'Askotariko segregazioari nola egin aurre hezkuntza sistematik? Adostasunerako bide partekatu baterako oinarriak' izenburupean burutu zen ekainaren 4an Eusko Ikaskuntzak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak antolatutako foroa. Donostiako Miraman jauregian segregazioaren aurkako ituna eta dekalogoa lantzeko lehen urratsa egin zen. Besteak beste, Xabier Aierdi soziologoa eta Begirune Fundazioaren sortzailea segregazioa definitzeko beharraz eta gaia lantzeko ezinbestekoak diren urratsez aritu zen.

Gaur egun Euskal Herrian migrazio fluxu oso nabarmenean gaude. Gure gizarteak kaudimendu handiko eskakizuna dauka eta hurrengo urteetan migratzaileak etorri egingo dira, batez beste urteko 25.000 pertsona inguru. Etorkin gutxiago etorri diren bi edo hiru urte kritiko egon dira, baina gainerakoan goranzkoa izan da joera. 2020ko COVID-19aren pandemia garaiko lehen bi hilabeteetan 6.000 pertsona heldu ziren. 

Migrazioarekin lotuta hiru biztanleria kolektibo bereiz daitezke: bertan jaioak baina atzerritar izaten jarraitzen dutenak; atzerrian jaioak eta oraindik atzerritar direnak; eta atzerrian jaioak eta dagoeneko nazionalizatuta daudenak. Oso ondo zenbatu behar da zer-nolako biztanleria dagoen immigratzaileen artean eta zer-nolako azpimultzoak dauden, seguruenik pedagogia desberdinak beharko dituztelako. Bertan jaiotakoek ibilbide lasaia egingo dute hemengo hezkuntza sisteman. Atzerrian jaio eta jada nazionalizatu direnek ere ibilbidea ongi egiteko aukera handiagoa dute, baldin eta laguntza badute. Dena dela, atzerritik datozen guztietatik % 13 bakarrik pasako da eskolatik, eta ez da igaroko ez denbora guztian eta ezta beti ere. Horiek dira pobreenak, afrikarren seme-alabak direnez nazionalizatu gabe geratzen direlako. 

Euskal Herrian, oro har, modu ez segregatuan banatzen da biztanleria, baina Gasteizek eta Bilbok bertako biztanleriarena baino immigratuen tasa handiagoa barnehartzen du. Argi ikusten da pobrezia urbanoa dela; hirietan metatzen da jendea eta kopuruak oso altuak dira. Horrekin batera, hirietan gertatzen da aberatsen deslokalizaziorik handiena ere. Globaliazioaren moduan, ahal dutenek euren seme-alabak deslokalizatu egiten dituzte eta autobusa hartu eta inguruko zentroetara eramaten dituzte. Eta pobreak, sustraiak dituztenen moduan, euren auzoan geratzen dira. Benetan lupa handi bat ipini behar da hori dena ikusteko eta tokian tokiko neurriak hartzeko. Ekimen oso sakona eskatzen du ezinbestean. 

Immigrazio baso handi bat dago gure gizartean. Dagoeneko zortzi pertsonatik bat kanpoan jaioa da edo bertan jaioa izan arren etorkin osagairen bat duena. Immigrazioa aztertzerakoan hiru zuhaitz handi sartzen dira tartean: errefuxiatuak, pasadizokoak eta lagundu gabeko adin txikiko atzerritarrak. Eta hiru zuhaitz handi horiek atzean dagoena ezkutatzen dute. Izugarrizko gerizpea egiten diote atzean dagoen basoari; eskoletan dauden 50.000 neska-mutilei eta lan prekarioetan dauden 160.000 pertsonei. Elementu horiek eragina dute segregazioan. 

Egoera ikusirik, immigrazioa berriztatu behar da eta berrezarpen horrek mesede egingo dio gure gizarteari, beste hainbat kontu ere zaharberritzeko. 

Kontzeptuak argitzen 

Segregazioaz hitz egiten hasi aurretik, garrantzitsua da segregazioaz ulertzen duguna argitzea, sarritan kontzeptuak nahasteko joera izaten baita. Gizarte desberdintasunaren inguruko kezkak dira segregazioarenak. Hau da, gizarte desberdintasuna da nagusi segregazioan. 

