Aitziber Estonba | Sexologoa

ZAKILA ERAKUSTEN ETA UKITZEN

Gure semeak 3 urte bete berri ditu eta azkenaldian joera handia hartu du zakila atera eta erakusteko: etxean, kalean, dendetan, beste haurrekin... Guraso bezala oso deseroso sentitzen gara eta kalean ez egiteko esan diogu, etxera mugatzeko. Zergatik egiten du hori, zer beharrek bultzatuta? Zeri erantzuten dio? Nola jokatu behar dugu?

ZUEK EGITEN DUZUEN lehen galderan egoera hau bideratzeko gakoa aurki daiteke. Zer dela-eta, eta zein helburu edo beharretatik abiaturik dabil bere zakila erakusten?
Umeek bi urte ingururekin beren gorputzaz harro sentitzearekin batera, berau erakusteko beharra eta gogoa azaltzen dute. Hortaz, zuen semearen kasuan behar horri loturik dagoen uste duzue ala honekin batera arreta eske dabilela? Nire iritziz, bi egoerak erraz ezberdindu daitezke. Bigarren egoeran broma eta barreari ezin eutsiz egoten dira, lehenengoan ez da horrelakorik egoten.
Bigarren kasua bada, beharbada, ondorengo gauzei erreparatu beharko genieke: 
- Ea eskolan edo lagunartean duten jolasa errepikatzen dabilen, alegia, askotan umeek beraien espazio ezberdinetan gertatzen diren portaerak errepikatzen dituzte helduen aldetik portaera horiek zein erantzun izango duten probatzeko. Beraz, irakasleari gelan horrelako jolasik badagoen galdetzea komenigarria litzateke. Hala bada, zuen semea ea eskolan kalean bezala dabilen galdetzea komeni da, informazio horrek pistak emango baitizkigu.
- Bestalde, batzuetan umea telebistan edo kalean ikusitako egoeraren bat errepikatzen egon daiteke. Bazen haurrentzako serie bat non umeak zakila erakusten zuen nonnahi. Batzuetan egoera horiek beraien inguruan duten erantzuna probatzeko asmoz aritzen dira. Gerta liteke bere adinarekin bat ez datorren eszenaren bat ikusi izana eta batzuetan eszena horiek haiengan “hunkipen” antzeko bat sortzen dute eta hori bideratzeko, oso errepikakorrak eta lekuz kanpoko jokabideak izaten dituzte 
       
Beharbada galde diezaiokezue horrekin loturiko zerbait ikusi al duen eta nola sentitu zen. 
- Azkenik, haurrek jakin badakite gure gizartean organu genitalak ez direla beste atalak bezala hartzen. Ondorioz, erraz bilakatu daiteke helduen arreta bereganatzeko bidea. Horrekin loturik, zuengan horrek eragina duela ikusirik, umeak arreta deitzeko bide zuzena lortu duela esan dezakegu.

Batzuetan gurasook lekuz kanpo dagoen jokabide hori ikustean, une horretan bertan esku hartzen dugu, baina agian une hori ez da egokiena. Batez ere, gu emozioek gainditurik gaudelako (haserrea, deserosotasuna, beldurra...) eta horrek ez duelako egoera bideratzen laguntzen. Beraz, etxean lasaiago gaudenean hel diezaiokegu gaiari ea hainbat pista jaso ditzakegun. Eta, aldi berean, berak hori egiten duenean gu nola sentitzen garen azal diezaiokegu.


TXIKITATIK MASTURBATZEN

Gure alabak urte eta erdi-edo zuenean egin zuen bere aurkikuntza: autoko aulkitxoan igurtziz plazera lortzea. Orain 5 urte ditu eta berarentzat plazeraren sinbolo izaten jarraitzen du autoko aulkian joateak. Guk azaldu diogu ulertzen dugula gozamen hori bizi nahi izatea, baina hobe dela leku intimo batean egitea. Gainera, autotik atera nahi ezik egoten da, batzuetan gehiegizkoa izateraino. Nahi duen guztietan utzi beharko genioke? Eta besteen aurrean ere bai? Mugatu egin beharko genuke? Nola jokatu behar dugu?

