LOMCEren harira, LH 3. mailako ikasleei azterketa egiteko Eusko Jaurlaritzak hautatu dituen 30 ikastxeen artean lehena izan da Jakintza Ikastola. Gurasoek, ordea, irmo erantzun dute: azterketaren egunean ez dituzte euren seme-alabak eskolara bidali eta proba bertan behera geratzea lortu dute.
Normaltasunez hasi zuten ikasturtea Jakintza Ikastolako gurasoek (Ordizia, Gipuzkoa). LOMCE martxan zegoen. Bazekiten hezkuntza lege berriak aldaketaren bat edo beste ekarriko zuela euren seme-alabentzat, “baina ezer apartekorik ez”. LHko 3. mailako haurrek ikasturte amaieran egin beharreko azterketaren mamua ere hor zegoen. Informazioa, ordea, ez zen batere argia. Geroago jakin zuten 30 ikastetxe hautatuko zituela Eusko Jaurlaritzak proba-piloto bat egiteko, “baina betikoa! Ez genuen uste guri tokatuko zitzaigunik, eta ez genion beste munduko inportantziarik eman probari”.
Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan, 3. maila amaierako azterketa egiten lehenak euren seme-alabak izango zirela jakin zuten arte. Albistearen aurrean, ikastetxeak ezer gutxi egin zezakeela ikusirik, Jakintzako gurasoek ardura osoa euren gain hartu zuten: batu egin ziren, informazioa partekatu zuten, antolatu egin ziren, erabakiak hartu zituzten eta mobilizatzen hasi ziren. Eta gurasoen ekimenak fruituak eman zituen: ez zituzten euren haurrak eskolara bidali azterketa egunean, eta Jakintzako 3. mailako bi gelatako ikasleei egin beharreko azterketak bertan behera utzi behar izan zituen Eusko Jaurlari-tzak. Probari planto egiteko erabakia zergatik hartu zuten eta prozesua nolakoa izan den jakiteko Jakintzako 3. mailako ikasleen bost gurasorekin elkartu da Hazi Hezi aldizkaria: Eva Arrietarekin, Leire Catalanekin, Leire Ezeizarekin, Ainhoa Galparsororekin eta Ana Leturiarekin.
“Oso azkar gertatu zen dena. Lauzpabost egun soilik izan genituen guztia martxan jartzeko”, argitzen du Galparsorok. Izan ere, maiatzaren 21ean, ostegunez, ikastolak bilera batera deitu zituen 3. mailako ikasleen gurasoak, ofizialki informatzeko Jakintza izango zela Eusko Jaurlaritzaren proba pilotua pasa beharko zuen ikastetxeetako bat. Jakintzak, ordea, ez zien argibide gehiagorik eman gurasoei. Ez zekiten noiz izango zen azterketa, ezta nolakoa izango zen ere. Baina kanpotik informazioa filtratu zen: maiatzaren 26an eta 27an izango zen proba, handik hurrengo asteartean eta asteazkenean. Mugitu beharra zeukaten.
“Nik argi neukan ez nuela nahi nire umeak azterketa hori egiterik”, dio Catalanek. Eta berak bezala, gainon-tzeko gurasoek ere antzeko jarrera erakutsi zuten: “Ikusten zen guztiok geundela LOMCEren kontra. Batzuk buru-makur zeuden, berandu genbiltzala uste zutelako; gehinak, ordea, azterketari planto egiteko prest”, gaineratzen du Arrietak. “Gainera, gurasook elkartu ginenean LOMCEren inguruan hitz egiteko, harrituta geratu nintzen jendeak gaiari buruz zenbat zekien eta zer-nolako posizionamendu irmoa zeukan ikusita”. Iluntze hartan bertan erabaki zuten euren haurrak azteketara ez bidaltzea eta protestak hastea.
Oso azkar gertatu zen dena. Lauzpabost egun soilik izan genituen guztia martxan jartzeko
Ainhoa Galparsoro
Bi kezka nagusi zituzten gurasoek: batetik, denbora, asteburua tartean izanda bi eskola-egun besterik ez baitzitzaizkien geratzen guztia antolatzeko; eta bestetik, bileran izan ez ziren gurasoengana ere mezua iristea. Hala, bilera egin eta hurrengo egunean, zenbait guraso Jakintza ikastolara joan eta atean jarri ziren, 3. mailako ikasleei eta haien gurasoei informazioa banatzen: “Astelehenerako eskolara sinatuta eramateko orri bat banatu genien. Bertan adierazten zen, gurasoek ez zutela baimentzen beren seme-alabek azterketa hori egiterik”, azaltzen du Galparsorok eta zera eransten du Ezeizak: “Baina gehienon artean aurrez hitz egin genuen eta bagenekien gurasoek ekimen harekin aurrera egiteko asmoa zutela eta babesa izango genuela”.
Eta hala izan zen. Azterketaren egunetan, haurrak ez ziren eskolara joan eta gurasoek elkarretaratzeak antolatu zituzten herriko plazan. Astelehena baliatu zuten jakinarazpena bidaltzeko, Jakintzako gainontzeko gurasoei ez ezik, baita Ordiziako beste ikastetxeei eta komunikabideei ere. Guztiak gonbidatu zituzten LOMCEren aurrean protesta egitera eta mobilizazioetan parte hartzera. “3. maila amaierako azterketaren aurrean protesta egiteaz gain, LOMCEren ereduarekin ez gatozela bat salatu nahi izan dugu”, aipatzen du Catalanek. Izan ere, 3. mailako probarekin ez ezik, arduratuta daude 6. maila amaieran ikasleei egingo zaienarekin nahiz DBH4ko errebalidarekin; oro har, LOMCEk dakarren ereduarekin. Ezeizak adierazi bezala, “denetzako da. Lehenago ez bada geroago, harrapatu egiten zaitu”.
