Maialen Oiartzun, EHU-ko irakaslea eta ikerlaria Hezkuntza zientzietan doktorea.
Doktore tesia aurkeztu berri du Maialen Oiartzunek: Irakaslerik onenak kalitatezko eskolarako: lanbiderako sarbidearen diagnostikoa eta proposamenak euskal eskola publikorako. Irakasleen sarbideari buruzko ikerketa egiteko Hezkuntza Saila, sindikatuak, zuzendaritza taldeak, unibertsitateko irakasleak eta adituak elkarrizketatu ditu eta, bereziki, Flandriako eredua aztertu du. Oiartzunen lanak agerian utzi du egungo sarbide sistema ez dela eraginkorra eta ikastetxeek autonomia gehiago izatea beharrezkoa dela.
Irakasleen sarbidea ikertu duzu zure tesian. Nolakoa da irakasleen sarbide sistema gurean?
Gure sistemak irakaskuntzaren ikuspegi oso sinple eta tekniko batean oinarritutako ezaugarriak ditu, eta kosta egiten zaigu beste zerbait irudikatzea. Kontuan izan behar dugu gaur egun ezagutzen dugun oposaketa sistema 1888. urtetik datorrela eta hezkuntza publikoan ez dugula besterik ezagutu. Itunpeko ikastetxeen eredua, berriz, arriskutsua iruditzen zaigu eta esaten dugu ez dela nahikoa objektiboa edo irakasleak bestelako irizpideak kontuan hartuta aukeratzen dituela. Argi ikusten dugu hainbat ideia ez datozela bat gaur egungo hezkuntza errealitatearekin, baina horiek gainditzea asko kostatzen ari zaigu.
Beldurraren ondorio al da horiek gainditzeko ezina?
Ezjakintasun puntu bat dagoenean eta alternatiba zein izan daitekeen ez dakigunean beldurra sentitzen dugu. Bestelako ereduak eta alternatibak ezagutzea falta zaigu. Indarrean dugun sistemari buruz ari ginela, elkarrizketetan askotan esaten zidaten ez dela perfektua izango baina, behintzat, ezagutzen ditugunen artean onena dela. Uste dut hor dagoela gakoa. Publikoa eta pribatua alderatzen ditugu eta objektiboena dela pentsatuz, publikoa egokitzat jotzen dugu, baina ez zaigu beste alternatibarik bururatzen.

Publikoa eta pribatua alderatzen ditugu eta objektiboena dela pentsatuz, publikoa egokitzat jotzen dugu, baina ez zaigu beste alternatibarik bururatzen
Objektiboena izan daiteke, baina eraginkorra al da?
Sarbide sistemarik objektiboena izateak ez du esan nahi eraginkorra denik. Etengabe entzuten ditugu zerrenda bidezko sistemarekiko, oposaketekiko edo mugikortasun handiarekiko kritikak, baina sarbidearen eta hautaketaren auzian pisu handia du objektibotasunaren ideiak. Objektibotasunak eta lanpostuak irizpide jakin batzuen arabera esleitzeak lasaitasuna ematen digu. Gustatuko litzaidake aztertzea zenbateraino den egia itunpekoetan erabaki guztiak subjektibotasunez hartzen direla
Bestalde, objektibotasuna irakaskuntzaren ikuspegi oso sinple batekin lotzen dugu. Irakasle izatea zer da? Eduki batzuk menderatzea eta ikasleei horiek helaraztea, eta hori da oposaketan erakusten duguna. Ondoren ez dago praktikaldiaren ebaluaziorik eta irakasle berri bat eskola batera iristen denean, lankidearen borondatearen esku gelditzen da laguntzarik izango duen edo ez.
Egiturak berak ere ez du asko laguntzen: irakasleek ordu gehienak klase barruan eta bakarrik pasatzen dituzte. Eta beste kontu bat da gelan ez dauden orduetan zer eta nola egiten den ikastetxean; zer-nolako harremana dagoen lankideen artean, nolako kultura dagoen, lanerako kultura den ala ez... Irakaslearen lanbidearen ikuspegi indibidualista dugu.