GURASO ETA HEZITZAILEEI entzuten diedanaren arabera —eta baita nik ikusi dudanaren arabera ere—, 5 urte da adinik zailena planteatzen duzuen gaia bideratzeko. Adin honetako haurrek autonomia handia dute jada eta plazera lortzeko bideak ezagutzen dituzte, beraz batzuk horretan oso gustura aritzen dira. Era berean, handitzen ari dira eta gure gizartean ez dago hain ongi ikusia adin horretako haurrak beren genitalak ukitzen ikustea. Horrekin batera, adin honetan oraindik kosta egiten zaie erregulazioa ulertzea, hau da, non burutu eta non ez, plazerak erregulazioari partida irabazten diolarik.
Aipatu dudan horrekin ez dut esan nahi umeari ez zaionik adierazten joan behar zein den toki egokia eta zein ez, baita intimitatearen kontzeptua ere. Baina, beharbada, ez dugu lortuko hain erraz nahi dugun emaitza. Adibide bat jartzeagatik, beraiek badakite hortzak garbitu behar direla eta ohituren barruan dagoen arren, zenbat aldiz errepikatu behar diegu gauza berbera? Bada honekin gauza bera, gutxi gorabehera; ulertzen duten arren, oraindik haien gorputzak eskatzen diena aukeratzen dute.
Beraz, agian komenigarria litzateke, eta jakinda autoan gertatzen dela beti, autora sartu baino lehen, berarekin gidoi bat egitea. Haurrari esatea, "begira orain autora joango gara, seguraski oso gustura joango zara, baina bidaia amaitzean atera egin beharko zara". Hori aurretik berarekin adostuta, eta egun batzuetan malgutasun gehiago izanda, tratu horiek bere onurako ere izatea lortu dezakegu, eta, modu horretan, autoan errepikatzen den egoera kudeatzen joan zaitezkete. Ziur nago urtebete barru, asko jota bi, gaitasun gehiago izango duela muga horiek onartzeko eta intimitatearen kontzeptua ulertzeko. Eta orduan naturalki bilatuko ditu bere plazera lortzeko txokoak.


NESKAK ETA ASKATASUNA

“Nik nahi dudalako janzten dut top-a” dio gure 15 urteko alabak, eta emakume ahaldundua eta askea sentitzen da. Mutilek, ordea, ez dute hainbeste erakusten euren gorputza. Benetan askeak dira gure neska gazteak ala marketinak eta sistema patriarkalak sortu duten genero irudi bati erantzuten diote? Guraso gisa zer jokabide hartu beharko genuke, jakinik gure iritziak duen pisua oso mugatua dela adin hauetan?

GALDERA HAU ERANTZUTEKO nire nerabezaro garaira joko dut. Garai horretan eta zenbait girotan —euskaldun giroan batez ere—, neskok kamiseta eta jertse handiak janzten genituen, askotan ipurdian jartzen genituelarik. Zer uste duzue guk arropa mota horiek aukeratu egiten genituela ala modarengatik janzten genituela?
Beraien erabakiak askatasunez hartzen dituzten ala ez da gakoa, eta nik zalantzak ditut. Guk ematen ditugun tailerretan janzteko garaian beldur asko izaten dituztela aitortzen digute: besteen epaiketagatik, euren burua ongi ez ikustearen kezkagatik, itsusi sentitzearen beldurragatik, ezberdina izatearen eta taldetik kanpo geratzearen kezkagatik... Uste duzue beldur horiekin guztiekin erabakiak askatasunez har ditzaketela? Guk askatasunez hartzen genituen?
Egin dezakegun lana kontzientzia lana da. Alegia, edozein erabaki hartu behar dutela —arropa dela, kirola dela, depilazioa dela...— kontzientzia hartzea eta erabakiak hartuta ongi eta aske sentitzea, eta ez modak edo besteek agintzen dutelako egitea. Horretarako, ezinbestekoa da “ezberdin” izatearen beldurra lantzea eta etxean beldur hori maitasunez jasotzea. Askotan beldur honi ez diogu kasurik egiten, umekeriak direlakoan, baina haientzat lagun taldeak une honetan jokatzen duen papera zein garrantzitsua den pentsatu behar dugu. Eta taldean galdu gabe, hau da, bera izanez, beldur hori surfeatzea da gakoa.