Aitziber Estonba | Sexologoa

PORNOGRAFIA

Guraso bezala pornografiaren kontsumoak kezkatzen gaitu. Zein da gaur egungo pornografiatik jaso dezaketen eduki kaltegarria, hau da, zer da zehazki ikusten dutena? Eta saihestu ezin badezakegu, nola konpentsa dezakegu?

2020AN SAVE THE CHILDREN erakundeak gai horri buruzko lehen txostena kaleratu zuen: https://www.savethechildren.es/sites/default/files/2020-09/6.DesinformacionSexual_AnexoEUSKADI_CAS.pdf.
Horrez gain, txosten horretatik abiaturik Erlo Telebistak eta Zarauzko Sexu Aholkularitzak programa bat argitaratu zuten. Datuak emateaz gain, arriskuak saihesteko giltzarriak eskaintzen dira bertan: http://www.erlotelebista.eus/azken-berriak-erlo-telebista/4984-sexkulari-pornografia-eta-nerabezaroa?category_id=22.
Hauek dira pornografiaren kontsumoak gazteengan sor ditzakeen ondorioak (gazteengan azpimarratu nahiko nuke, helduengan bere alde baikorrak baititu pornografiak):
•  Pornografia jasotzen duten hezkuntza sexual bakarra bilakatzea eta horrek norberaren bizipen erotikoetan eragin dezakelako: sufrimendua sor dezale espero duzuna eta errealitatea bat ez datozelako. Horrez gain, pornografia aintzat harturik, nork bere sexualitatea okerragoa balitz bezala bizitzea, horrek nork bere buruarengan eta bikote harremanetan sor ditzakeen arazoekin. 
• Sexualitate eredu bakar bat egotea pentsatzea. Horrek gure arteko aniztasuna murrizten du, denok gustu, praktika, modu, gorputz, plazererako iturri... bertsuak izango bagenitu bezala. Pertsona bat, sexualitate bat. Horretan ez dago eredurik, nork berea du. 
• Eredu horiek, gainera, biolentziarekin lotutako harremanak aurkezten dizkigute, eta gehienetan emakumea da hori pairatzen duena. Gizarteak emakumeen eta gizonen berdintasunaren eta tratu onen alde egin nahi duen honetan, kontraesan handia sortzen du horrek.  
Hori guztia saihesteko etxean bertan sexu heziketa egitea besterik ez zaigu geratzen, baita eskolan eta gainerako espazioetan jasotzea ere. Horrez gain, mugikorraren edo pantailen kontsumo murriztuz, mota horretako bideoak ikusteko aukera gutxiago izango dute eta eredu horretatik babestuko ditugu.


LARRUTAN HARRAPATUTAKOAN

Gure 14 urteko semeak larrua jotzen ikusi gintuen eta hitzik gabe geratu ginen bera zein gu. Orain ez dakigu gaia atera eta hitz egin, bere horretan utzi... Zer gomendatzen diguzu?

LEHENIK ETA BEHIN, lasai egon zaitezten esango nizueke, zeren zuen semeak, 14 urterekin,  lasai asko kudea dezake egoera hori. Beste adin bat izango balu, egokiago izango litzateke gaiari heltzea, baina kasu honetan ez da derrigorrezkoa esku-hartzea. Hala ere, egoera aprobetxa daiteke etxean inoiz hitz egiten ez diren gaiak mahai gainean jartzeko. Zergatik esaten dut mahai gaineratu eta ez hitz egin? Zuek pausoa eman arren, beharbada berak ez duelako hitz egin nahiko. Halere, une egokia izan daiteke berari adierazteko gai horiek ere existitzen direla eta ez direla tabu adierazteko. Baina, nola heldu gaiari? Nik gaiari umorez heltzea gomendatuko nizueke, inoiz ez zuek zerbait erakustera zoazten jarrerarekin, horrela asko itxi egiten baitira. Agian, berarekin bakarka zaudeten une batean (intimitatea garrantzitsua da)  izan liteke, baina betiere bere azalean jarrita. Adibidez, zuek ere lotsa sentitu zenutela adieraziz, konplizitatea lortzeko. Horrek zuen arteko konfiantza susta dezake, helduen sexualitatearen munduan parte sentiarazten duelako, horra hurbiltzen ari baita eta zuek hori onartzen eta ikusten ari zaretela sentiarazi diezaiokezue. 
Batzuetan, espero ez ditugun egoera horiek sexu heziketarako eta gure seme-alabekin konfiantza eta konplizitatea sustatzeko une ezin hobeak bilaka daitezke.


PLAZERA

Ez dakit nola hitz egin gure 7 urteko alabarekin plazerari buruz. Bere gorputza deskubritzen ari da, eta plazera sentitzen, baina zaila egiten zait esplizituegia izan gabe plazeraz hitz egitea. Gomendiorik?

GAI HORI GIZARTE GISA landu gabe dugula, baina ez soilik plazer erotikoa, baizik eta plazera orokorrean, zerbait zabalagoa bezala ulertuta. Galderak zer hausnartua eman dit. Zergatik daude txikientzat bibliografia eta ipuin ugari eginbeharrei buruz (adibidez, hortzak garbitzeko, jolasak partekatzeko, eskolatzeko, higienea zaintzeko...) baina hain gutxi plazerari buruz? Gure gizarteak, tradizioz katolikoa izanik, plazera bizitzeko arazo handia du, are gehiago erotikoa. Hausnarketa hori eginda, zalantza sortzen zait ea 7 urteko neska edo mutil batek horren inguruan hitz egin behar duen ala ez. Izan ere, haiek naturalki bizi duten zerbait da, sentitu, bizi eta gehiagorik ez dute behar. Agian gure jarreretan arreta jarri eta horiei buruz hausnartzea garrantzitsuagoa da. Horretarako galdera batzuk bururatzen zaizkit: nola bizi dut/dugu plazera familia gisa? Gerta liteke plazerari batzuetan baimena ematea eta beste batzuetan ez? Zein unetan bai eta zein unetan ez? Nola sentitzen naiz/gara gure semea edo alaba plazera sentitzen ari denean? Zer da  gure familiak gehiago sustatzen duena, plazera edo eginbeharrak? Oreka garrantzitsua da, zeren familia gisa desoreka baldin badago eta plazerak tokirik ez baldin badu, umeek senti dezakete euren familian plazerak tokirik ez duela eta kulpaz edota lotsaz bizi dezakete. Haurren ezaugarri ederrenetako bat da plazerean bizi direla. Eta egunerokotasunean sortzen dizkigun trabak zein diren jakin arren, uste dut ederra izango litzatekeela  txikien naturaltasun horrek helduok kutsatzen uztea, nolabait oreka lortuz eta guk ere plazeraz gozatzen ikasiz. Plazer erotikoa zuzenean lantzen duen liburua da El placer izenekoa, nahiz  eta espreski adin horretarako ez izan. Lilithen altxorra liburuan ere badago plazerari buruzko atal bat.