Pisuzko argudioak
Jakintza ikastolan, EKI proiektuarekin konpetentziak lantzen ari direla LOMCE ezartzeak ez du “inolako zentzurik”, gurasoen esanetan. Alde batetik, adimen anizkoitza, ikaskuntza kooperatiboa, proiektutako hezkuntza edota konpetentzietan oinarritutako heziketa bultzatzen direla iruditzen zaie, eta bestetik, LOMCE bezalako ereduak “inposatzen direla”, hain zuzen kontrakoa dakartenean. “Ikastolatik behin eta berriz jaso dugun mezua izan da haurrak konpetentzietan hezi behar direla etorkizuneko gizarterako prestatzeko, eta ez horrenbeste edukietan. Eta, bat-batean, LOMCE ezartzen zaigu. Kontraesanezkoa dirudi”, argitzen du Leturiak. Izan ere, bere esanetan, lege berriak ezartzen dituen azterketen bidez, arriskua dago eskola-orduak azterketa horiek ahalik eta hobekien prestatzera bideratzea: “Non geratzen dira, hortaz, bestelako balioak? Non haurren sormena? Non konpetentziak? Non talde-lana edota adimen anitzak?”.
Kalitatearen izenean, lege berriak “zentralizazioa, bereizketa eta desberdinkeria” ekarriko ez ote dituen beldur dira gurasoak. Azterketek eta errebalidek ikasle horren etorkizuna baldintza dezaketelako, eta bereziki, gainditzen ez dutenentzat etorkizun zaila aurreikusten duelako. “Ikasleak sailkatuko dira, bai soziologikoki bai dituzten gaitasunen arabera. DBH4ko errebalida gainditzen ez dutenei, zer-nolako etorkizuna geratuko zaie? Eta gaindituta ere, zer da gaindituko dena? Zer baloratuko da? Gainera, hori guztia krisi ekonomikoko egoera batean. Izugarrizko murrizketak dauden une batean, zein eratako eredua ari dira planteatzen? Horren aurrean, batetik eta bestetik esaten zaigu lasai egoteko. Baina zer uste dute, inozoak garela? Nola ez gara, bada, arduratuko?”. Jarrera irmoa erakutsi dute hasieratik eta aurrera begira ere LOMCE geldiarazteko euren esku dagoen guztia egingo dutela diote.
Harrituta geratu nintzen jendeak LOMCEri buruz zenbat zekien ikusita
Eva Arrieta
Balorazio positiboa
Urrats sendo bat emana dute jada Jakintzako gurasoek: 3. mailako ikasleei egin beharreko azterketa gelditzen lehenak izan dira. Ez hori bakarrik, beste hainbat eskola eta eragilerentzat ere eredu izan dira. Leku batetik baino gehiagotik deitu diete euren prozesuaren berri emateko eskatuz, eta beste hainbat eskolatan ere an-tzeko prozesuak jarri dituzte martxan LOMCEren aurka.
Jakintzako gainontzeko gurasoen, Ordiziako beste ikastetxeen nahiz gizarte-eragileen babes handia jaso dute, eta orain arteko prozesuaren balorazio positiboa egiten dute, Hala azaltzen du Arrietak: “Niretzat ezusteko handia izan zen Ordiziako plazan, pankarta baten atzean zenbat jende zegoen ikustea. Zenbat jende desberdin. Kolore guztietakoak: gurasoak, ikasleak, irakasleak, zuzendariak, gainerako herritarrak… Eta guztiak lema berarekin, LOMCEri ez”. Hain azkar sortutako mugimendu batek halako elkartasuna piztu izanak pozten ditu Jakintzako 3. mailako ikasleen gurasoek, sostengu handia sumatu baitute.
Baina kezkaturik jarraitzen dute oraindik: “3. mailako proba gelditzea lortu dugu, baina azterketa hori ez doa inora. Zer gertatuko zatekeen DBH 4ko errebalida izan balitz? Berdin jokatuko genukeen? Edo gure umeek aurrera egiteko ezinbestekoa delako azterketara bidaliko genituen?”, aipa-tzen du Leturiak. Uneotan, datorren ikasturtean dute jarria begirada, baita Espainiako Gobernuko hurrengo hauteskundeetan ere, PPk gehiengo osoa galtzen badu LOMCE bertan behera geratuko den esperantzarekin.
Kezkak kezka eta ernegazioak ernegazio, euren seme-alaben heziketan eragin zuzena izango duen LOMCEren aurrean jendea mobilizatzea lortu dute Jakintzako gurasoek, interesa piztea, antolatzea eta ekitea. “Nik uste dut sortu dela mugimendu bat. Gure artean zerbait erne da. Jaio da elkarrekin zer edo zer egiteko gogoa. Ez Jakintzako gurasoon artean soilik, baita beste gurasoekin elkarlanean ere, eta espero dut mugimendu honek era batera edo bestera jarraipena izatea”. Eta hala egingo dute. LOMCEren jarraipen batzorde bat osatzeko lanetan dihardute jada, Ordiziako eta Goierriko beste ikastetxeekin elkarlanerako bideak jorratzen eta hezkuntza lege berriaren aurkako sarea ehuntzen.
LH 3. mailako probaren aurrean protesta egiteaz gain, LOMCEren ereduarekin ez gatozela bat salatu nahi izan dugu
Leire Catalan