Aitziber Estonba | Sexologoa

GURASOAK SEME-ALABEN BEGIETARA

Gai bati buruzko kuriositatea daukagu: nola ikusten edo irudikatzen dituzte seme-alaba nerabeek gurasoen sexu-harremanak? Zer sorrarazten die?

GALDERA POLITA  da. Nik gai hauek LH 6. mailan lantzen ditut eta, egia esan, lotsaz eta nazkaz bizi dute. Gurasoak horretan irudikatzea kosta egiten zaie, eta nazka handia ematen diete. Telebistan ikusi ahal izan dituzten hainbat eszenetan agertzen diren aurpegiak eta plazerarekin lotutako zaratak zeharo arrotzak egiten zaizkie eta gurasoak horretan imaginatze hutsak atzera egiten die. 
Honako hau gero eta gutxiago ikusten dut, baina gertatu izan zait: ume batzuek uste dute gurasoek harreman erotikoak umeak izateko soilik izan dituztela, beraz, bi seme-alaba baldin badira, uste dute euren gurasoek bi aldiz soilik izan dituztela sexu harremanak. 
Pentsatu behar dugu oraindik harreman erotikoak tabu handia direla gizartean, eta etxeetan gai hori ez dagoela mahai gainean. Ez dut esaten gurasoek gure seme-alabei harreman erotikoen detailerik eman behar diegunik, baina, helduoi kosta egiten zaigu, oraindik ere, harreman horiek existitzen direla normalizatzea. Gurasoei eskaintzen dizkiedan hitzaldietan ikusten dudanagatik, esango nuke gurasoei asko kosta zaigun gaia dela, baina, esan bezala, ez dugu horiei buruz hitz egin beharrik, nahikoa litzateke  harreman erotikoak badirela normalizatzea eta komunikazio bide eta plazer bide gisa aurkeztea. Hori egin ezean, haien buruari galderak egingo dizkiete, baina orokorrean, ez dute galdetuko, gai hori tabua dela senti dezaketelako.


DEPILAZIOA

Gure 14 urteko semeak hankak depilatu nahi dituela esan digu. Ezustean harrapatu gaitu eta ez dakigu zer egin. Gu ez gaude estetikari ematen zaion gehiegizko garrantziaren alde.

GURE SEME-ALABAK  handitzen doazen bitartean,  adin bakoitzean, beren ezberdinean, beren erabaki propioak hartzen joaten dira. Askotan, heziera ibilbidean gurasook hainbeste erabaki hartu ditugu haiengatik, aldaketa honek, alegia beraiek erabakiak hartzeak, kontrol eza sor diezagukeela. Noski, seme-alabak, oraindik, zuen mende daude, baina, poliki-poliki erabakiak hartzen joan beharko dira, arrazoi ezberdinengatik. Bada, horretan entrenatzen joan behar da. Uste dut guztiok asko ikasten dugula erabakiak hartu eta ondorio baikorrak jasotzen ditugunean edota ondorio negatiboak pairatzen ditugunean. Modu horretan ere, eurengan konfiantza dugula adierazten diegu, beren erabakiak hartzen utzi eta ondorioetatik ikasten lagundu. Egia da, adin horretan, nerabezaroan, hartuko dituzten erabakiak konplexuagoak direla eta horiek askotan beldurra sor dezaketela (alkohola, drogak, harremanak...) baina prozesuaren parte da. 
Hala ere, erabaki edo eskaera horien aurrean pentsatu behar dugun lehen gauza da ea egoera horrek beretzat arriskurik ekartzen duen. Hala bada, jakina, guraso gisa, babestu egin behar dugu. Baina ondorio larririk ez duten erabakietan malguagoak izan gaitezke eta haien ikasketa prozesua errazten lagundu dezakegu. Argi ikusten dudana da, adin horretan, debekuak aurretiaz egin nahi duten hori egiteko  gogo handiagoa sortzen diela. Nerabezaroan haiena defendatzeko beharra dute, gurasoengandik banatzea prozesua bizi ahal izateko. Aldiz, egoera aprobetxatuko bagenu, elkarrizketa batzuk sortu genitzake, non debekurik edo haserrerik ez dagoen. Adibidez, edertasun estereotipoei buruz hitz egin genezake, mutilei nola eragiten dieten, modaz edo talde presioaz hitz egin genezake. Adin horretan modak eta taldeak agintzen du, beraz, kasu horretan, egoerak gai horiei buruz hausnartzeko aukera ematen digu. Adibidez, aukera bat izan daiteke honako hau: “Ondo da! Zuk nahi izanez gero, depilatuko zara, baina aurretik azalduizkiguzu zeintzuk diren erabaki hori hartzera eraman zaituzten arrazoiak”. Era horretan hausnartzen jarriko da behintzat, eta berak aipatzen dituen alde onez gain, zuek jakinaraziko dizkiezue alderdi ezkorrak. Modu horretan egoera bat aprobetxatu dugu, talde presioa, estetika ereduak edota bere gorputzaren zaintzaren gainean hausnartzeko. Azkenik, esan, ez dela erraza adin horretako gazteentzat estetika ereduei uko egitea; alde batetik, presioa handia delako, orain baita mutilentzat ere; eta, bestetik, haiek gizartean toki bat egiten ari dira, baita haien lagun taldeetan ere, eta horrek presio handia sortzen die.