Aitziber Estonba | Sexologoa

LEHEN SEMEN ISURKETA

Seme-alaba nerabeen gurasoak gara. Emakumeen hilekoaz duela urte batzuk baino gehiago eta modu naturalagoan hitz egitea lortu dela uste dugu, bai etxean eta baita eskolan ere. Baina ez dugu uste gauza bera egiten denik mutilen lehen eiakulazioaz edo isurtzeaz eta uste dugu oharkabean pasatzen dela. Nola landu daiteke gaia etxean?

BAI, ADOS NAGO. Nesken pubertaroko aldaketez asko hitz egiten dela iruditzen zait, baina mutilenaz ez. Ondorioz, irudipena dut ez zaiela mutilei neskei bezainbeste laguntzen pubertaroko aldaketekin. Semen isurketaren aldaketa oraindik tabua da familietan eta gizartean, arrazoi sinple batengatik: semen isurketak masturbazioarekin eta orgasmoarekin lotura duenez gero, eta horiek ere tabu direnez eta badirudienez ez direla existitzen, ondorioz mutil gazteek ez dute horretaz inorekin hitz egiten, eta askotan gertatuko ez balitz bezala pasatzen da. Hori baieztatzen duen adibide bat jarriko dut: ez dago gurasorik ez dakienik bere alabari hilekoa jaitsi zaion ala ez; mutilen kasuan, gurasoei galdetzen diedanean, inork ez daki semeak semena duen ala ez, edota zein adinetan etorri zaion. Beraz, uste dut badela garaia tabu horiek gainditzeko eta familietan gai hau mahaigaineratzeko, hilekoa edo beste aldaketak bezala. Horretarako, uste dut aitaren figura garrantzitsua dela. Ezinbestekoa ez, beste edonork ere egin dezakeela iruditzen zait, baina beharbada mutilentzat errazagoa eta erosoagoa izan daiteke hasieran haientzat berriak diren bizipen horiek jada hori bizi izan dutenekin partekatzea. Hala ere, horrek ez du bermatuko guregana joko dutenik, gazte askok, nahiz eta aukera izan, ez dute nahi izaten-eta. Baina guraso bezala, gai hauetaz hitz egiteko atea zabaltzea dagokigula iruditzen zait, behintzat haiek aukera hori zabalik dutela sentitzea. 


SARE SOZIALETAKO HARREMANAK

Bi neraberen gurasoak gara eta guk ezagutu ez genuen errealitate batekin egiten dugu topo: gure seme-alaben bikote harremanak sare sozialen bidez hasten dira. Zer eragin izan dezake horrek gero aurrez aurreko harremanetan?

GAZTEAK, ETA BAITA GU ERE, bi mundu paralelotan bizi gara: online mundua eta offline mundua. Argi dago, mundu berri baten aurrean gaudela eta erlazionatzeko modu berri hauek, gauza guztiek bezala, beren onurak eta baita ere kalteak dituztela. Onura gisa, adibidez, garai honetan, non tabernak edo jaiak ligatzeko (edo jendea ezagutzeko) mugaturik dauden, sare sozialak plaza hori bilakatu dira, eta gaztek —eta ez hain gazteek—, horrekin ordezkatu dute lehen gauean eta tabernetan edo diskoteketan burutzen zena. Aplikazio hauetan anonimotasuna onura izan daiteke; beharbada taberna batean norbaitengana joateko ausardia gehiago behar da, eta, berriz, aplikazio hauetan ez gaituztenez ikusten, errazago bilakatu daiteke norbaitekin hitz egiten hastea. Baina, era berean, anonimotasun horrek badu bere arriskua, badago jendea horretan ezkutaturik oso gauza desatseginak egiten ari dena, adibidez Grooming-a, adineko gizonak neska gazteekin gelditzea, edota irudiak eskatzea gero baimenik gabe partekatzeko. Bestalde, aplikazio hauetan hainbeste “kontaktu” daudenez eskuragarri, azkenean “pertsona-merkatua” bilaka daitezke alegia, denda bat bezala; ez bazait askorik gustatzen, berarekin hitz egiteari utzi (askotan inolako azalpenik gabe) eta beste bat bilatzera noa. Horren atzean pertsonak eta haien emozioak, autoestimua... gauza asko daudela jokoan adierazi behar diegu. Behar-beharrezkoa ikusten dut hezitzaile gisa online mundu honetan heztea, azkenean harremanen mundua berdina baita online edo offline: pertsonekiko errespetua azaldu beharra dugu eta gure arteko tratu ona sustatu.


PORNOA

Pornoa 10 urtetik aurrera iristen omen zaie neska-mutilei gaur egun. Hezitzaile gisa, nola landu dezakegu gai hori? Zein irizpide eduki behar dituzte kontuan ongi 
erabiltzeko eta kaltegarri ez izateko?

