Aitziber Estonba | Sexologoa
Animaliak
Herri txiki batera etorri gara bizitzera, eta askotan egokitu zaizkigu animaliak susaldian elkar estaltzen ikustea. Haurren ohiko galdera da, zertan ari dira? Egokiera sexuaz hitz egiteko baliatu beharko genukeela iruditzen zaigu, baina batzuetan hain bortitza iruditzen zaigu eszena (zaldi-behorra kasuan, adibidez), ez dakigula nola jokatu. Gomendiorik?
LEHENENGO GALDERARI dagokionez, erantzungo nuke egoera hau ezin aproposagoa iruditzen zaidala hainbat gai jorratzeko. Lehenik eta behin, sexualitatea eta ugalketa kontzeptuak ezberdintzeko. Askotan gure hitzaldi edota tailerretan sexualitatea eta ugalketa kontzeptua ezberdintzeko premia izaten dugu, ez soilik haurrekin, baita helduekin ere. Giza sexualitatea, gure bizitzaren alderdi gisa ulertu behar dugu, ez ugalketarako bide huts gisa. Sexualitatea pertsonen dimentsio bat da, eta beste hainbat gauzen artean, gure harremanetan komunikatzeko bide bat da. Gizarteak oraindik ugalketa sexualitatearekin nahasten du, horrek kontzeptu hori izugarri pobretzen duelarik. Beraz, egoera hori baliatu dezakegu sexualitatearen kontzeptua zabaldu ahal izateko.
Bigarrenik, hain zaila suertatzen zaigun harreman erotikoei buruz hitz egiteko balia genezake. Beti diogun bezala, ez da beharrezkoa detailerik ematea, baina harreman erotikoak gertatzen direla adierazteko eta horiek tabutik ateratzeko baliagarria izan daiteke. Horrez gain, animalien harreman sexualak eta gizakienak dituzten ezberdintasunak adieraztea polita izango litzateke, plazeraren kontzeptua elkarrizketara ekarrita. Umeei adieraz diezaiekegu sarketa ugalketarako tresna dela, baina ez dela plazerarako dugun tresna bakarra.
Bestalde, uste dut egoera horiek denoi egiten zaizkigula bortitz. Alde batetik, pentsatu behar dugu animalien harremanak nahiko mekanikoak direla, sarketan oinarrituak, samurtasunik gabekoak eta emozioen komunikazio eskasarekin eta horrek sentsazio horiek sortzen dizkigu. Gure gizartean harreman erotikoak intimitatean izaten direnez, ez daukagu horiek ikusteko ohiturarik. Iruditzen zait horrek guregan, denongan, sor dezakeena jasotzea polita litzatekeela, umeei adierazi diezaiekegu helduentzat ere egoera ez dela erosoa, askotan umeekin ez baikara batere zintzoak eta haiei egoera naturaltasunez hartzea eskatzen diegu, geu ere deseroso sentitzen ari garela onartu gabe. Baina ez dut uste egoera ikusi dugun unea hori guztia lantzeko egokia denik. Haiei eta guri egoera hori ikusteak sor diezazkigukeen emozioak jasotzea garrantzitsua izango litzateke, eta baita gero etxearen goxotasunean, aipatu diren gaiak jorratzeko aukera baliatzea ere. Zorte handia da, nire ustez, zuen umeek egoera natural horiek ikusi ahal izatea, beti ere, ondoren helduok ahalegin bat egiten badugu guk eduki ez genuen jasoketa edo erantzuna umeei emateko, eta egoera horiek beste betaurreko batzuekin ikusi ahal izateko, hau da, naturaltasunaren betaurrekoekin eta ez morboaren betaurrekoekin.
Nerabezaroa
Gure 15 urteko semearen lagunak hasi dira bikoteekin irteten. Berak ez du interesik
erakusten. Baina kezka sortzen digu honakoak: bere fisikoari buruzko intseguritate handia erakusten du, oraindik heldu gabe dago… Lagundu diezaiokegu bere buruarengan ziurtasun handiagoa izaten eta berak ere bikoteak izan ditzakeela sinetsarazten?
EGOERA HORRETAN bi faktore daude: alde batetik, aipatzen duzuen garapen ebolutiboarena, eta bestetik, autoestimu fisikoarena.
Lehenengoari dagokionez, pentsatu behar dugu askotan adina soilik zenbaki bat dela, baina adinari egozten dizkiogun hainbat ideia, sinesmenak, proiekzioak... gazteentzat zama handi bilakatu daitezkeela. Guri, helduoi ere, bizitzan zehar etengabe horrelakoak gertatzen zaizkigu. Badirudi, adin bakoitzean badirela gertatu eta egin beharreko gauzak, normaltasun bide bakar bat dagoela sinetsarazten zaigu, nolabait. Gainera, garapen fisikoarekin batera, eta ez lehenago, beste interes batzuk sortzen dira, ligatzearena, besteak beste. Zuen semea garapenean horrela badabil, seguraski gai horrekiko bere interesa ez da oraindik gehiegi piztu. Baina, era berean, guk geletan aurkitzen dugun errealitatea hauxe da: ligean eta bikotean “aurreratuago” dauden nerabeek ospe handia dutela. Ospe horrek denengan presio moduko bat sortzen du, batzuek beren desirari jarraituko diote, baina ospe horren bila dabiltzanak ere badaude, eta horrek hain osasuntsuak ez diren harremanetara eramaten ditu.
Beraz, agian, zuen semea gai horrekin gaizki pasatzen aritu daiteke eta ez legoke gaizki etxean gai horri heltzea, guk bizi izan dugun presioaren esperientziatik abiaturik. Aipatu dudan hausnarketa hori ere garrantzitsua izango litzateke: zer da hobea, nire desirari jarraitzea eta beharbada oraintxe ez hain “ospetsua” izatea edo besteek niregan espero dutenaren mende egotea? Hausnarketa hori bizitzako hainbat unetan egin beharko du eta oso aberasgarria eta baliagarria izango zaiolakoan nago. Adina ez da erraza, eta gazte guztiek ez dute entzute jarrera berdina, baina ziur nago elkarrizketa goxo batean gai horri helduz gero, gaztea ulerturik sentituko dela eta horretan guztian ez dagoela bakarrik sentitu dezakeela. Horrek indarra emango diola gero egoera nola kudeatu jakiteko.
Bestalde, intseguritate fisikoaren gaia aipatzen duzue. Gai hori adin horretan nahiko ohikoa izaten da. Haien gorputzak oso denbora laburrean aldaketa handiak jasaten ditu eta hori dela-eta, ziurtasun falta handia izaten dute, horrek estereotipoen aurrean ahulago bilakatzen dituelarik. Baina ohikoa dela esateak ez du esan nahi ez diogunik gaiari heldu behar. Beharbada, etxeetan askotan estereotipoen gaineko lanketa egiten dugu, horiek deuseztatzen laguntzen saiatzen gara, baina uste dut haientzat lanketa hori ez dela nahikoa. Ederki dago estereotipoek guregan duten eragina azpimarratzea, baina, une honetan, bera bere buruarekin hobe sentitzeko gauzak egitea ere proposa diezaiokegu, eta horretarako gure laguntza eskaini. Nik uste dut estereotipoak zalantzan jartzearen diskurtsoa eta bera bere buruarekin hobe sentitzeko gauzak egitea bat etor daitezkeela, beti ere egiten den guztia osasunaren ikuspegitik bideratuz gero. Adibidez, bera granoekin edo pisuarekin gaizki pasatzen ari bada, norbere gorputza maitatzeko estereotipoei buruz hitz egin daiteke, baina baita lere agun diezaiokegu (berak nahi izanez gero) janari osasuntsua aukeratzen edota granoentzat azal garbiketak egiten. Modu horretan, autozaintzaren ikuspegia eskaintzen diogu, beti ere osasunaren ikuspegitik. Ez dugu ahaztu behar nerabeak horretan guztian hasi berriak direla, guk ibilbide luzea egin dugu gure gorputza maitatzeko eta den bezala onartzeko, baina haiek gorputz hori eskuratu berria dute eta lagun egiten ari dira. Askotan, guraso gisa, estereotipoen kontra goaz, kontrako diskurtsoak eginez, baina haien beharra beste bat da; ulermena eta ondoan egotea, alegia.