Aitziber Estonba | Sexologoa

GORPUTZAK EZAGUTZEN

Gure seme-alabak (5 eta 8 urte) elkarren gorputzak behatzen dituzte baineran, ukitu, jolastu... Batzuetan gurasooi biolentoa egiten zaigu... Zer jarrera hartzea gomendatzen diguzu? Aukera horiek hitz egiteko baliatu beharko genituzke?

LEHENIK ETA BEHIN biak jolas horretan nola sentitzen ari diren behatu beharko litzateke. Biak gustura ari badira eta antzeko jolasa baldin badute, beste edozein jolas bezala bizi dezakegu. Ulertzen dut guk jaso dugun heziketa sexuala dela-eta, biolentoa egitea, baina argi geratzea nahiko nuke haientzat horrek ez duela inolako eduki erotikorik. Gorputzak eskaintzen dizkien aukerak bizitzen eta gozatzen ari dira. Horrez gain, esplorazio jolas horiek garrantzitsuak dira, haien gorputza eta bestearena modu egokian eta espazio ziurrean ezagutzeko eta bizitzeko.  
Soilik kasu batean egon beharko ginateke adi: adin ezberdintasunaren kasuan. Hau da, biek jolas ezberdina izango balute, helduenak txikiena bere beharretara ekartzea gerta daiteke. Adibidez, zaharrenak txikienari behar ez duen ukitze bat eskatzea. Baina hori ere, gu bertan baldin bagaude eta erraz ikusten baldin badugu, aberasgarria izan daiteke, kasu horretan mugak jartzeko. Hori ere ikaspen bat izan daiteke. Zuk galdetzen zenuenaren harira, egoera horiek gai horren gainean hitz egiteko balia ditzakegu. Alde batetik, plazerari etxetik bertatik duen garrantzia emateko. Aurreko aldizkarian jorratu genuen plazeraren gaia, plazera bere osotasunean aintzat hartzea ahaztu zaigula dirudi-eta. Horrez gain, bakoitzari zer gustatzen zaion eta zer ez zaion gustatzen jakiteko balia ditzakegu. Agian egun batean gauza bat gustatzen zaie, baina horrek ez du esan nahi beti hori egin nahi izango dutenik. Jolasteko eta gozatzeko eskubidea izateaz gain, mugak jartzeko eskubidea ere badutela ohartzea garrantzitsua da, bizitzan suerta daitezkeen egoeretan hori begien bistatik ez galtzeko. Sexu heziketa egiteko aukera horiek guztiak aprobetxatu behar dira, berandurako utzita, zailagoa izaten baita.


BINARISMOA

Gure haurrak binarismotik kanpo hezten saiatu gara, eta adibidez, denetariko arropak jantzi izan dituzte. Zaharrenak, ordea, orain behar du bere mutiltasunean finkatu, eta adibidez, zerbait arrosa jantzi eta gelako mutilek barre egiten diotelako ez du halakorik gehiago jantzi nahi. Ezin dugu beste umeen begirada aldatu, beraz, gure umearen arropa aldatu eta “mutilago” jantzi beharko dugu... Edo nola egin aurre egoera honi?

ASKOTAN, ATAL HONETAN, gai horiei buruz aipatu izan ditugun ideiak ekarriko ditut gogora. 
• Zuk diozun moduan, gure gizartea aldatzea zaila da, baina berriz esango dut: hori ez da haurren ardura, helduena baizik. Helduak, gizon helduak kasu honetan, dira gazteagoei bestelako janzteko moduak ere badaudela erakutsi behar dietenak, horrela umeen eredu bihurtuz. Orain arte, zuen semeak kalean ikusten dituen gizon gehienak galtzekin, kirol-jertseekin, ile motzarekin eta makillajerik gabe doaz, eta beraz, mutilek hori imitatu edo erabili nahi dute. 
• Aldaketa gertatu bitartean, zuen semeak bere janzkera aldatzeko duen desira edo gogoa nondik datorren jakiten ahaleginduko nintzateke. Beharbada ez da talde presioa soilik, baizik eta berak aukeratzen duen arropa erabili nahi duela. Ez duzu adina zehaztu, baina iristen da une bat non umeek euren arropa erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen duten eta, jakina, modu logiko batean (hotza, beroa... kontuan izanik) errespetatzea egokia izan daiteke. Beharbada proba egin nahi du eta arropa hori jantzi, nola sentitzen den esperimentatzeko eta horrek bere inguruan dituen erreakzioak bizitzeko. Gauza berbera esango nioke kontrako norabidean joango balitz; badira “femeninoagoa” den arropa jantzi nahi duten mutilak, horrek nola sentiarazten dituen jakiteko eta inguruan sortzen dituen ondorioak ikusteko eta bizitzeko nahia dutelako. Esperimentazio fasean daude eta polita izango litzateke hori errespetatzea eta horretarako gure laguntza eskaintzea. 
• Soilik presioak bultzatzen baldin badu janzkera aldatzera, gure seme-alaba indartzeko unea da. Denok sentituko gara uneren batean ezberdin, eta kezka eta beldurra sortzen digun moduan, asko erakusten digun eta indartzen gaituen zerbait ere bada. Hau da, pertsona moduan dugun balioa erakusteko unea da, gure janzkera edo garen mutil edo neska mota baino harago doan zerbait  garela erakusteko unea. Ezberdintasun horri aurre egitea eta familia bidelagun izatea, ikasketa handia izango da bere bizitzarako, eta bere autoestimua handituko du. Betiere,  aipatu prozesu horretan berak behar duenari arreta jarri behar zaio. Batzuetan hasieran talde presioari amore ematen diote, taldeak nahi duena eginez, baina hori bizitzea ere ederra izan daiteke, bere desirak edo nahiak baztertu behar izateak ekartzen dienaz konturatu baitaitezke, eta horretaz ohartzean erabakiak askatasunez hartzen hasten dira. Prozesu horiek askotan gurasook nahi duguna baino luzeagoak diren arren, prozesua berea izango da, eta gure lana ondoan egotea izango da, orain arte  beregan sustatu dugun autoestimuan konfiantza izanez. Garrantzitsua da gure seme-alabek bizi dituzten barne gatazka horietan haiengandik gertu egotea, laguntza eskaintzea, baina gatazkak beren modura kudeatzen utziz, ikaspen gisa.