Alexander Barandiaran MUko HUHEZIko irakaslea, Hazitegiko koordinatzailea
LOAREKIN ARAZOAK
Gure 6 urteko alaba lotarako arazoak izaten hasi da (bazeramatzan hiru urte gau osoa lo egiten). Egunean zehar pozik ikusten dugu, baina ez dakigu lotarakoan (oheratzean ere urduri jartzen da) dituen larritasun horiek nondik etor daitezkeen, garapenari dagokion, lagunekiko harremanak intentsitate handiagoz bizitzen hasteari dagokion, etxekoa den… Nola lagundu?
HALAKOETAN INTERESGARRIA izaten da azkenaldian umearen bizitzan eman diren aldaketei erreparatzea. Suposa dezagun Lehen Mailara pasa dela. Igarobide guztietan pertsona guztiok behar izaten dugu denbora bat egoera berrira egokitzeko. Are gehiago, igarobideak egunean bertan izan ahal ditugu hainbat aldiz, testuinguru batetik beste batera pasatzen garenean adibidez. Prozesu horiek ez dira berdinak denontzat, bakoitzak bere erritmora igarotzen ditu eta beti ezberdin. Helduok eta umeak modu ezberdinean bizitzen ditugu igarobideak, azken finean umeek ez dituzte oraindik garatu guk bezainbeste egoerei aurre egiteko gaitasunak. Umeen kasuan, ikerketek esaten dutenaren arabera, Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzara izaten den igarobidea prozesu konplexua da eta asko zaindu beharrekoa, kasu askotan aldaketa oso nabaria delako. Prozesu horretan beldurra eta antsietatea azaleratzen badira, gerta daiteke loan eragitea. Bestalde, Lehen Hezkuntzan lagunak gero eta garrantzia handiago hartzen hasten dira eta harreman horietan gertatzen denak are eta pisu handiagoa hartzen du. Etxean gertatu diren beste aldaketa batzuk ere eragina izan dezakete umearen segurtasun mailan eta horrek loan eragina izan dezake. Pentsa dezakegu lo hartzeko eta lo irauteko pertsona seguru sentitu behar dela, beraz umea urduri sentitzen baduzue, seinale seguru ez dela sentitzen. Askotan esan dudan moduan, segurtasuna helduak transmititzen dio umeari eta horretarako garrantzitsua da norbera ere seguru sentitzea. Norbera bere buruarekin ondo eta bare egotea da bestea laguntzeko modua. Umearen prozesua laguntzeko, berak azaleratzen duena (urduritasuna, kezka, beldurra, haserrea…) jaso dezakegu eta gure presentziarekin segurtasuna transmititu, hor jarri gure intentzioa.
Gerta daiteke umea ametsgaiztoekin ibiltzea, adibidez, heriotzarekin bueltaka dabilelako, galerarekin ezbaian edo gerta daiteke beste zerbaitek eragitea. Ziur berandu baino lehen aurkituko duzuela erantzuna.
HAURRIDE ZAHARRENA
Gure alaba zaharrenak 5 urte ditu, bere gelakide gehienen aldean oso infantila dela ikusten dugu, lagun gehienak senide txikienak dira, eta senide zaharragoekin asko ikasi dute, handiagoen marrazkiak, youtubekoak… ikusten dituzte, jolasak ere handiagoenak dira… Zer eduki behar dugu kontuan alaba zaharrena heztean?
GURASOOK GURE umeak alderatzeko joera izaten dugu baina hori arriskutsua izan daiteke. Ez daude bi garapen prozesu berdin eta eskolak aniztasun hori jaso eta errespetatu behar du. Harremanak doituz joango dira, zuen umeak, inkontzienteki bada ere, jakingo du zer harremanek on egiten dioten eta zeintzuek ez; erabakiko du norekin egon eta norekin ez. Beti diogun moduan, ezin dugu garapen prozesua arindu edo mantsotu, errespetatu behar dugu nolakoa den, bestela eragin negatiboa izango du umearengan. Pantailak salbu, material askotarikoak eskaini ahal dizkiozue umeari berak aukera ditzan bere barne munduarekin zerikusi handiena dutenak. Ikusiko duzuenez, denbora pasa ahala, bere interes fokua aldatzen joango da, heltze prozesuaren eraginez. Umeekin presa izatea ez da bidelagun ona. Errespetatu bere izatea, ez pentsatu izan beharko lukeenaz.
