Aitizber Estonba | Sexologoa

SEXU-HEZIKETARAKO BALIABIDEAK

10 urteko alaba garatzen hasi da, ileak ateratzen, bularra hazten… Bilakaera horri buruz edo hilekoaz hizketan hasten banatzaio lotsatu egiten da. Zer beste baliabide (liburu, pelikula…) gomendatzen dizkidazu?

BESTE BALIABIDE BATZUK ERABILTZEA OSO EGOKIA litzateke. Hala ere,  neska-mutil bakoitzak aldaketa hauek bere modura biziko ditu, eta guri, guraso bezala, haien aurretik joan beharrean, haien atzetik joatea dagokigu. Une honetan, haiekin gai honen inguruan hitz egiten saiatzea baino, edo horren inguruko informazioa ematea baino, gure lana haien beldurrak eta lotsak entzutea da, eta horiek errespetatzea. Entzutea, eta batez ere, ondoan egotea, haiek beraien ondoan gaudela sentitzea, alegia! Jarrera hori zailagoa egiten zaigu zenbaitetan, ezer ez dugula egiten iruditzen zaigulako, baina haiek ulertuta, entzunda eta, batez ere, errespetatuta sentitzen direnean, prozesua askoz hobeto biziko dute. 
Hemen dituzu ipuin interesgarri batzuk: 
- Lilithen altxorra. Carla Trepat.
- Kilimak. Nerea Sancho. 
- Mi cuerpo está loco komikia. Severine de la Croix. 
- Mamá me ha venido la regla. Serrano. 
- Moonthlies dokumentala. 


OHEAN BILUZIK

Haurrek (2 eta 4 urte) tarteka gure ohera etortzeko ohitura dute, eta batzuetan biluzik aurkitzen gaituzte. Naturaltasunez bizi izan dugu, baina 4 urteko semea 
galderak egiten hasi zaigu. Naturaltasunez bizi nahi dugu, baina haurrei enbarazu egin gabe. Gomendioren bat?

HAURRAK ZEIN GALDERA MOTA EGITEN DIZKIZUEN jakitea interesgarria litzateke, zein bide hartzen duen elkarriz-keta horrek, alegia. Hala ere, zein da kezka? Zertan egin diezaieke zuen biluztasunak enbarazu beraiei? Esango bazenidake kalean biluzik ibiltzen zaretela, eta gure gizartea oraindik biluztasunaren kontrakoa denez, agian horrek zuei eta baita zuen seme-alabei ere arazoak ekar dakizkizue, baina arlo intimoan ez dut uste kalterik dagoenik.

Zuek gustura sentiarazten zaituzten zerbait da, eta biluztasun horren aurrean galderak egiten dituenean, une polita izan daiteke norberak bere ongizaterako dituen moduen inguruan hitz egiteko. Adibidez, biluzik lo egiteaz, edo nire belarriak laztantzeaz, edo... plazeraz hitz egiteko unea izan daiteke. Aski polita!

Biluztasuna soilik une batzuetan gertatzen bada, horrek ere galderak ekar ditzake, eta gaiaren inguruko elkarriz-keta sortzeko ere aukera hobeezina izan daiteke. Agian, haurretako bat amatxori (hori baita ohikoena) genitalak edo titiak ukitzen hasten dela ikusiz gero, aprobetxatu daiteke modu goxoan mugak jartzeko. Gurasook muga horiek jarri ezean nahasmendu handia sor dezakegula iruditzen zait (batez ere haur helduenarekin).


SEXUALITATEAZ HITZ EGITEN

5 urteko bikiak dituen ama naiz. Alabarekin badut sexualitatea nola landu irizpiderik, hilekoa, plazera… baina semearekin galduago nago. Zer izan behar dut kontuan semearekin sexualitateaz hitz egiterakoan?

LEHENIK ETA BEHIN, SEXUALITATEA HILEKOA BAINO harago doala esango nizuke. Ez dira gai zehatz batzuk bakarrik, pertsonaren dimentsio osoa baizik. Pertsonak sexuatuak garen heinean, gure bizitzan eta biografietan  bizitzen, gertatzen edota sentitzen dugun edozer da sexualitatea. Beraz, zure semearekin jada sexu-heziketa burutzen ari zara, jaio zenetik (edo hobeto esanda, lehenagotik).

Hala ere ulertzen dut galduago egotea. Zure bizipenak alabarengandik gertuago senti ditzakezu eta horregatik errazago suerta dakizuke alabarekin sexualitateaz hitz egitea. Horretarako, aita papera, balego, interesgarria litzateke. Berari agian errazagoa suerta dakioke semea ulertzea, entzutea eta berarekin hitz egitea. Hala ere, bata eta bestearekin egin dezakegun lana ez dut uste hain desberdina izango denik.

Gure beldurrek, askotan, ez digute uzten gure seme-alabek behar dutena ikusten, eta sexu-heziketa egiteko, bai neskekin eta bai mutilekin, haiei jarraitzea da interesgarriena. Haien prozesua gurearen ezberdina izango da. Horregatik, nola bizitzen ari diren entzutearekin eta haien ondoan gaudela sentitzearekin nahikoa litzateke.


HAURREN MASTURBAZIOA

6 urteko (LH1) gelako irakaslea izan naiz aurten, eta guraso batzuei esan diedanean euren umeak eskolan masturbatu izan direla guraso batzuek oso gaizki hartu dute. Saiatu naiz azaltzen normala dela eta lasai egoteko, baina ez dut guraso horiengana ongi iristea lortu. Zer konta diezaieket naturaltasunez bizi dezaten haurren masturbazioa eta euren haurrarekin ere hala landu dezaten?

ALDE BATETIK, HAURREN MASTURBAZIOARI BURUZ, uste dut oraindik ere ez dela behar bezalako naturaltasunez hitz egiten. Gezurra dirudien arren, gizarte honetan oraindik nahiko gai tabua da, horrek ekartzen dituen aurre-iritziekin eta desinformazioarekin. Desinformazio horrek gurasoei beldur handia sorrarazten die. Horrekin zera esan nahi dut: hezitzaileok, gurasoei honi buruz hitz egiten diegunean, pentsatu behar dugu haientzat lehendabiziko informazioa izan daitekeela. Guztiok behar izaten dugu denbora informazio berria kokatzeko. Gainera, lehen esan bezala, gizartean ez denez naturaltasunez hitz egiten, gurasoei emandako informazioa beste gurasoekin edo komunikabideetan ezin kontrastaturik gelditzen dira, horrek sortzen dien kezkarekin: “nire seme-alaba da bakarra jarrera hau agertzen duena”.

Beraz, nik uste dut, horrekin lotuta, hezitzaile gisa bi erronka ditugula: batetik, haurren masturbazioaren inguruan naturaltasunez hitz egiten hastea, horrek umearen ongizatean dituen onurak aipatzea, eta,  batez ere, egoera hau Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako lehen zikloan ohikoa dela gogoraraztea.

Bestetik, gurasoen beldurrak ulertzea, eta horiek kontuan izanda lan egitea garrantzitsua da. Modu goxoan beldur horiek jaso eta haiekin poliki-poliki lan bat egitea. Beldurraz gain, guraso askok oraindik lotsa ere sentitzen dute, beraien seme-alaba egoera horretan irudikatzean. Kontuan izan behar dugu guraso bakoitzaren sexu-heziketa eredua ezberdina dela, baina orokorrean jaso dugun sexu-heziketa nahiko errepresiboa izan da. Beraz, beste arloetan hezten laguntzen diegun bezala, honetan ere lagundu egin behar diegu; beti ere beraien beldurrak errespetatzetik hasita.