Galtzeko arriskuan daude saguzarren espezie asko, gizakion esku-hartzeagatik. Naturtzaindiako kideen helburuetako bat saguzarrei buruzko pedagogia egitea da, fama txarreko animalia horiek ekosistemaren zaintzan duten garrantzia ikusarazteko. Dibulgazioan dihardu Naiara Corcuera ingurumen hezitzaileak.

Euskal Herrian bizi diren 27 saguzar espezieei buruzko lehendabiziko liburuxka argitaratu du berriki Naturtzaindiak (webgunean eskura daiteke bertsio digitala: www. naturtzaindia.com). Horietako asko saguzar espezie mehatxatuen zerrenda gorrian daude, euren babeslekuak suntsitu baititu gizakiak. Kontzientzia piztu nahi du Naiara Corcuerak.

Zergatik ikasi saguzarrei buruz? Zergatik jakin beharko genuke gehiago saguzarrei buruz?

Hasteko, oso talde ezezaguna delako. Munduan 1.400 saguzar espezie daude, ugaztunen artean espezie aniztasun handiena duen bigarren taldea da. Baina era berean, espezie honen populazio egoeraz oso jakintza mugatua daukagu, eta horien ikerketan eta kontserbazioan asko dago sakontzeko oraindik ere. Euskal Herrian bertan, 27 espezie ditugu. Saguzarrek funtzio garrantzitsua daukate ekosistemaren barruan, eta hori oso garrantzitsua da ekosistemaren parte garen guztiontzat: intsektuen populazioa kontrolatzen dute. Horregatik eta beste arrazoi askorengatik, garrantzitsua da espezie honen kontserAHALDUNTZE ESKOLA bazioa. Bioaniztasunaren beste elementuekin egiten dugun moduan —txoriak, loreak, landareak eta abar—, komeni da saguzarren alde lan egitea. Saguzar espezie asko desagertzeko arriskuan daude, batez ere giza jardueren ondorioz. Beraz, horri buelta emateko ardura daukagu.

Ekosistema beraren parte gara gu eta saguzarrak, baina jabetzen al gara?

Gu gaur egun hirietan bizi gara, baina ekosistemetatik elikatzen gara: janaria, ura eta aire garbia ekosistemetatik hartzen ditugu, esate baterako. Ekosistema osasuntsuak behar ditugu gu geu ere osasuntsu egoteko. Ekosistema horietan parte hartzen duten bioaniztasun guztiek —izan lurzoruan dagoen guztiak, landareek, animaliek…— ekosistema horietako orekari eusten laguntzen dute, eta guk behar-beharrezko dugu oreka hori sano egoteko. Horregatik guztiagatik, garrantzitsua da ekosistema horiek aberatsak izatea. Zenbat eta bioaniztasun handiagoa, hobe; zenbat eta espezie gehiago, hobe; eta genetikoki desberdinagoak baldin badira, are hobeto… Modu horretan, erresilienteagoak izango gara, eta indartsuago egongo gara kanpotik etor daitezkeen mehatxuen aurrean, hala nola, gure uztei eta basoei eragiten dieten plagen eta gaixotasunen aurrean.

Saguzarrek fama txarra daukate. Pedagogia egin behar da saguzarrei buruzko ikuskera aldatzeko?

Fama txarra dute; hasteko, gauez ibiltzen direlako eta oso ezezagunak direlako, filmak ere egin dira… Baina jatorrak ere izan daitezke, enarak bezala. Oro har, biofobia oso garatuta daukagu, oso deskonektatuta baikaude naturatik, eta edozein animalia arriskutsua eta nazkagarria iruditzen zaigu. Nik hori ikusten dut ingurumen hezkuntzan. Ume batzuk, ordea, oraindik kutsatu barik daudenez, naturara gerturatzeko eta ikertzeko sena bizirik daukate, naturarekiko sinpatia mantentzen dute, eta oso erraz pizten zaie naturarekiko eta, bereziki, saguzarrekiko interesa.

Zer-nolako baliabideak dituzue saguzarren garrantziaren pedagogia egiteko?

Gaueko ibilaldiak egiten ditugu, hizketaldi txiki batekin eta erakusketa batekin osatzen ditugunak. Erreka inguruko ibilaldi gidatuan, adibidez, eta detektagailu batzuk eramaten ditugu; aplikazio baten bitartez, ultrasoinuak entzun ditzakegu, momentuan gure inguruan zein saguzar espezie dabilen hegan detektatzeko. Orain, gida bat atera dugu. Ilustrazioen bidez, Euskal Herrian dauzkagun 27 espezieren berri ematen da, bakoitzaren ezaugarriak eta bereizgarriak jasoz. Euskal Herrian egindako lehendabiziko liburuxka da.

Zergatik daude mehatxupean? Zer ari gara gizakiok egiten saguzarrak galtzeko?

Batez ere haien habitataren degradazioagatik eta suntsiketagatik daude saguzarrak galtzeko arriskuan. Basoak soiltzea, basoetan monolaborantza intentsiboak jartzea, edo erreka bazterretako ekosistemak eraldatzea dira, era berean, saguzarrak desagertzeko arrazoi nagusiak. Laborantza intentsiboak intsektizidak erabiltzea dakar, eta, horren ondorioz, intsektuen populazioa jaistea eta beraz, saguzarrak galtzea. Horiez gain, saguzarren babeslekuetan eragiten ditugun eragozpenak, edota parke eolikoetan eta errepideetan gertatzen diren istripuak aipatuko nituzke.

Zuek zer mezu helarazi nahi diozue jendeari?

Non bizi garen eta gure ekosistema zerk osatzen duen jakin behar dugu. Azpimarratu behar da garrantzitsua dela habitatak zaintzea, bai guregatik eta baita beste espezie guztiengatik ere; daukaguna kontserbatu egin behar dugu, eta hondatu duguna berreskuratu egin behar dugu. Ezin dugu utzi desagertzen gure inguruan bizi den espezie bat; zaindu egin behar dugu, lehendabizi espezie horrengatik, baina baita gure ondorengoek ere haren onurez goza dezaten. Ezin gara gure inguruko basanimaliak nola desagertzen ari diren begira geratu, ezer gertatuko ez balitz bezala, aurreikusi gabeko ondorioak izan baititzake horrek: eskaintzen dizkiguten zerbitzuak desagertzen baldin badira (intsektuen populazioa kontrolatzea), adibidez, gure osasunean eragin zuzena izango du, bai eta gure ongizatean ere.