Tesian beste herrialde batzuetako ereduak aztertu dituzu eta “ideala” izango litzatekeena ere zehaztu duzu. Zein da eredu “ideal” hori? Zer ezaugarri ditu?
Literatura zientifikoa aztertuta, behar dugun horretara gehien gerturatuko litzatekeen eredua finkatu dut. Ikastetxe bakoitzak komunitateari eta testuinguruari ahalik eta ongien erantzuteko gaitasuna izan behar du. Horrek esan nahi du irakasle guztiek ez dutela berdin funtzionatuko ikastetxe guztietan eta badaudela ikastetxe batzuekin beste batzuekin baino hobeto lerrokatzen diren ezaugarriak.
Ikastetxeak hezkuntza proiektua garatzeko zer-nolako irakasleak beharko lituzkeen begiratu beharko genuke, eta gure ereduak ez du hori egiten. Irakasle izateko ezaugarriak ditugun ala ez begiratzen du, baina ez ikastetxe jakin bateko irakasle izateko ezaugarriak ditugun ala ez. Beste eredu horretarantz joan behar dugu, baina beldurra sortzen digu.
Ikastetxeak gaitu behar ditugu autonomia gehiago izan dezaten. Eta horrekin batera, irakaskuntzaren ikuspegi aldaketa etorriko litzateke, askoz ere profesionalagoa
Zergatik sortzen digu beldurra?
Ikastetxeen autonomia aipatzen dugunean subjektibotasunera eta kontrolik ez edukitzera goazela dirudi. Ereduak falta zaizkigulako gertatzen dela esango nuke. Autonomia maila izateak ez du esan nahi sudur puntan jartzen zaiguna kontrolik gabe egitea. Guztia ongi neurtuko duen ebaluazio sistema bat izanez gero, babestuta egongo litzateke eta irakasleak hautatzeko edo eskola bakoitzak zer-nolako profila behar duen erabakitzeko ez litzateke arazorik egongo.
Autonomia da giltza, beraz?
Bai. Ikastetxeak gaitu behar ditugu autonomia gehiago izan dezaten. Eta horrekin batera, irakaskuntzaren ikuspegi aldaketa etorriko litzateke, askoz ere profesionalagoa. Irakaskuntza oso ekintza teknikoa eta instrumentala bilakatu zaigu, aplikazio hutsera mugatzen da. Beste norbaitek zehazten digu zein diren teknikarik egokienak, zertan zentratu behar dugun eta guk hori bera aplikatzen dugu. Irakasle batek, irakasle taldeak eta ikastetxeak etengabe aldatzen ari den testuinguru bati erantzuteko behar duten elementu garrantzitsuena epai profesionala da, eta hori ez dugu nahikoa landu
Irakasleen artean galdera nagusia ‘nola’ izaten da: hau nola egin behar dut? Nola eraman behar dut hau klasera? Eta ‘zergatik’ galdetu beharko genuke. Gaitasuna izan beharko genuke erabakiak hartu ondoren horiek arrazoitzeko eta jakiteko zergatik hartu dugun bide bat eta ez beste bat, zergatik aukeratu teknika bat eta ez beste bat, zergatik eskola mailan egokiagoa den hau eta ez beste hori… Zergatia falta zaigula esango nuke.
Irakasleen artean galdera nagusia ‘nola’ izaten da: hau nola egin behar dut? Nola eraman behar dut hau klasera? Eta ‘zergatik’ galdetu beharko genuke
Aztertu dituzun eredu horien artean zein gerturatuko litzateke gehien eredu “ideal” horretara?
Gurea, oposaketan oinarritzen den sistema zentralizatu bat, ez da ohikoa Europan. Ohikoena da ikastetxeek irakasleak hautatzeko autonomia izatea eta hautaketa hori ikastetxearen beharren arabera egitea. Ideala izateko ordea, hori ez da nahikoa, beste baldintza batzuk bete behar dira. Flandriako eredua izan da gehien aztertu dudana: han ikastetxeak koloreen arabera sailkatzen dituzte. Ikastetxerik eraginkorrenak eremu berdean jartzen dituzte, lidergo oso indartsua dutelako, eta giza baliabideen kudeaketari buruz asko dakitelako. Eraginkorrak ez direnak, berriz, eremu gorrian jartzen dituzte: irakasleak hautatzen dituzte, baina ez ikastetxea bera kontuan hartuta.

