Datorren ikasturteko aurrematrikulazio garaia irekitzearekin batera, gizarte kohesioaren mesedetan egindako aldaketak iragarri ditu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Ikasleen onarpen prozesuan aldaketak dakartzan dekretua atera zuen iazko azaroan eta, orain, hainbat neurri praktikara eramango dira, modu progresiboan eta 2 urteko haurrekin hasita. Ikasleen banaketa orekatuagoa egitea da helburua.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ontzen ari diren Hezkuntza Legearen aurretik, iazko apirilean lau alderdi politikoen artean (EAJ, EH Bildu, Elkarrekin-Podemos eta PSE) Hezkuntza Akordioa adostu zuten eta bertan jarduketa-plan bat zehazten zen. Horren barruan, hurrengo urteetan martxan jartzeko 43 neurri aurreikusi ziren, eta Eusko Jaurlaritza hasi da horietako batzuk gauzatzen.

Jarduketa-planaren barruan, neurri batzuk ekitatearen alde eta segregazioaren aurka ekitekoak dira, besteak beste, bigarren neurria: “Ikastetxeen arteko kohesioa eta eskolatze orekatua bermatzen dituen esparru baten barruan ikastetxea askatasunez aukeratzeko aukera konbinatzen duen ikasleen onarpenari buruzko araudia eguneratzea, baremazio-irizpideak birpentsatuz (besteak beste, errenta baxuen pisu handiagoa, hurbiltasunaren pisua, puntu ‘dinamikoa’ ezabatzea, puntu ‘diskrezionala’ etab.), zenbait neurri betetzen direla egiaztatuz, hala nola ikasle ahulentzako plazak gordetzea, eta egungo zerrendak ezartzeko aukera ematen duten beste mekanismo batzuk sustatuz”.

Testuinguru horretan egin zuen Hezkuntza Sailak ikasleak onartzeko eta eskolatzeko dekretu berria iazko azaroan eta marko horretan kokatu da 2023-2024 ikasturteko aurrematrikulazioa. Otsailaren 10ean eskaini zuten prentsaurrekoan azaldu zituzten berritasun nagusiak eta aldaketarik esanguratsuenak, denak modu progresiboan eta 2 urteko haurrengandik hasita egingo direla gogoraraziz.

  • Plazen erreserba: diru publikoarekin sostengatutako ikastetxe guztiek gorde beharko dute Hezkuntza Sailak zehaztutako plaza kopurua ikasle zaurgarriak eskolatzeko. Aniztasunaren eta zaurgarritasunaren banaketa orekatua bilatzen du neurri horrek, Euskal Hezkuntza Zerbitzuko ikastetxe guztien artean ikasleak arrazoi sozioekonomikoengatik edo beste mota bateko arrazoiengatik segregatzea saihesteko.

  • Zaurgarritasun indizea: aurreko neurriarekin erabat lotuta dago, berau lortzeko jarriko den neurri bat baita zaurgarritasun indizearena. Aurrematrikulazioa egiterakoan, familiek euren egoera sozio-ekonomikoari buruzko galdetegi bat bete behar izan dute eta hortik jasotako informazioarekin eta errenta aitorpeneko datuekin identifikatuko dira ikasle zaurgarriak. Horrekin, eremu bakoitzeko zaurgarritasun indize erreferentziala zehaztuko da, eta baita ikastetxe bakoitzean ikasle zaurgarrientzat gorde beharreko plaza kopurua ere.

  • Zonifikazioa: ez da aldaketa sakonik egingo, baina bai doikuntzak. Oro har, doikuntzak egin diren lekuetan eragin eremuak zabalagoak dira aniztasunaren banaketa orekatuagoa izateko. Eragin eremu bakoitzean ikastetxe publiko bat dago gutxienez.

  • Eskaintzaren plangintza: eskola bakoitzean 2 urteko haurrentzat eskainiko den plaza kopurua zehaztuko da, azpieskaintza eta gaineskaintza saihestea bilatuz.

  • Nahi adina ikastetxetan izena emateko aukera: familia bakoitzak bere eragin eremuko ikastetxe guztiak hautatu ahal izango ditu seme-alabak eskolatzeko eta euren interesen araberako hurrenkeran lehenetsi ditzakete. Hautatutako lehenengoa esleitzeko ahalegina egingo du Hezkuntza Sailak.

  • Hurbiltasuneko eskolatzea: ikasleak euren bizilekutik hurbilen dagoen ikastetxera joateari ematen zaio lehentasuna, eta ondorioz, baremazioan horrek du puntuaziorik altuena (7 puntu). Hurbileko eskolatzea bultzatzea da helburua. Eskaintzen den plaza kopurua baino eskaera handiagoa duten ikastetxeetan aplikatzen da baremoa.

Prozesu berria da eta zalantzak sor ditzake, baina helburua argi daukagu: gizarte hobea egitea

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua