Aitziber Estonba | Sexologoa
Banaketaren ondorioak
Gure alabak txikiak zirela banandu ginen. Eurek ez dute aitarekin harreman handiegirik izan ordutik. Orain, alaba nagusiak 14 urte egin dituenean, bikote harremanei buruz oso ikuspegi ezkorra daukala ikusi dut, ez duela inoiz bikoterik izango edota nahiago duela bakarrik egon esaten du. Gurasoen banaketa gogorra egin zitzaion, eta iruditzen zait horrek eragina duela bere ikuspegian. Nola lagundu diezaioket harremanei buruz ikuspegi hobea izan dezan?
ALDEZ AURRETIK, esango nizuke zuk planteatzen duzun hipotesia egokia izan daitekeela, norberaren biografiak ondoren izango ditugun bizipenak baldintza ditzakeelako, baina ez soilik kalterako, baita onerako ere. Hala ere, ez nuke esango hori faktore bakarra denik. Adibidez, gure seme-alabek ez dutela guraso izan nahi errepikatzen digute, guk ideia hori nondik datorkien ez dakigun arren. Horrekin zera adierazi nahiko nizuke, batzuetan guraso edo pertsona gisa hartzen ditugun erabakietan zama astunegia jartzen dugula, gure seme-alaben bizitza zeharo baldintzatzen ariko bagina bezala, eta horrek errudun sentimendua ekar diezaguke; baina, nire ustez, gauzak ez dira horrenbesterako.
Hala ere, egokia izango litzateke gaia lasaitasunez hartzea, beti ere, aurretik aipatu dugun errudun sentimenduari tarterik egin gabe. Gainera, bereizi egin behar dira gaiak: gauza bat da alabak orain esaten duena eta beste bat, bizitzan zehar biziko duenaren arabera hartuko dituen erabakiak eta biziko dituen bizipenak. Oraingoz, dena proiekzio bat da eta ez berak, ez beste inork, ez dakigu bizitzak zer ekarriko dion. Beraz, nahiz eta zaila izan, ez proiektatzen saiatu beharko genuke, alferrikakoa da-eta.
Dagoeneko banaketa gertatu zenetik denbora pasa denez, egokia izan daiteke banaketaren gaia orain hizpidera ekartzea, garai horretan gertatutakoak, sentitutakoak eta bizi izandakoak gogora ekartzea, modu lasaiean hitz egiteko, esperientziak bioi eman dizkizuen betaurrekoak jantzita. Une hartan alabak bikotearen inguruan benetakoak ez diren ideiak edo ondorioak sortu baldin bazituen, horiek deseraikitzen joateko unea izan daiteke. Bide batez, adierazi diezaiokezu bizi ditugun esperientzia anitzek egiten gaituztela garen gisako pertsona, eta norberaren biografian gertatutako guztiak, atseginak zein ez hain atseginak, bizitzaren irakaspen gisa hartu behar ditugula.
Bestalde, zeu ere gonbidatzen zaitut zeure baitan (alabarekin partekatu gabe, zeure baitan lantzera soilik) banaketaren esperientziak zuri sortu zizkizun ideiak, beldurrak, irakaspenak eta bizipenak aztertzera, eta orain dituzun betaurreko ezberdin horiekin aztertu ezazu zeuk ere nahi gabe atera zenituen ondorioak, seguraski ez zirelako guztiak benetan gertatu zirenak izango. Bikote banaketek zauri potoloa eragin dezakete, ondorengo harremanetan eragina izan dezake- eta. Polita izango litzateke zuri bizipen horrek zamaren bat sortu izan badizu hori poliki-poliki askatzen joatea.
Haurrak pornoa
Gure 9 urteko semea oraindik ere irudimenean bizi da, (Olentzerorengan, Perez sagutxoarengan sinesten du), aldiz bere gelako pare batek sakelakoa dute eta eskolan arreta deitu diete partekatzen omen dituzten sexu bideoengatik. Adin bererako talka izugarria dela iruditzen zaigu. Gure semeak halako bideoak ikusi ditzakeela pentsatzeak asko arduratzen gaitu, hain haurra izanik. Guri sexualitateaz hizketan hasteko goiz iruditzen zaigu, baina bere inguruan sakelakoak daudela kontuan izanda, arduratuta gaude. Nola orekatu genezake egoera?
TAMALEZ, egoera hori gero eta ohikoagoa bilakatzen ari zaigu. Familia batzuk gure seme- alabek internet bidez jaso ditzaketen edukiekin arduraturik gaude (ez soilik sexuari loturikoak, baita biolentziarekin loturikoekin ere), gure seme-alabak babestu nahi ditugulako. Aldiz, beste familia batzuk ez dira konturatzen ari horrelako gailuak euren seme-alabei hain goiz emateak sor ditzakeen arazoez.
Horixe da dugun errealitatea. Gailu horiek haurrentzat erakargarriak diren heinean, sakelakoa duten umeak eta haiek erakusten dutena oso deigarria egiten zaie eta guraso moduan, ezingo dugu ekidin gure seme-alabek ere haientzat desegokia den zerbait ikusiko dutenik.
Argi dagoena da 9 urteko ume bat (ezta helduagoak ere) ez dagoela prest hainbat irudi eta bideo ikusteko, eta hori ez dela haientzat batere osasungarria. Aldi berean, nire esperientziatik esango nuke, antzeko umeek euren artean erlazionatzeko ohitura dutela, hau da, beren tankerakoak bilatzen dituztela interes eta erosotasun irizpideak jarraituz. Beraz, ziurrenik zuen semea, une zehatz batzuetan soilik aurkitu daiteke egoera horietan.
Beti bezala, garrantzitsuena etxean eskainiko dugun sexu hezkuntza izango da; hau da, umeak ikusi duen hori zuekin partekatzeko nahikoa konfiantza baldin badauka, aukera ezinhobea izango da irudi edota bideo horiek sortzen dizkioten emozioei buruz zuekin hitz egiteko, nazka, jakin-mina, tristura, kitzikadura...
Horretan guztian giltzarria izango da umeak gurasoen epairik ez sentitzea. Bideo edo irudi horiek ikusi izana epaitzen badugu, hurrengoan ezkutuan gordeko du eta hori guztia jorratzeko aukerarik gabe geratuko gara. Nahiz eta hori gurasoentzat kezka eta haserre iturri izan, haien aurrean lasaitasunez hitz egiteko gai izan beharko genuke etxera ekarri duten gai horri buruz, haiekin komunikazio bide bat zabalduz. Noski, ez diegu inoiz esango hori egokia denik, baina ikusi izana ez dugu epaituko, ezta sentitu dutena ere.
Horrez gain, autozaintzaren kontzeptua txertatu dezakegu elkarrizketan, hau da, saia gaitezen bere kasa pentsa dezan zerk egiten dion on eta zerk ez; pentsa dezala ea bideo eta irudi horiek lagungarriak zaizkion ala ez, zer sortzen dioten ikus dezala. Ideia ona izango litzateke, baita ere, gisa horretako irudietatik babesteko tresna batzuk eskaintzea; esate baterako, jakitea taldetik banatzen, taldeak proposatzen duen hori beretzat ez dela egokia ohartuz. Tresna hori oso baliogarria izango zaio biziko dituen hainbat egoeratara zabal daitekeelako.
Momentuz, eta gailuak hain goiz ematearen debekua edo horren gaineko erregulaziorik egon ezean, familiei erneago egotea dagokigu eta baita etxean espazio bat zabaltzea ere, gure ustez osasungarria den sexu hezkuntza aurrera eramateko eta, era horretan, kanpoan jasotzen duten hori kontrastatzeko.
Agian, irakasleari hori guztia komunikatzea ere ideia egokia izan daiteke, ea denon artean egoera horiek ekidin ditzakezuen. Interesgarria da jakitea Euskal Herrian hainbat ikastetxetan familiak elkartu egin direla denok nahi dugun babes horren alde antolatzeko. Badira mugikorra emateko adina atzeratzeko plataformak, baita ikasleekin zein familiekin horren gaineko formazioak egiteko aukerak ere. Uste duguna baino guraso gehiago gai horrekin sentsibilizaturik eta kezkaturik gaude, eman ditzagun pausoak denok elkarrekin haurtzaroa babesteko.