MUTURREKO EMOZIOAK
Gure 4 urteko semeak ikaragarrizko jenioa du. Pozik dagoenean oso-oso pozik dago, eta haserre dagoenean oso-oso-oso haserre. Ez dakigu nondik irtengo den, eta ez dakigu, ezta ere, muturreko jarrera horiek garapenaren ezaugarri diren eta nola lagundu baretzen ikas dezan.
EZ DA SEINALE TXARRA umeak bere buruari baimena ematea bere emozioak modu askean adierazteko, nahiz eta helduon kezka iturri izan. Helduok umeen emozioen erresonantziak jasotzen ditugu eta lasaitasun osoz hartzen baditugu, askoz hobeto. Lehenengo urteetan oraindik autoerregulazio gaitasuna ez da oso handia, horregatik guk eutsi behar diogu eta estruktura eman. Helduak erregulatuko du adierazpena, adibidez haserre dagoenean, haserre hori onartuz eta leku zein material egokiak eskainiz, bere burua eta besteena ez mintzeko. Umeak bere emozioak eusten duen heldua aurrean duenean, gutxi-gutxika kanpoko erregulazio hori bere egingo du. Horretarako heldu sendoa behar du parean, izutzen ez dena, urduritzen ez dena edo bere emozioak eusten, kontenitzen dakiena, bere emozioek inbaditzen ez dutena. Gurasoekiko harremanak berebiziko garrantzia du autoerregulazio gaitasunaren garapenean, eta baita testuingurutik eskaintzen zaion gainontzekoaren kalitateak ere. Armonia horretan, heldu ahala autoerregulatzeko gaitasun gehiago erakutsiko du.
PANTAILAK
3 urteko gure haurraren gelan pantaila asko erabiltzen dugula sumatzen dugu, haurrak berak esaten digu. Etxean mugatzen saiatzen gara, telefonoa eta tableta ez dizkiogu sekula eman eta telebista oso gutxi ikusten du (30 minutu egunean) gainera ez dauka interes berezirik telebistarekiko. Nola azaldu irakasleei ez zaigula egokia iruditzen 3 urteko gelan pantailak erabiltzea ipuinak kontatzeko, kantatzeko eta abar?
PANTAILEN EZAUGARRIEK eragin hipnotikoa daukate batez ere umeengan, beraien arreta osoa erakartzen dute. Pantailaren argiak, distirak, hurbiltasunak, jarraikortasunak, mugimenduak eta koloreak, denak batuta dopaminaren (zoriontasunaren hormona esaten zaio) jarioa bultzatzen dute eta gainera modu jarraian. Horregatik geratzen dira umeak “engantxatuta”, harrapatuta. Baina horrek ondorio negatiboak izan ditzake. Adibidez, nerbio sistemaren nekea eta sumindura.
Bestalde pantailekin ez dago, jolasean bezala, bestearekin elkarrekintzarik, ez dago eraldaketarik, ez dago gorputz osoa jokoan jartzeko aukerarik, eta ondorioz, oztopo da gorputzaren eta identitatearen eraikuntzan. Azkartasuna dago, ez dago barne baretasunik, pasiboa da. Azkartasuna helduon bizitzaren zutabe bihurtu dugu eta ondorio negatiboak besterik ez ditugu jasotzen, beraz, ez diezaiegun umeei hori bera eskaini. Uste dut beraien eskubideen urraketa modu bat dela hori.
Garapenean gero eta zailtasun handiagoak azaltzen ari dira pantailen kontura, eta ez soilik umeengan. Betidanik esan dugu umeak bere sasoiak eskatzen duena bizitzea dela garrantzitsuena eta, sasoi horretan, jolastea dagokio. Jolasaren bidez eraikiko du bere burua, besteekin harremanean. Eman diezaiegun jolasari eta esperimentazioari behar duten lekua eskolan zein gizartean.