Aitziber Estonba, Sexologoa

Mutil eredu feministagoa

Gure 11 urteko alaba asko kexatzen da gelako mutilen jarrerez, harroputzak eta zirikatzaileak direla dio eta besteak mendean hartzen saiatzen direla. Ikastolan ikusten dugu mutil-eredurik zabalduena astakirtenarena egiten duena dela. 6 urteko semea daukagu eta ez genuke eredu horretan hezi nahi. Aitak beste eredu bat eskaintzen die etxean, baina ez da aski. Nola susta genezake mutil eredu feministagoa gure umeen artean? 

HAUR HEZKUNTZAN, orokorrean, neska-mutilek elkarrekin gustura jolasten dute, genero bereizketarik gabe. Hortik aurrera, aldiz, identitatearen eraketarekin batera, aldaketa gertatzen da. Ordura arte, umeak neska edo mutil sentitzen dira, haiekin antza gehien dutenarekin identifikatzen direlako: “Nik antza handiagoa dut amarekin edo inguruko neskekin, beraz, neska naiz”. Hortik aurrera, ordea, identitatea osatzen da eta neska eta mutil sentitzen dira eta horren arabera bizitzen dira; orain ez da konparaziotik, barruko sentsazioari jarraiki baizik. Beraz, neska eta mutilen artean urruntze bat gerta daiteke. 11 urterekin, gainera, lehen gustatze edo maitemintzeak hasten direnez gero, urruntze horri lotsa gehitzen zaio.
Hor has daitezke aipatu dituzun jarrera horiek: mutilak konpetitiboak izan daitezke, erakusleiho batean sentitzen dira eta gizarteak mutil izatearen ideiari egotzi dion rol horretan erortzeko arriskua sortzen da.
Zuen alaba ere, “sexuen gerra” horretan dago eta gelako mutil guztiak betaurreko horiekin ikus ditzake, haserretik. Mutil guztiak berdin ikusten ote dituen edota lider batzuen jarrera orokortzen ote duten begiratzea komeni da. 
Nire esperientziak azken urteotan mutil izate horretan aldaketa bat egon dela erakutsi dit eta eredu hori jarraitzen duten mutilak ez dira pertsona ziurrak izaten. Gehien nabarmentzen diren mutilek bestearen begirada behar izaten dute eta, askotan, beldur handia ezkutatzen dute halako jokabideen atzean: onartuak eta maitatuak izateko behar handia dute. Aldi berean, geletan, geroz eta mutil gehiago ikusten ditugu apalago, gainerako mutilekin eta neskekin egoteko beste era bat aukeratzen dutenak. 
Nire ustez, etxean aitek erakusten duten mutil izateko beste modu hori geletan islatzen ari da, pixkanaka bada ere. Horretarako hezieran inplikatutako gizonak behar ditugu, semeak bide horretan lagunduko dituztenak. Betiere onartuz gure semeek ibilbide propioa egin beharko duela.
Azkenik, azpimarratuko nuke epaiketak eta “matxista” edo “astakirtena” bezalako etiketak ez direla batere lagungarriak. Etiketa horien atzean ume bat dago, eta guk,  heldu gisa, konplexutasun horren azpian zer dagoen ikusteko gai izan behar dugu. Modu horretan, benetako heziera lana burutuko dugu. Epaiketekin erasotua sentituz gero pertsona itxi egingo da eta lan hori egiteko aukera galduko dugu. 
 


 

Heldu izatearen jolasa

Gure 9 urteko alabak, etxean beti “handi izatera” jolasten du, Goazen-eko pertsonaiak imitatuz, eta handi izatea berarentzat, makillatzea, takoiak janztea eta bere burua apaintzea da. Kezkatu egiten gaitu hainbeste denbora halako jolasetan pasatzeak eta baita handi izateari buruz proiektatzen ari den pentsamenduak ere. Zer egin dezakegu? 

LEHENIK ETA behin, zuen kezkaren iturria zehazteko proposatuko nizueke: zein dira jolas horretan dagoenean zuei sortzen zaizkizuen beldur zehatzak? Hori argituta errazagoa izango da esku-hartzea beharrezkoa den ala ez jakitea eta, behar izatekotan, nolakoa izan behar duen zehaztea. Galderan bi beldur agertzen dira: bata, “heldua” izatearen proiekzioa, eta bestea, filmetan proiektatzen den nesken eta mutilen ereduen gaineko kezka, estereotipoak sustatzea, alegia.
Gure seme-alabek egiten eta egingo dituzten hainbat gauza gustuko izango ditugu eta beste batzuk ez, baina gure buruari galdetu beharko genioke ea horrek ondorio ezkorrak ekarriko dizkion ala ez. 
Zuen alaba imitazio jolasean ari da, miresten dituen pertsonaiak imitatzen ari da eta horrekin plazer handia lortzen du. Horri ume guztiek “heldu” izateko duten desira gehitu behar zaio, jolas horren bidez behar hori ere asetzen ari delako. Alabak ez daki heldua izatea zer den eta jolas horien bidez alderdi inkontziente horretan murgiltzen da, heldu izateak benetan dakartzan alderdi ez hain onak pairatu gabe. Hori baita jolasaren alderik politena: jolasaren bidez nahi duguna izan gaitezke. Nire ustez, aukeratzen dituzten jolas sinbolikoak epaitzeak ez digu ezertarako balio, askotan ez baitakigu jolas horren bidez zer behar asetzen ari diren. Gainera, jolas horiek epaituz gero, zerbait gaizki egiten ari dela senti dezake eta alde batera utz dezake edo ezkutuan egin dezake, etxean hori onartzen ez dela sentitzen duelako. 
Bestalde, egia da sare sozialek eta telebistak eskaintzen dituzten hainbat eredu ez direla ez errealak, ezta osasungarriak ere. Telebistak heldu izatera gonbidatzen ditu, haur izatea gutxietsiz. Beraz, ume asko egoera horretan egon daitezke: “heldu” izatearen desira dute, baina  oraindik ez daude jauzi hori egiteko prest eta gizarteak horixe eskatzen die. Guraso gisa gizarteak inposatzen dituen eta agerikoak ez diren arau horiek ikusaraztea eta zalantzan jartzea dagokigu. 
Neskei, gainera, besteentzat desiragarria izatea eskatzen zaie. Gure alabei rol horiek alboratzen lagundu behar diegu, irudia eta identitatea barrutik eraiki ditzaten, begirada propioak besteenak baina pisu handiagoa hartuz.
Nola eragin dezakegu? Alde batetik, telebistan, haientzat egokiak diren hainbat eduki aukera ditzakegu eta haiekin batera ikusi, eredu zabala eskainiz. Horrez gain, telebista edota sare sozialen erabilera murrizten badugu, eredu erreal gehiago izango dituzte. Gure seme-alabentzat eredu izan behar dugu eta haiekin egonez, gure jarrerekin eta gure ekintzekin heziko ditugu.