Hemen itunpeko ikastetxeei edo pribatuei kritika egiten zaie irakasleak hautatzen dituztelako, baina prozedura hori ohikoa da beste herrialde batzuetan?
Termino orokorretan bai, autonomia hori badute. Baina ez dut aztertu hemengo itunpekoetan eta pribatuetan erabaki horiek nola hartzen diren. Begiratu behar da erabaki horiek nola hartzen dituzten, zer estrategia erabiltzen dituzten, nork hartzen dituen, zeren arabera hartzen dituzten eta benetan eskola kontuan hartzen duten edo ez. Eta nolako ebaluazioa egiten duten jakiteko erabaki hori zuzena izan den ala ez. Gure sistema publikoan, oposaketa gainditzean lanpostu finkoa lortzen dugu, baina eredu gehienetan lanpostu finkoa eskuratzeko 3, 4 edo 5 urte pasa behar dira eraginkorra zaren ala ez eta hainbat baldintza betetzen dituzun ala ez begiratzen dutelako.
Zein da ikerketak utzi duen ondorio nagusia?
Ez dugula sistema eraginkor bat. Sistemaren barnean, sistema bera ulertzeko hiru modu daude, baina ez dira gaur egun dugun eredua gainditzeko gai.
Zein dira sistema ulertzeko hiru modu horiek?
Lehenengoa irakaslearen eskubideetan oinarrituta dago eta irakaskuntzarako eskubidea deitu diot. Horren atzean dagoen ideia da irakaslea izatea lan erraza dela eta titulua duen edonork ongi egin dezakeela edozein ikastetxetan. Ikuskera hau da: goazen hobetzera dugun sistema ahalik eta objektiboena izan dadin eta irakasle guztiek ahalik eta oztopo gutxienekin lortu dezaten finkatzea, aukera berdintasunaren ideiatik abiatuta.
Bigarrena irakasleen kalitatearen kontrolean oinarritutakoa da. Uste dute edonor ezin dela irakasle izan, titulua izatea ez dela nahikoa eta pertsonalagoak diren beste ezaugarri batzuk behar direla: hezkuntzarako konpromisoa eta motibazioa aipatzen dituzte, bereziki. Hautaketa sistemak irakasleek ezaugarri horiek dituztela bermatu beharko lukeela pentsatzen dute.
Hirugarrena nazioarteko joerarekin eta hainbat ebidentziarekin lotua dago: irakasleen kalitatea sustatzea. Hasiberria den irakasleak oraindik ikasi egin behar duela eta laguntza behar duela ulertzen dute. Sarbidea garapen sistema gisa ulertzen dute eta kritikatzen dute gaur egun ez dagoela benetako laguntzarik edo prestakuntzarik konpetentzia horiek garatzen laguntzeko.
Hiru ikuspegi horiek existitzen denaren gaineko proposamenak egiten dituzte. Beste eredu mota batzuk irudikatzeko ezintasuna edo gaitasun falta dago eta duguna erreproduzitzen jarraitzen dugu.
Gurea, oposaketan oinarritzen den sistema zentralizatu bat, ez da ohikoa Europan
Hori guztia ikertuta, proposamen berri bat egin duzu. Zein da?
Literatura eta emaitzek diotena aintzat hartuta egin dut proposamena eta hibridazio moduko bat izango litzateke. Bi elementu gako ditu: irakaskuntzarako sarbidea eta eskola jakin baterako sarbidea. Lehenari dagokionez, irakasle asko daude eta iragazki bat jarri behar da; urtero behar duguna baina hiru aldiz pertsona gehiago formatzen ari gara. Bigarrenari dagokionez, ikerketan parte hartu duten eragileen zati handi batek proposatu du eskolek autonomia izatea ikastetxera nor iristen den eta gerora ikastetxean jarraitu dezakeen ala ez erabakitzeko. Beraz, konbinazioa moduko bat da.
