Aitziber Estonba | Sexologoa
Oharra: galdera guztiekin lotura duen zerbait argitu nahiko nuke. Askotan, profesionaloi galderak egiten zaizkigunean, ongi eta gaizki, eta egoki eta desegoki hitzak erabiltzen dira. Nahikoa kontzeptu “tranpa” dira horiek, hau da, pertsonen aniztasuna ikusita, familia batean egokia izan daitekeena beste batean desegokia izan daiteke, edo alderantziz. Beraz, egiten diren galderen aurrean, nire helburua familia bakoitza bere errealitatetik abiaturik hausnartzera bultzatzea izango da, eta norberak hartuko dituen erabakiak edo sortuko dituen erantzunak anitzak izango dira. Helburua informazio baliagarria ematea izango da, bakoitzak gai horren inguruan ahalik eta erantzunik kontzienteena eman dezan.
GALDERA ZUZENAK
Gure 7 urteko alabak galdera zuzen asko egiten dizkigu gurasoon sexualitatearen inguruan: ea bikote izan aurretik beste bikoterik izan ote genuen, ea noiz izan genuen lehen bikotea, ea noiz eman genuen lehen musua ezpainetan, ea noiz izan genituen sexu harremanak lehenengo aldiz, zenbat aldiz egiten dugun orain… Adin horretarako galdera oso zuzenak iruditzen zaizkigu eta ez dakigu erantzun edo ez. Zer iritzi duzu zuk?
GURASOOK GALDERA horien aurrean sentitzen duzuena izango da zuen gida: zein galdera erantzungo dudan gogoz, eta zein ez dudan erantzun nahi. Nahi ez dudan hori zergatik ez dut erantzun nahi? Lotsa da emozioa? Edo besterik gabe nire intimitaterako gorde nahi dudan zerbait delako?
Batzuetan, kontua ez da nire seme-alabek niri buruzko informazioa izatea, baizik eta gero haiek, etxetik kanpo informazio hori zabaltzeak beldurra eman diezagukeela. Beraz, hori guztia aztertzea izango da lehen pausoa. Bestalde, une ezin hobea planteatzen ari zaizue intimitatearen gaia etxean jorratzeko. Alde batetik, norberak bere buruaz kontatu nahi duena eta kontatu nahi ez duena dago. Muga horiek guztiz errespetagarriak dira eta norberaren muga horiek errespetatzearen beharra mahai gaineratzeko aukera ematen du gaiak. Modu horretan, gure seme-alabek ere haien mugei buruz hitz egin ahal izango digute, eta horrela denok argi eduki dezakegu zer parteka daitekeen eta zer ez, denok erosoago sentituz.
Bestetik, familia modura, zuen intimitatearen garrantzia jorra daiteke. Gai honek lehen familietan ez zuen pisurik, baina orain, sare sozialen garaian, arlo horretan heztea behar-beharrezkoa ikusten dut.
HANDIAGOEN JARRERAK
Gure 9 urteko alabaren lagun batzuk 16 urteko nerabeen antzera janzten dira eta haien adineko jarrerak dituzte. Guk, guraso modura, 9 urterekin adin horri dagozkion jolasak eta kontuak eduki behar dituztela uste dugu eta kezkatuta gaude besteen jarrerak zer eragin izan dezakeen gurearengan eta bere modukoengan. Esku hartu beharko genuke?
UMEAK GARENEAN imitazio jolas ugari egiten ditugu, eta jolas sinbolikoan aritzeko rol edo pertsonaia askotarikoak izatera jolasten gara. Hori kontuan izaten badugu, zuen alabaren lagunak “heldu” izatera jolasten ari direla dirudi. Era berean, ez da gauza bera gure alaba untxiz mozorrotzea, edo telebistan azaltzen diren hainbat aktore, abeslari.... bezala janztea. Azken horrek dituen konnotazioak gugan sortzen duena aztertu beharko genuke. Zer sortzen digu gure alaba horrela ikusteak? Zer beldur esnatzen zaizkigu jolas horietan ikusten ditugunean?
Nik uste dut, familia bezala, haien jolasek inori min ematen ez dioten bitartean, onartu egin behar ditugula, hau da, haien esperimentazio bidea zabalik egotea garrantzitsua ikusten dut. Nolabait, hori guztia probatuta, identitatea sortzen ari dira.Eta jolasak gero eta anitzagoak izan, hobe. Baina gauza bat da onartzea, eta beste bat jarrera horiek sustatzea edo indartzea. Desberdina da.