GAI OSO KONPLEXUA DA planteatzen duzuna. Save The Children-ek egindako ikerketan, batez beste gazteek pornoa lehendabiziko aldiz 12 urterekin ikusten dutela argitaratu da (https://www.savethechildren.es/sites/default/files/2020-09/Informe_Desinformacion_sexual-Pornografia_y_adolescencia.pdf). Gai hau jorratzeko hainbat gauza eduki behar dira kontuan:

1.- Gauza bat da zerbait ikusi izana Interneten, eta bestea kontsumo jarraia izatea. 
2.- Gazteen une ebolutiboa ere kontuan izateko faktorea da. 11-12 urtekin oraindik desira erotikoa ez dute agertzen. Adin honetan musuek ere nazka ematen dietela kontuan izanda, horrelako irudiak ikusteak eragin handia dauka haiengan, eta askotan, ikusi ondoren gauetan lo hartu ezinik egoten dira ikusitako irudiaren bortizkeria dela-eta. 
3.- Adina ere faktore garrantzitsua da. Pornografia fantasian oinarriturik dago eta horrek guregan eragin ezkorrak ez izateko, helduok errealitatean oinarritutako bizipenak baldin badugu, pantailan ikusten duguna kritikatzeko edo bere horretan kokatzeko gaitasuna izango dugu. Gazteen kasuan bi gauza horiek falta zaizkie: bizipenak eta kritikotasuna. Beraz, haiek sinetsi edo pentsa dezakete harreman erotikoak horrela direla. Beraz, pornografia harreman erotikoak erakusteko “eskola” bezala hartzen dute. 
4.- Ikastetxeetan zein familietan benetako sexuen heziketa martxan egongo balitz, gazteek ez lukete pornografia sexuen hezkuntza iturri gisa hartuko, baina ez da horrela. Une honetan, ikastetxeetan sexuen heziketa programak dauden arren, urriak dira. 
5.- Gazteek kontsumitzen duten pornografiak—doako plataformetan—, biolentziarekin sexuarekin baino lotura gehiago duela argi dago. Oso eduki biolentoak dira, askotan baita helduak izutzekoak ere. Bertan ez dira harremanak azaltzen, baizik eta guk “zirko erotikoa” deritzogunak, hau da, morboan eta esajerazioan oinarritutako bideoak.
6.- Gainera, gai tabua denez, familiarekin ezin da hitz egin; beraz, soilik lagunen artean (batez ere mutilen artean) hitz egiten da. Ondorioz, ez dute eduki horiek zalantzan jarriko dituen iturri fidagarririk.
7.- Argi dago pantailako denbora gutxitu ahala, gazteek eduki kaltegarri gutxiago ikusiko dituztela. Azkenaldian, onartutzat ematen dugu gure seme-alabek pornografia ikusiko dutela, eta pantailak ireki dituen ateei esker, hala da; zerbait ikusi eta iritsiko zaie, baina haientzat egokia ez dela jakinda, pantailan dena libre ikusten utzi behar al diegu? Gainera, kontuan izanda, gero gurekin edo heldu batekin hori kontrastatzeko aukerarik ez dutela izango?

Esteka interesgarri bat jartzen dizuet: https://guraso.eus/sexualitateak-3-0-eredu-pornografikoari-aurre-egiteko-estrategiak


“NOBIOAK” ETA MUSUAK 5 URTEREKIN

5 urteko alabak esan digu gelako ia neska guztiak gelako mutil baten “nobiak” direla eta hura musukatzen dutela. Jolasa dela ikusten dugu, baina gaiaz (nori eman musu, zergatik, noiz ez…) hitz egiten hasteko garaia dela ikusten dugu… baina ez dakigu nondik jo… Nola has gaitezke?

LEHENIK ETA BEHIN, umeen sexualitatea eta helduena ezberdindu beharra dago. Haiek gai honetan, beste hainbatetan bezala, imitazioan oinarritzen dira, eta Haur Hezkuntzako garaian gustura aritzen dira horretan.

Edozein unea izan daiteke egokia "nobioez" eta musuez hitz egiteko. Gainera, umeek kontatzen duten naturaltasunarekin erraza izaten da. Haiei galdetzen jarraitzen baduzue, ikusiko duzue guk eta haiek maneiatzen ditugun "nobio" kontzeptuak guztiz ezberdinak direla.

Alabaren jolas horietan interesa (ez txutxu-mutxua, ez broma, ez morboa) duzuela adierazten badiozue eta ez baduzue epaitzen edo tontakeriatzat hartzen, etxean gai horiek interesekoak direla adieraziko diezue eta jolas horietan sor daitekeen edozein gertaera kontatzeko atea zabalduko duzue. Horrez gain, jolas horiek guztiek haiengan sortzen dieten emozioetan sakondu dezakezue (ilusioa, poza, irrika, plazera....), modu polita baita emozio positibo horiek guztiak sustatzeko eta identifikatzeko. Ipuin hau ere baliagarria izan daitekeelakoan nago: Derrigorrez musurik ez (liburu formatuan edo Youtuben).