Aitziber Estonba | Sexologoa

GORPUTZA

15 urteko semeak ez darama oso ongi bere gorputza bizitzen ari den aldaketa, granoak, bizartxoak, ahotsa erdi aldatuan… lehen ez bezalako lotsa ikusten diot, eta janzteko moduan ere zabarkeria, guapo egon nahiko ez balu bezala… nola lagundu diezaioket? Adin honetan ohikoa da gorputzarekin gustura ez sentitze hau?

BAI, GUZTIZ NORMALA DA. Autoestimu fisikoak, eta baita psikikoak ere, nerabezaroan gorabehera handiak jasaten ditu. Nerabearen gorputzak oso denbora gutxian aldaketa nabarmenak izaten ditu, askotan haientzat azkarregiak dira kudeatzeko eta zaila egiten zaie horri guztiari aurre egitea. Horrek, haien itxura fisikoa ez gustatzea ekartzen du eta zure semea izaten ari den jokabideetan nabarmen geratzen da.

Aipatzen duzun zakar janztea bere gorputza edo gorputz berri hori onartzeko zailtasunak izaten ari denaren seinale izan daiteke. Askotan gustuko ez ditugun atalen aurkako jarrerak ditugu eta horiei arreta berezia eta maitasuna jarri beharrean, galdutzat eman ditzakegu, ez onartze horrek, era berean, berriz indartzen duelarik. Adibide bat jartzearren, “ez zait nire sudurra gustatzen” esaten dugunean, nerabearen kasuan “nazka ematen dit nire sudurrak” esan ohi da. Horri begiratzen baldin badio, ez da ongi sentitzen, eta hainbat jarrera har ditzake: ez begiratu (ez sufritzeko), ezkutatzen saiatu, edo batzuetan are eta itsusiago bihurtu nahi dute, nolabait beren kontra duten guztia indartzeko. Horrez gain, gure gizartean ditugun estereotipoek, inori, eta nerabezaroan dauden gazteei are gutxiago, ez diete laguntzen haien gorputzak onartzen eta haiekin harreman polita izaten.

Familia bezala lan zaila da, une honetan, haien gorputzari buruz guk bidaltzen dizkiegun mezuek ez baitiete askorik laguntzen (“oso ederra zara”, “noski, nola ez zaizu irudituko? nire ama zara”). Nerabeek une horretan haien adin berekoek esaten ahal dizkietenak behar dituzte, gureak baino gehiago. Gure lana gehiago da ulertzea
eta egonezin horretan laguntzea, bere sentipen horiek adierazteko bideak eskainiz, emozioa edozein delarik ere, baita amorrua ere. Hori jaso eta hor ondoan egon.

Guk, behin formazio batean, oso ariketa polita egin ge- nuen. Bakoitzak bere gorputzetik gustuko ez zuen atala aukeratu eta taldekideek atal hori gorputz margoekin apaindu zuten. Behin atal hori apaindu zutenean, ukitu zutenean, ikusi genuenean besteek nola begiratzen zioten guk hainbeste gorroto genuen atal hari maita- sunez eta mimoz, asko aldatu zen gure iritzia horren inguruan, onartze bidera pausoak emanez.


ESTEREOTIPOAK

Gure alaba (8 urte) gorpuzkeraz eta zaletasunez nahiko marimutila da. Gurasook harro gaude, baina amaginarrebak presio egiten dio “nesken gauzetan” jolasteko eta soinekoak janzteko. Esan izan diogu horrek ez diola mesederik egingo, kalte baizik. Amona ere ulertzen dugu, beste garai batekoa da… Baina nola bermatu dezakegu alabari horrek ez diola eragingo? 

NI LASAI EGONGO NINTZATEKE, zuek zarete beretzat erreferente nagusiak eta zuen onarpena izanez gero, lasaitasunez arituko da nahi duen horretan. Horrez gain, uste dut, une honetan gure gizartean zuen alabak ez duela arazorik izango onartua izateko, aurrerapauso  handiak lortu baitira neskak “maskulinoago” zen mundura hurbiltzeko. Beraz, bai hezitzaileek baita ikaskideek ere jokabide horretan ez dute ezer arrarorik ikusiko. Alderantziz izango balitz, mutila “femeninoagoa”  litzatekeen mundura hurbiltzea, ez nuke gauza bera esango. Nahiz eta aurrerapausoak eman diren, oraindik mutilek presio gehiago jasaten dute askatasunez aritzeko. Era berean, uste dut amonak duen jarrerari ere etekina ateratzen ahal diozuela. Zuen alabak, gizarteratzera doanean, agian oraindik ere amonak ematen dizkion bezalako mezuak jaso ditzake. Ez dugu ahaztu behar amonak beste garai bat bizi izan zuela eta gauzak mantso aldatzen direla. Edonola ere, amonari esan diezaiokezue presio horrek kalte egiten diola alabari, eta aldi berean, zuek amonarekin horretaz hitz egiteak eta “eztabaidatzeak” tresna gehiago eskaini diezazkioke zuen alabari. Egoera horrekin denok ikasten joan gaitezkeela iruditzen zait.

Gizarteak ez dira egun batetik bestera aldatzen (nahiz eta gustatuko litzaigukeen). Beraz, bide honetan elkar ulertuz, entzunez eta, noski, errespetuz, jarrerak eraldatzen joango gara.


HAURREN HIZTEGIA

Haur Hezkuntzako irakaslea naiz eta badakit ohikoa dela haurrek “zakila”, “potota”, “ipurdia” behin eta berriro aipatzea, baina ez dakit zeri dagokion, hau da, genitalidadea ezagutzen ari direlako da? Edo helduok lotsarazten gaituelako errepikatzen dute? Nik ez diet mozten, baina askotan gogaikarria zait hainbeste entzutea.

NIK USTE DUT AIPATZEN DITUZUN BI FAKTOREAK DIRELA. Alde batetik, haurrak gizartea du eredu, haiek konturatuta daude aspaldi, haien familietan ez dela berdina sudurra edo alua esatea. Gai honetan ardura gurea da, poliki-poliki gure jarrerak aztertuz, aldaketa egiten hastea. Sexuen heziketan jarrera horiek ez dira bakarrik hitzen bidez azaltzen, gorputzarekin askoz gehiago adierazten dugu (keinuak, urduritasunak, barreak, helduen arteko begiradak...). Beraz, jarrerak identifikatu eta horietan aldaketa egitea beharrezkoa da. Era berean, beraiek genitalidade fase horretan ere aurkitzen dira, horretan esperimentatzen. Gorputzak eskaintzen dien plazer hori ere nahiko ezkutua da, haiek sentitzen dute baina helduek ez diote sentitzen duten horri espazioa ematen, existituko ez balitz bezala da. Beraz, agian errepikakortasun horrekin, plazer horren LEGITIMAZIOAren bila ari dira. Plazerari espazioa ematea esaten dudanean, beste emozioekin bezala aritzea proposatzen dut, haserre dagoenean, edo ondoren, haserre hitza jartzen diogun bezala, umea bere genitalak ukitzen ari denean, edo ondoren, horri ere hitza jar diezaiokegu (“zein gustora egon zaren ezta?” esanez) eta familian ere plazerari duen tokia ematea garrantzitsua da.