Nerea Mendizabal | Psikopedagogoa eta Komunikazio Ez-Bortitzean aditua

MUGAK

7 urteko alabak datorren urtean eskolaz kanpoko jarduera askotan eman nahi du izena, lagunak joango direlako. Guk muga bat jarri diogu: astean bi egun libre, baina berak ez du ulertzen. Guk gure muga mantendu beharko genuke hori argi ikusten badugu, ezta?

BAI, GURASOON fantasiatako bat da mugak jartzea eta haurrak ulertu eta lasai gelditu beharko lukeela pentsatzea. Berak ez du ulertu edo ados egon beharrik. Janari batzuen dosia mugatzen dugun bezala, eskolaz kanpoko jarduera dosi altuek haurren jolas librea, mugimendua, deskantsua, patxada, etab. ez dute zaintzen. Muga jartzerakoan fokua horietan jartzea gomendatuko nizueke eta ez “gauza gehiegi dituzu, besteek egiten duten guztia ez daukazu egin beharrik”. Horrekin batera, mugak irmo jarriagatik haurraren bizipena jaso eta ulertzea guri dagokigu, eta ez da bere ardura gu ulertzea. Enpatia haurraren esperientzia nolakoa izaten ari den sumatzea litzateke: “Lagunak joatea eta zu ezin joateak amorratzen zaitu, beharbada tarte horretan bakarrik geldituko zarelako? Edo zerbait galtzen duzun sentsazioa izan dezakezu?”. Ondoren hori ere axola zaigula eta egoera nola zaindu dezakegun aztertu genezake berarekin batera.


UNE ZAILAK

Datorren ikasturtean eskolako gelak nahastu egingo dituzte eta talde berriak egin. 8 urteko gure alabari ez zaio bere gertuko lagunekin tokatu eta oso urduri dago. Nola lagundu diezaiokegu?

BERE EGONEZINA ulertzea, baimentzea eta horrekin bidea egiten laguntzea ikasgai polita izan daiteke guztiontzat. Horretarako, egoera horrekin guri pizten zaigunari arreta jar diezaiokegu. Haurrek gaizki pasatzearekin edo sufritzearekin sufritzen dugu. Gure ondoeza, kezka, egonezina besarkatu eta seme-alabekiko, bizitzarekiko edo geurekiko konfiantza landu dezakegu. Berak egoera honi aurre egiteko behar duen guztia dauka, nahiz eta horrek ez duen esan nahi erraz egingo duenik. Adimena, indarra eta maitasuna ditu, horietatik datozkigun potentzialitate guztiak bere gorenean ez baldin baditu ere. Horiek indartzeko aukerak irekiko zaizkio egoera honekin. Seme-alabak bere buruarekiko konfiantza indartzeko biderik zuzenena gu haiekin fidatzen garenean etorriko da. Hortik aurrera, enpatia dosiak eta egoerari aurre egiteko estrategiak topatzen laguntzea izan daiteke gurasook eskain dezakeguna. Eta, batez ere, urduritasuna eta beldurrak kentzen saiatzea baino, horiek besarkatzen ikastea. 


NEKEA

3 urteko umearekin arratsalde osoa kalean gustura ibili ondoren, etxean sartu orduko neke guztia etortzen zaio eta hortik aurrerako guztia ezezkoa da. Egoera horretan kateatzen gara egunero eta ez dakigu nola atera. Nola aska dezakegu korapiloa?

HAURRAK EGUNEKO bizipen guztiak liseritzen nahiko lan izaten du eta pilatu dituenak bideratzeko konfiantzazko pertsonekin eta gune seguru batean topatzen denean egin ohi du. Ateratzeko duena ateratzea ez da arazoa. Aldiz, gu ere minimoetan iristen bagara etxera eta gure ametsa haurrak giro goxo eta atsegin batean kolaboratzea bada, frustrazioa, ezina eta desesperazioa bermatuak izango ditugu. Beraz, gertatzen ari den hori gertatu daitekeela onartu, baimendu eta gure espektatibak errealitatera egokitzea izan daiteke lehen pausua. 
Bestetik, eguneko erritmo eta eskakizunak ere berrikus ditzakegu, bai gure kargak eta presioak, eta  baita haurrari zuzentzen dizkiogunak ere. Era horretan, baldintza hobeagoetan iristeko aukera izango dugu. Eta, momentuan bertan, lehentasunak jartzeaz gain, ezezko, negar eta kolaborazio ezaren inguruan gure buruak eraikiko dituen ipuin ezkor eta tragikoak askatu beharko genituzke. Arnastu, edo familia deskargarako guneak antolatu ditzakegu, korapiloa askatu ondoren errazago topatuko baitugu bidea.  


MUGAK

4 urteko semeak arin jotzen du, pixka bat haserretzea nahikoa du, edonori jotzeko. Saiatzen gara haserrea edo amorrua beste modu batera bidera ditzan, baina oraingoz ez dugu lortzen. Nola lagundu haserrea beste inori minik egin gabe bideratzen? 

GURE HASERREA bideratzen ikastea denon ikasgaia dugu. Batzuek gorde egiten dugu haserrea (geure buruari tratu txarra emanez) eta beste batzuek, modu trakets edo mingarrian ateratzen dute (tratu mingarria besteentzat). Zein harremanetan eta zein modutara ari gara jotzen, bultzatzen, hozkadak egiten helduok? Edo, zein momentutan ez naiz neure burua adierazten edo defendatzen ari? Zer moduz umiltasunetik onartzen badugu helduok ere ikasteko dugula eta elkarrekin joan gaitezkeela ikasten?
Semeak jotzen duen momentua egoera kritikoa da denontzat eta ez ditugu baldintzarik errazenak izango. Errepikatu daitekeenez, aurrez presta ditzakegu gure erantzun eta erreakzioak; gure haurrak lagunari egin dion moduan, guk ere semeari mingarri suerta dakizkiokeen gauzak egin baitiezazkiokegu. 
Ondoren, gure barealdirako errekurtsoak topa ditzakegu eta haurrarekin gaiari heldu nahiko bagenio, bere jokaera traketsa izan bada ere, jokaera hori ulertu, zer esan nahi izan duen ikusi eta beste zein modu erabil ditzakeen topatzen lagundu diezaiokegu.