Nik proposatzen dudan eredura joateko erronka handienetako bat da irakasleek bestelako gaitasunak eta baliabideak izatea. Autonomia emateaz ari baldin bagara, ikastetxeei eta zuzendaritza taldeei gaitasun hori eman behar diegu. Praktiketako urtea garapen urtea izatea nahi baldin badugu, mentoreak ere egon beharko dira. Hasierako prestakuntzatik hasita egin behar dira aldaketak.
Irakasleek ba al dute motibaziorik eta konpromisorik?
Eragileek kezka handia adierazi dute gai horri dagokionez. Badirudi azken urteetan hainbat pertsona bestelako interesak bultzatuta gerturatzen direla lanbidera: soldata, oporraldi luzeak, lan erosoa…
Estatu espainiarrean egindako ikerketa batzuek diote hezkuntzarekiko konpromisoa eta motibazioa jaisten ari direla. Irakasleek emozionalki gero eta arazo gehiago dituzte eta gurasoekiko harremana, exijentzia, presioa... ere aldatu egin dira. Gauza asko aldatzen ari dira eta frustrazio puntu bat ere badago.
Motibazioaz eta konpromisoaz gain, irakasleen lanak inplikazio soziala du.
Bai. Hezkuntza ulertzeko moduarekin eta irakasle gisa dugun funtzioa ulertzeko moduarekin lotuta dago: soilik transmititzera eta eduki batzuk helaraztera mugatzen ote garen edo beste modu batera ulertzen dugun. Eta inplikazio sozial horrek, ikasleekiko inplikazioaz gain, eskolarekiko eta lankideekiko inplikazioa eskatzen du. Irakaskuntza ikasgela barruan gertatzen den ekintza indibidualista gisa sustatzen jarraitzen baldin badugu, inplikazio soziala barneratzea zailagoa izango da.
Etorkizunera begira zein dira erronka nagusiak?
Hasierako prestakuntza gakoa da, bai epai profesionala garatzeari begira eta baita identitateari begira ere. Ikasle zein irakasle gisa izan dudan inpresioa izan da identitatea pertsonaren ardurapean uzten ari garela eta prestakuntzan alderdi horretan ez dugula hainbeste eragin.
Eta zein dira planteatzen duzun eredu horretara iristeko gakoak?
Proposatzen dudan eredura iristeko pauso asko eman behar dira eta zer-nolako pausoak ditugun irudikatzen saiatu naiz. Bederatzi gako aipatu ditut eta hiru dira nagusiak: hasierako prestakuntza, sarbidea bera nola egituratu nahi dugun eta karrera profesionala. Eredu berri horretarantz egin nahi baldin badugu, oinarrizko erronkak horiek dira. Ongi definitu behar dugu zer lanbide nahi dugun, lanbide horrek dituen etapak zein diren edota etapa bakoitzean noraino iristen den. Ikuspegi oso laua dugu eta hori aldatu beharra dago.
Galdera laburrak
01.Eskola garaiko oroitzapen on bat?
Asko ditut, baina bereziena da eskolara autobusez joaten ginela eta joan-etorrietan izaten genuen harremana; gure arteko elkarrizketak eta giro ona.
02.Eskola garaiko oroitzapen txar bat?
DBHko 4. mailan istripu txiki bat izan nuen eta horrek ondorioak izan zituen eskolan.
03.Nolako eskola amesten duzu?
Eskola kritiko batekin amesten dut, ongi prestatutako irakasleak eta profesional handiak dituena, nora joan nahi duten eta bide hori nola egin nahi duten jakiteko gaitasuna dutenak.
04.Zuretzat garrantzitsua den balio bat?
Errespetua.
05.Hezkuntzari buruzko film bat edo liburu bat?
Daniel Pennac-en Mal de escuela liburua.