Aitziber Estonba | Sexologoa
Intimitatea
Alaba, 8 urterekin, “intimitatea” eskatzen hasi zaigu, dutxatzeko, janzteko… Gurasook ez dugu inoiz lotsarik izan biluzik ikus gaitzaten, baina berak “intimitatea” eskatzen du. Ez dakigu argi zergatik “ezkutatu” nahi duen. Zer izan daiteke?
ALDE BATETIK, une ebolutiboarekin zerikusia duen zerbait dela esango nuke, alegia, bada garai bat, gutxi gorabehera sei urtetik aurrera, non haurrak gure gizartearen parte izateko ahaleginak egiten hasten diren. Hau da, une horretan haien beharra gure gizartean integratzea denez, behaketaren bidez, helduen arauak jarraitzen dituzte, askotan oso modu zorrotzean. Jokabide horiek asko harritzen gaituzte: adibidez, gure 3-5 urteko umea hondartzan naturalki biluzik egotetik, bat-batean 6 urterekin, bainujantzia aldatzeko genitalak estaltzera pasatzen da. Maiz, une batetik bestera izaten da aldaketa hori.
Esan dugun moduan, haiek, gizartea behatzeko gaitasuna garatzeaz gain, arauak zein diren barneratzen dute, eta gizarteko parte sentitzeko ahalegina egiten dute. Gure gizartean, arauetako bat da genitalak ez zaizkiola edonori erakusten, beraz, haiek ere arau hori eurentzat hartzen dute, modu horretan haiei ere gizartean tokia egingo zaiela sentituz. Nolabait, "Nik denek bezala hau egiten badut, honen parte izango naiz" esaten diote euren buruari.
Ezin dugu ahaztu gure gizartean oraindik ere genitalak ez direla naturaltzat hartzen. Gure genitalak estalita eramaten ditugu eta broma errazak egiteko aukera ematen dute oraindik; pentsatu zenbat hitz desegoki ditugun haiek izendatzeko. Horrez gain, nazka sentimenduarekin hartu ohi izan dira, pixarekin eta ugalketarekin loturik egonda, oraindik ere gizartean ez baitaude ongi ikusiak.
Azkenik, ez legoke soberan, zuen alabari intimitate horrekin zer adierazi nahi digun galdetzea. Hau da: zer dela eta behar hori? Zuek errespetatuko duzuela adierazi, baina behar horri buruz gehiago jakin nahi duzuela esan soilik. Horrekin, bere gorputzarekin ezinegonen bat ote duen edo beste konplexurik izan dezakeen deskubritu dezakegu. Izan ere, garai horretan eskolan dutxatzeko ohiturak hasten direnez, batzuetan besteen gorputzak ikusita, bere gorputzeko atalen bat gustuko ez izatea edo “desegoki” gisa bizitzea gerta daitekeelako.
Sexu orientazioa
Gure seme-alabek 7 eta 9 urterekin, egunen batean izan ditzaketen bikoteez eta horrelako gaiez hitz egitean, sexu bereko lagunak irudikatzen dituzte etorkizuneko bikote moduan. Inguruan ere sexu bereko bikoteen ereduak dituzte… Noiz hasten da sexualitatea edo orientazioa bereizten? Zenbateraino da gai kulturala eta zenbateraino norberaren hautua edo gustua?
SEXOLOGIAK PUBERTAROA markatzen du orientazio sexuala definitzeko edo egonkortzeko garai gisa. Horrek zentzua du. Pubertaroan, beste hainbat aldaketen artean, desira erotikoa garatzen da. Horrek esan nahi du, orain arte erotikarekin zerikusia zuen guztiak nazka ematetik, erotikarako (harremanetarako) desira izatera pasatzen direla. Oraindik ere beldurra eta lotsa sentitzen diren arren, desira pizten da. Orientazio sexuala desira norantz bideratuko dugun izanik, desira agertu arte zaila izango da zure orientazioa zein izango den jakitea.
Pubertaroa, gainera, esperimentazio garaia izaten da, kitzikadurari eta desirari ateak zabaldu, eta esperimentazio horretan lasaitasunez aritzea ideala izango litzateke.
Hala ere, esperientziak erakutsi dit, ume batzuk oso txikitatik jakiten dutela haien desira zein den eta helduaroan horrek ez duela aldaketarik izaten.
Zuena arestian aipatu ditudan kasu horien antzekoa izan daiteke, baina adinarengatik esango nuke agian identifikazioa egiten ari daitezkeela. Alegia, bikote homosexual horiek haientzat oso maitatuak badira, haiek miresten dituztela eta identifikazioa haiekin egiten dutela.
Dena den, arrazoiak bilatzea baino, gure seme- alaben atzetik joatea dagokigu; haien adierazpenei kasu egitea, oraindik egonkorrak ez direla jakin arren. Haiek entzutea eta haiei aukerak zabaltzea ederra izango litzateke, sentitzen duten hori zilegia dela onartuz, baina aurrerago beste zerbait sentitzeko eskubide guztia duela argi utziz. Horretarako, malguak izan behar dugu eta haien adierazpenak lasaitasunez hartu behar ditugu, batzuetan gehiegi aurreratzen garela iruditzen baitzait.
Azkenik, gure gizartean orientazio heterosexuala nagusitzen da eta ume garenetik, telebistan edota filmetan aukera bakar gisa saltzen digute, besteak ikusezin eginez, edota, hainbat kasutan, beldurrez bizitzea eraginez. Oraindik lana dugun arren, nik aldaketa handia sumatu dut: haurrei aukera guztiak bizitzeko bidea eta eredu ezberdinak eskaintzen zaizkie haien orientazioa askatasunez, lasaitasunez eta modu osasuntsuan aukera dezaten.
Amaitzeko esan, ez dagoela % 100 heterosexuala edo homosexuala den inor. Sexologian orientazio sexuala continuum gisa ulertzen da eta, esango nuke, inor ez dagoela bi muturretako batean. Horrek esan nahi du norberak bere orientazioa izan arren, bizitzan zehar aldaketak izan daitezkeela.