Aitziber Estonba | Sexologia
NESKAK ETA MUTILAK APARTE
5 urteko gure umearen gelan neskak eta mutilak oso aparte ibiltzen dira eta jolas motak ere oso desberdinak dira. Zerbait egin beharko genuke elkarrengana gerturatzeko eta elkarrekin jolas daitezen bultzatzeko?
HEZITZAILEEN ARTEAN askotan planteatzen den gaia da hau. Aipatzen duzunagatik, zure umeen gelan agian jolasak eta moduak oso polarizaturik daude eta horrek halako distantzia egotea eragiten du. Beste talde batzuetan, agian, jolasa ez dagoenez hain polarizaturik, nahasketa gehiago ematen da. Hala ere, adin horietan maiz ikusten dugun zerbait da zuk diozuna, hau da, jolasteko modu ezberdin horrek neskak eta mutilak urruntzea.
Nire ustez, garrantzitsua da beti ere “ezberdinak” elkartzea, horrek izugarri aberasten gaituelako, baina beti ez da uste dugun bezain erraza. Hau da, helduek ere harremanak sortzeko garaian gure estilo, afizio edota izateko moduak dituzten pertsonetara jotzen dugu, beraz hori ikuste hutsak, gure seme-alabak ulertzen laguntzen digu. Gaur egun, gure ingurura begiratzea besterik ez dugu soilik neskez edo soilik mutilez osatutako koadrila ugari daudela ikusteko. Berriz ere galdera bera etortzen zait burura: agian guk egiten ez dugun hori ari ote gatzaizkie eskatzen haurrei?
Dena den, garrantzitsua izango litzateke, aisialdi espazioan, bai eskolan eta baita hortik kanpo ere, gurasoen edo hezitzaileen dinamizazioa edo esku-hartzea egotea, non jolas ezberdinak proposatuko diren, denek elkarrekin parte hartzeko, argi baitugu libreki utziz gero beraien joeretara itzultzeko ohitura izaten dutela. Modu horretan, batzuek besteei beraien jolasean sarbidea eskainiko diete eta gonbidapena luzatuko, adibidez, jolas sinbolikoan aritzen direnek futbola gustuko dutenei aukera ematea ongi legoke, eta alderantziz.
Ezin dugu ahaztu, ordea, hemen garrantzitsuena dela mutil edo neska izateak ez lukeela haien askatasuna mugatu behar, hau da, mutil batek futbola ez den zerbaitean aritu nahi izanez gero, aukera hori duela sentitzea osasuntsua izango da, eta ez bera bakarra izateagatik aukera hori gabe gelditzea.
MUSUAK
7 urteko alabak esan izan digu lagun artean musuak ematen eta bata bestearen gorputza ukitzen aritu izan direla, baita biluzik ere (normalki nesken artean). Gaia naturaltasunez hartu nahi dugu, eta garrantzitsua iruditzen zaigu guri hori esateko konfiantza sentitzea. Zer-nolako mezua eman beharko genioke? Mugak aipatu beharko genizkioke? Plazeraz hitz egin? Ez dakigu nola baliatu elkarrizketa horiek.
ULERTZEN DUT aurkezten duzun kezka. Guraso bezala, alde batetik, berak plazera modu natural horretan bizitzea asko pozten gaituen zerbait da, helduago garenok plazera askotan erruduntasun sentimenduz bizi izan baitugu. Beste aldetik, gure beldurrak agertzen dira, ea adin horretan harreman mota horiek kudeatzen jakingo duen.
Lehenik eta behin, neskak hau etxean kontatu izana oso seinale on gisa bizi behar dugu, horrek esan nahi baitu etxetik hori naturala eta osasungarria dela jaso duela. Beraz, alde horretatik, lasai egoteko esango nizueke. Bide horretan jarraitzeko, hau da, berak gurekin partekatzen jarraitzeko, gauza horiek kontatzen dizkigunean gure gorputzari arreta jarri beharko genioke. Bera konturatzen bada gai horrek gu urduri jartzen gaituela, agian kontatzeari utziko lioke. Galdera gehiegi egiten badizkiogu ere, zerbait berezia gertatzen dela susma dezake eta agian kontatzeari ateak itxiko dizkio. Beraz, gure hitzezko komunikazioaz gain, hitzezkoa ez denari arreta jartzea gomendatzen dizuet.
Hori guztia behatuta ere, horren inguruko elkarrizketa batzuk izan ditzakezue, beste gaiei buruz hitz egiten dugun bezala. Baina elkarrizketa horretan erne ibili beharko gara, zein mezu ematen ditugun. Adibidez, kontuz edo beldurrretik komunikatzen bagara, berak plazera beldurrarekin lotzen dela uler dezake. Zergatik ez hitz egin horrek sortu dizkion sentsazio atseginei buruz? Eta hori aprobetxatu elkarrizketarekin jarraitzeko; sentsazio desatseginak edo gustukoak ez direnak agertuko balira edo sentitu izan dituenean, zer egin duen galdetzea litzateke aukera bat. Modu horretan, konfiantzatik hurbiltzen ari gara beraregana eta berak, gustura ez dagoen une horietan erretiratzeko eskubide guztia duela ulertuko du. Betiere, gure gorputzak ematen dizkigun seinale horiei kasu eginez eta horien arabera erabakiak hartuz. Hortik aurrera, elkarrizketa haurrak bideratuko du eta bi uneak bizi baditu (atseginak eta ez atseginak) horien arrazoiak eta horietatik erretiratzeko tresnak eskaintzea ideia ona da.