Santa Agedaren edo Agate Deunaren bezperako ospakizunetako ezaugarriak ezagutaraztea interesgarria da, genero indarkeria, naturaren zikloak eta haiei loturiko sinesmenak, edota tradizioa eta ahozkotasuna lantzeko parada eskaintzen baitu egunak.
Ageda Cataniakoa, 16 urterekin torturatua eta hila
235. urtean jaio zen Ageda Catanian, Sizilian. Eliza katolikoak, ortodoxoak eta anglikanoak gurtzen dute Ageda Cataniakoa. Kintziano gobernadoreak bere egin nahi izan omen zuen, baina neska gazte ederrak, ez zuen onartu gobernadorearen plazer iturri bilakatzea, elizaren arabera, bere burua birjina mantendu nahi zuelako Jesukristoren gurtzan. Kintzianok lehendabizi prostituzio-etxe batera eta ondoren kartzelara bidali omen zuen, eta han bularrak erauzi, sutan erre eta hil arte bortizki torturatu ei zuten. 251. urteko otsailaren 5ean hil zen.
Harago, ospakizunak kristautasunak baino sustrai zaharragoak ditu, eta makilarekin lurra joaz koplak kantatze horrek herri tradizioaren oihartzunak dakartza. Naturaren zikloekin bat egiten zuen gizadi baten lekukotasuna da makilekin lurra jotze hori: “Kristautasuna ezarri aurreko tradizioa ere azaltzen diegu haurrei, behin neguko solstizioa igarota, lurra esnatzeko eta berriro ere emankor izateko deia omen dago-eta koplak kantatzean lurra jotzeko ohituraren atzean”.
Euskal kultur tradizioa eta ahozkotasuna biziberritzeko parada ematen digu, era berean, Santa Ageda bezperak. Herri askotan kopla bereziak edo propioak dituzte, belaunaldiz belaunaldi transmititu direnak. Otxandion, kasurako, herriko aldaera berezi bat berreskuratu zuten eta berau kantatzen dute eskolako haurrek etxez etxe: “Aurrez herriko koplak entseatzen ditugu, ikasteko, eta Santa Ageda bezperan eskola herrira ateratzen da koplak kantatzera. Etxez etxe eskean joateko ohiturari eutsi diogu, eta etxeetan jatekoa ematen diete koplakariei: arrautzak, txorizoa, ogia, bonboiak… Hurrengo egunean, jantokiko langileak prestatuta, denon artean jaten dugu bezperan bildutakoa”.
Tradizioa arakatzeko eta berreskuratzeko ez ezik, berrasmatzeko aukera ematen dute Santa Ageda bezperako koplek. Ahozkotasuna nahiz sormena lantzeko parada eskaintzen du koplak kantatzeko ohiturak, Arzallusek egin zituenak inspirazio moduan har litezke:
Gaur egun ere bada munduan
hamaika andre martiri
behar denean ez da ordea
salbaziorik agiri
Makilak hartu, lurra kolpatu
ta egin dugu zati bi
ta makilkadak ematen gabiltz
zu niri, eta zu niri
Santa Agedaz dantza ditzagun
gure aho eta mihi
lotan dagoen gizarte baten
esnagarri izan bedi.