Duela urte eta erdi hasitako ibilbidean beste urrats bat egin dute Eusko Ikaskuntzak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. ‘Askotariko segregazioari nola erantzun hezkuntza sistematik? Ulermen partekatua eta erronkak kudeatzeko proposamenak’ jardunaldia egin dute martxoan eta aurrera begira itun sozial zabal bat erdiesteko erronkak aurkeztu dituzte.

Identifikatuta eta azpimarratua dago XXI. mendeko euskal gizartearen erronka garrantzitsuenetako bat segregazioari aurre egitea izango dela, eta zeregin horretan hezkuntzak bere egitekoa duela ere bai. Horrexegatik hasi zen Eusko Ikaskuntza, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin lankidetzan, askotariko segregazioari hezkuntza sistematik nola erantzun dakiokeen hausnartzen 2021ean.

Hasteko, sinposio bat antolatu zuten 2021eko urrian irakasleekin, adituekin, gizarte eragileekin eta instituzioekin. 2022an, gogoetan sakontzeko asmoz, bi foro parte-hartzaile burutu zituzten, eta han jasotako ekarpenekin osatuta aurkeztu dute Segregazioaren ezaugarritze eta ulermen partekatua, erronkak kudeatzeko proposamenak txostena.

Dokumentuak eskola segregazioaren definizio adostua biltzen du, honela definituz: “Lurralde eta hezkuntza maila eta etapa bereko ikastetxeen arteko ikasleen banaketa desberdina eta desorekatua, euren lurralde-jatorri, genero, kultura, hizkuntza, gaitasuna, etnia, erlijioa edo, batik bat, maila sozioekonomikoaren arabera”.

Eskola segregazioaren kausa nagusia eredu sozio-ekonomikoarekin lotuta dagoela ondorioztatzen da txostenean, eta eskola segregazioak ikasleen hezkuntza aukera berdintasuna hausten duela eta desberdinkeria sortzen duela. Egoera horretan, eskola segregazioa enpirikoki neurtu behar dela ikusten da eta egoeraren tamaina balioesteko indizeak behar direla azpimarratzen da txostenean. Behin hori eginda, garbi ikusten da segregazioari aurre egiteko itun sozial zabala eta barneratzailea osatu behar dela, non administrazioak eta jendarteak estrategia orokor bat abiatu beharko duten, eta euskarak berebiziko garrantzia izango duen kohesiorako giltzarri modura.

Horretara iristeko, bost erronka identifikatu dituzte eta baita bakoitza kudeatzeko proposamenak ere.

Txostenak erronkak kudeatzeko biltzen dituen proposamenak:

  1. Jendartearen inplikazioa: Eskola segregazioa amaitu nahi duen edota kulturartekotasuna lehentasun gisa hartzen duen hezkuntza sistema eraikitzeak agenda politikoan toki zabala hartu behar du, eta lan trinko eta espezifikoa egin behar da komunikabideetan, udal mailako herrigintzan eta hezkuntza ez-formaleko elkarte eta eragileekin, gaiak bere espazioa izan dezan.

  2. Lidergo politiko partekatua: Gobernua eta klase politikoaren jardunak ausarta izan behar du, eskola segregazioa kentzera zuzendutako erabakiak hartzeko eta hezkuntza sistema berria erdiesteko. Eskola segregazioaren eskumenak Hezkuntza Sailak dituenez, berak izan behar du lankidetza eremua sustatzeko, sortzeko eta koordinatzeko lidertza. Publikotasunaren definizio berritua behar da eta titulartasunetik harago ulertu behar da. Sisteman eta sistematik kanpo nor geratzen den zorrozki ebaluatu behar da eta horren arabera finantzazioa eta funts publikoak erabaki, sareen arteko lehia gainditzeko. Publikotasuna definitzeko orduan ikastetxe guztiek, publikoek zein itunpekoek, hezkuntza sistema inklusiboagoa, hots, egiazko zerbitzu publikoa, bermatzeko baldintza berriak ezarri behar dira. Horrek plangintza eta lan egiteko molde berriak eskatuko ditu.

  3. Kulturartekotasuna: Hezkuntza sistemak kulturartekotasuna zer den definitu behar du, zeren kontzeptu horretan biltzen baitira eskola segregazioari aurre egiteko proiektu pedagogikoaren gakoak. Hezkuntza sisteman euskara eta euskal kultura kohesiorako tresna bihurtzeko testuingurua eraiki behar da, eta horretarako identitatearen gaineko hausnarketa ere egin behar da, anekdotatik eta folkloretik harago. Euskara irakasteko eta euskalduntzeko estrategiak martxan ipini eta bermatu behar dira. Era berean, ikastetxeetan antolatzeko eta baliabideak kudeatzeko mekanismo berriak ezarri behar dira. Ikastetxeek autonomia izan behar dute daukaten errealitatearen aurrean diagnostiko zorrotza egiteko eta handik eratorritako proiektua eta kudeaketa plana definitu behar dituzte.

  4. Formakuntza: Jarrera pertsonalen azterketa kritikoa egitea beharrezkoa da. Bidelaguntza soziohezitzailea eta komunitarioa behar da. Gaiaren inguruko ezagutzan sakontzea komeni da eta horretan unibertsitateak funtsezkoak dira.

  5. Tokian tokiko gobernantza partekatua: Udalek tokian tokiko erabakiak hartzeko aukera izan beharko lukete hezkuntza formal zein ez-formalari dagokionez. Auzoen eta herrien topaguneak sortzea komeni da, eskola bakoitzak bere hezkuntza proiektua komunitateko proiektu gisa garatzeko. Eskola kokatua dagoen jendarte-ingurune osoari lotutako lankidetza lortzea da erronka nagusia.