki ditzakegu, baina alabaren erritmoa eta motibazioak errespetatuz, bere jarrera eta jokaeren inguruko enpatia dosi handiekin.