Segregazioa eta aniztasuna ez dira nahastu behar. Aniztasun pobre batek edo zenbait sektore pobrek eragin dezakete segregazioan, baina bi kontu desberdin dira. Segregazioari ezin zaio aurre egin aniztasuna sustatuz. Aniztasuna eta homogeneitatea daude alde batean eta segregazioa eta desberdintasuna beste aldean. Kontzeptuen arteko mugak ez dira argiak, porotsuak baizik, eta seguruenik bati kasurik egiten ez baldin bazaio, besteari ere ez zaio egingo. 

Askotariko segregazioez hitz egiten badugu zorabiatu egingo gara, benetako segregazioa bidean galtzeko arriskua egon daiteke. Eta benetako segregazioa klase sozialen artean sortzen dena da, hau da, gurasoek duten kapital metatuen arabera sortzen dena. 

Segregazioa, kontzentrazioa eta eskola porrota ere nahastu izan dira. Kontuan hartzeko hiru elementu dira, elkarreragina izan dezaketenak, baina analisi eta diagnostiko on bat egiteko bereizi egin behar dira. Badirudi kontzentrazioak saihetsezinak direla neurri handi batean, baina kontzentrazioak ez dira eskolakoak, sozialak baizik. Kontzentrazio sozialek antzeko pertsonak biltzen dituzte testuinguru geografiko jakin batean, eta antzeko pertsona horiek, gainera, intentsifikatu egiten dira immigrazio kasuetan. Izan ere, kontzentrazio horiek sortzen dira norbaitek bere arrebari deitu diolako eta horra etorri delako, adiskide batek beste bati esan diolako, ezagun batek beste bati esan diolako eta abar. Ondorioz, auzo etnikoak sortzen dira. Hori beti gertatu izan den fenomenoa da; kontua da egoera horrek zenbat eragiten duen segregazioan, zenbatean izan daitekeen segregazio iturri.

Horrez gain, portaera sozial batzuk segregazioa areagotu dezakete, eta neurri politikoek ere segregazioa areagotu edo txikitu egin dezakete. Joko eremu horretan eskola bateko kontzentrazioa hilgarria izan daiteke, edota aukera bat. 

Proposamen zehatzak 

Egoera ikusita, segregazioari aurre egiteko hainbat neurri har daitezke. Bata 2023rako Hezkuntza Akordioan aurreikusi den eskola segregazioaren aurkako ituna izango da. Horrez gain, ordea, beste neurri batzuk behar dira: 

  1. Lidertzaren garrantzia: politika instituzional bat behar da gizarteak egingo ez duena instituzioetatik egiteko. Gaur egungo dinamika sozioekonomiko guztiek segregazioa bultzatzen dute, eta beraz, bultzada instituzional handia behar da. Horrek neurriak hartzea eta aurrekontuak onartzea esan nahi du, biak hitz larriz. 

  2. Tresnak eta neurriak adostu: indize bat adostu behar da gaia bere osotasunean ongi lantzeko. Segregazioak ez du soilik borroka ideologiko bat izan behar. Aitzitik, eztabaidatu eta adostu dezagun zertaz ari garen, zein den benetako egoera eta mapa, eta ondoren aplika ditzagun neurriak. Neurriak frogatuz joan ahala, indizea aldatu eta berrikusi egin beharko da.

Azken batean, neurri horiek helburu batekin hartu behar dira: ikasleak autobusetik jaitsi eta igogailura pasa daitezen eta igogailuan jarrai dezaten. Hori da hezkuntzak bermatu behar duena edo bermatzen saiatu behar duena —baldin eta bermatu baldin badaiteke—. 70-90eko hamarkadetan hiru salto erabakior gertatu ziren: aitona-amonak baserritar izatetik, gurasoak fabriketara joan ziren, eta seme-alabak unibertsitatera heldu ziren edo ginen. Mugikortasun bat gertatu zen eta hori da finean orain erronka: hori errepikatu behar da orain, baina lan eremuak laguntzen ez duen testuinguruan. Gaur egun sektore segregatuek eta pobreek hezkuntza baino ez dute gorantz egiteko, igogailura igotzeko. Aberastasunak, errentak eta posizio sozialak gero eta gehiago markatzen dute belaunaldien arteko ezberdintasunaren transmisioa. Horregatik behar da bultzada instituzional askoz ere handiagoa eta hezkuntzaren ekarpena. Eskolak egin dezakeena egin dezake, ez gehiegi, baina lagundu dezake. Eskolak egin dezakeena egin behar du. Itun bat behar da eta herri proiektu gisa landu behar da gaia.