Aitziber Estonba | Sexologoa
‘MUTILEN’ GAUZAK
Gure 4 urteko semea (aurrez bi alaba ditugu) neskengandik bereizten saiatzen da, asko behatzen ditu mutilak eta haien gauzak muturrera eramaten saiatzen da eta “neskena” iruditzen zaiona alboratzen saiatzen da. Ez dakigu adinari dagokion zerbait den. Gomendiorik?
ASKOTAN HEZKIDETZA gaietan ere, ez dugu kontuan izaten umeen adina eta une ebolutiboa. Zure semearen jarrerak badu zerikusia adinarekin, eta guraso eta hezitzaileoi ahaztu egiten zaigu hori batzuetan. 7 urtera arte, gutxi gorabehera, umeen identitate sexuala ez dago eraikia. Horrek esan nahi du, haiek neska edo mutil gisa identifikatzen dutela euren burua gizartean ikusten dituzten mutil edo neskekin duten antzarengatik. Hau da, “ni mutila naiz gizartean ikusten ditudan mutilen antz handiagoa dudalako neskena baino”. Hori dela eta, adin horietan rolak oso ezberdindurik behar dituzte, identifikazioa errazago egiteko. Mutil batek, adibidez, uste du gizartean neskentzat identifikatua dena jantziz gero, neska bihurtuko dela. Horra azalpen ebolutiboa.
Gure gizartean, tamalez, helduen munduan ezberdintasun horiek ikusi egiten dira. Adibidez, ez dute gizon askorik ikusten zumba klaseetan... eta horrelako adibide pila bat daude. Beraz, nire ustez, guraso eta hezitzaile bezala, helduoi dagokigu eredu horiek askoz modu zabalagoan bizitzea, haurrak zorroztasun horretan ez daitezen erori identifikatzeko garaian.
Bestalde, zure semearen kasuan, etxean neska gehiago izanik, beharbada zorroztasunaren behar handiagoa du etxean dauden neskengandik ezberdintzeko, ez ez zaiolako horrelakorik gustatzen, baizik eta berearen bila dabilen garai honetan mutil gutxiago aurkitzen dituelako.
NERABEEI GALDERAK
Bikotea du gure 16 urteko alabak eta ez dakigu nola jokatu: harremanaz galdetu edo ez, aholkurik eman edo ez, isilik egon...?
GALDERA HORI erantzuteko garaian bururatzen zaidan lehen galdera da ea zuen etxean gai guztien inguruan nolako komunikazioa izan duzuen. Hau da, ez soilik sexualitate gaiekin; uste duzue etxean gai ugariri buruz hitz egin izan duzuela? Bigarrena, ea zuen alabak gauzak kontatzeko ohitura izan duen, edo beste batzuk bezala, bere intimitatea zeharo gorde nahi izan duen. Horren arabera erantzuna guztiz ezberdina izango da. Hau da, aurretik komunikazioa erraza izan bada, zergatik ez jarri gai hau mahai gainean besteak bezala? Baina, beharbada, gai honekin gurasooi beldur batzuk esnatu zaizkigunez, garrantzitsua da aurretik argitzea galdera hori planteatzean zein helburu dugun. Alabaren bizitzan interesa duzuelako bada, aurrera! Azken finean, galdetzea librea den bezala, erantzutea ere libre da. Beraz argi dagoena da elkarrizketa honetan berak bere mugak zehaztuko dizkigula eta guri horiek errespetatzea dagokigula.
Baina, benetan, galdera horrekin beste helburu batzuk baldin baditugu, adibidez beldur batzuk azaltzen bazaizkigu (harreman erotikoen inguruko kezka, haurdunaldia, gaixotasunak...), agian elkarrizketa hasi baino lehen geldiune bat egin beharko genuke. Guk, aurretik, gure beldurrak antolatzea eta kokatzea komeniko litzateke, elkarrizketa hori baldintza ez dezagun eta horrekin gure alabak ondoren komunikaziorako ate guztiak itxi ez diezazkigun. Azkenik, elkarrizketa edo elkarrizketak izanez gero —ez baitut uste bakar bat egon behar denik—, horietatik ezer espero ez izatea aholkatuko nizueke, horrek nerabeei lasaitasuna ematen dienez, haiek behar edo nahi dutenean hurbiltzeko hazitxoak ereiten ari garela uste dut.
TALDEKOTASUNA
Kezkatuta gaude gure 14 urteko semearen futbol-taldeko whatsapp taldean inguruko neskei buruz zer-nolako mezuak zabaltzen dituzten edota emakumeen zer-
nolako irudi sexistak zabaltzen dituzten ikusita. Saiatzen gara semea beste modu batean hezten, baina taldeko kide izan nahi du, eta momentu honetan ez zaigu talde horren ikuspegia gustatzen. Zer egin dezakegu?
ULERTZEN DUT kezkaturik egotea, haserre ere egon gaitezke. Emakume gisa, urte hauetan guztietan gure eskubideen alde borrokatzen aritu garenoi horrelako gauzak ikustean zauri batzuk irekitzen zaizkigu eta, gainera, gure semea horien artean dagoenean are eta min handiagoa ematen digu. Gai hau urte hauetan guztietan agertu da guraso eta hezitzaileen hitzaldietan. Zer egin horrelako jarreren aurrean? Ez dut oso argi zer egin beharko litzatekeen, baina bai zein diren batzuetan egin ditzakegun akatsak.
Uste dut garrantzitsua dela gure zauriak begiratzea eta, batez ere, horiek seme-alabengan ez proiektatzea. Askotan zauriak irekita daudenez, gehiegizko erreakzioa izaten dugu. Kontuan izan behar dugu hezten ari garela, eta une mingarri horietan epaiketa jarrera ateratzen zaigula. Nerabeei jarrera egokiak zein diren eta zein ez esan behar diegula uste dut, baina moduak zaintzea garrantzitsua da, horrek gure arteko harremana baldintzatu egingo baitu. Hau da, gogor bagoaz, semeak mezu horiek ezkutatu egingo ditu eta jada zerbait egiteko aukera galduko dugu. Etengabe jarrera hezitzailearen bila ibili beharko genukeela iruditzen zait (nahiz eta batzuetan ez den erraza), pentsatzera eta hausnartzera garamatzan jarrera bat izatera, eta etiketarik edo epairik jasoko ez duena. Epaiketak asko banatzen gaitu hezitzaile-gurasoak eta nerabeak, eta gainera, defentsarako jarrera edukitzera eramaten gaitu, esan bezala, hezteko aukera galduz.
Bestalde, berriz ere haien une ebolutiboa begiratzea garrantzitsua litzateke, bi faktorerengatik: bata, zuk galderan esaten duzun bezala, taldearen parte sentitze horretan beldur handiak izaten dituzte nerabeek eta, agian, nahiz eta ez gustuko izan, taldean jarraitzea erabakitzen du. Bestalde, haien identitate eraketan jarrera eta pentsaera ezberdinak ezagutzen ari dira, eta horrek ez du esan nahi heldutan jarrera hori aukeratuko duenik. Oraindik nerabe den heinean, eman diezaiogun aukera eta konfiantza izan dezagun, urte hauetan guztietan erein dugunak bere fruitua izango baitu.
Hala ere, gazteek irudi horiek kontsumitzen baldin badituzte, gizartean daudelako eta are gehiago, modan daudelako da, beraz, soilik gazteen ardura da hau ekiditea? Nire ustez, helduok ere honetan guztian ardura handia dugu.