Bestalde, kontuan izan behar dugu, sare sozialen zabalpenarekin, jarrera “heldu” horiek geroz eta eskuragarriago dituztela (Tik-tok ikustea besterik ez dago) eta horrek gure gizartean indar handia du. Horiek jarraitzeak ume askori berdinen taldean toki bat izaten lortzen laguntzen die, hau da, “guay” bihurtzen dira. Beraz, jarrera horiek errekurtso bezala erabili ditzakete taldean beren tokia bilatzeko.
ALABAZ
13 urteko gure alabari (14 betetzear) neskak gustatzen zaizkiola uste dugu. Kuriositatea sortzen digu hori hala ote den jakiteak, baina egokia al da berari zuzenean galdera egitea? Izan ere, bere intimitatea asko babesten du, nahiz eta sexu orientazioari buruz eta orokorrean askotan hitz egiten dugun.
LEHEN ESAN BEZALA hauek izango dira familia gisa erabaki hori hartzeko kontuan hartu beharrekoak:
- Galdera honekin, guraso modura, zein helburu duzuen argitu beharko zenukete, jakin-mina edo zuek diozuen bezala kuriositatea soilik den, edo beste zerbait dagoen galdera horren atzean. Adibidez, bera gaizki pasatzen ikusiko bazenute, galdera hori egitea edo gaiari buruz “arakatzeak” zentzu gehiago izango luke, helburua berari laguntza eskaintzea baita. Beraz, geure buruari zera galdetu behar diogu: zertarako ari naiz?
- Aurretik edo une honetan zuen alabarekin duzuen harremana ikusi behar da. Hau da, bere gauzak kontatzeko ohitura duen ala ez. Horren arabera, zentzua izango du galderak egiteak edo ez. Inoiz ez badizue ezer kontatu, bada, agian, lekuz kanpoko galdera izan daiteke, baina gauzak kontatzekoa bada, egoera desberdina da.
- Adin honetan haien intimitatea gordetzeko ohitura izaten dute, haien altxorra bezala bizi dute, nerabezaroaren ezaugarri gisa.
- Era berean, zuek ere galdera egiteko gogorik izatekotan, argi izan berak izango duela azken hitza. Galdera bat denez eta ez agindu bat, askatasunez erabaki dezake erantzun edo ez.
- Azkenik, guraso gisa alabaren orientazio sexualak beldurren bat sortzen didan hausnartuko nuke. Gure garaian homosexualitatea ez zenez gai erraza, agian gure bizipenetatik abiatzen ari gara.
MASKULINITATEAZ
Bi mutilen gurasoak gara eta kezkatuta gaude maskulinitate ereduarekin; gure semeek egungo eredu maskulinoa izaterik ez dugu nahi. Zer zaindu beharko genuke edo zertan jarri beharko genuke arreta?
NIK ONDORENGOETAN jarriko nuke arreta:
- Zuen semeen autoestimuan jarriko nuke indarra. Argi ikusten da, autoestimu eskasagoa duten mutilek, berdinen artean taldean harremanak izateko garaian besteek baino beldur handiagoa dutela diren bezala agertzeko, besteen onarpenaren behar handiagoa dutelako. Mutil lagun talde batzuetan eredu maskulino hori nabarmenduz gero, mutil batzuk ez dira gai haiek horrekin bat ez datozela esateko eta besteek hartzen dituzten jarrera horiek jarraitzen dituzte, onartuak izateko. Beraz, horretan arreta jartzea garrantzitsua dela iruditzen zait.
-Bestetik, familian emozio guztiak onartzen eta ulertzen direla sentitu behar dute, askotan mutilei beldurra, tristura, ahuldadea... sentitzea ez baitzaie onartu (neskei beste sentimendu batzuk onartu ez zaizkien moduan). Horrekin loturik, agresibitateaz hitz egin nahiko nuke. Agresibitatea eta biolentzia gauza bera ez direla argitu nahiko nuke. Agresibitatea gure biziraupenerako emozio gisa ulertzen dut, bizirauteko beharrezkoa, bai ditugun beharrak asetzeko eta baita geure burua defendatzeko ere. Hortik abiaturik, funtsezko emozioa izanik, emozio hori ezin dugu epaitu edo ukatu, ez nesketan ezta mutiletan ere.
-Azkenik, uste dut aitek beraiek mutil bezala egin duten ibilbidea semeekin partekatzeak asko lagun diezaiekeela: zer beldur izaten zituzten? Nola ziren haien mutil koadrilak eta nola sentitzen ziren bertan? Zer desberdintasun zegoen lagun koadrilan egotearen edota lagun bakar batekin egotearen artean? Zein eskakizun zekartzan mutil izateak? Aske sentitzen ziren ala ez?... Etxean honetarako espazioa sortzea polita eta aberasgarria izan daitekeela uste dut.