Aitziber Estonba | Sexologoa
HARREMAN SANOAK
Gure seme-alaba nerabeek ez dituzte gurasoon “txapak” gogoko eta modu labur eta egokian bikote harreman osasuntsuen eta ez osasuntsuen arteko desberdintasunak zein diren azaldu nahi diegu. Zein ezaugarri dira garrantzitsuenak eta azpimarratzeko modukoak?
GURASO GISA gure seme-alabekin sexuen heziketa burutzea gai zehatzei buruz hitz egitea dela uste dugu. Bai hala da, etxean komunikazioa sustatzea beharrezkoa da baina hori baino garrantzitsuagoa da askotan ahazten dugun hitzezkoa ez den komunikazioa, alegia, gure jarrerarekin haiek ikasten doazena.
Azken urteetan honek duen garrantziaz ohartu gara, are gehiago sexuen hezkuntzan. Horrek esan nahi du bikote harremanetaz hitz egitea baino, gure seme alabek jaiotzetik gertuen duten bikote eredua garela. Haiek etengabe ikusten dute gure artean dugun tratua, zein liskar errepikatzen diren gure artean, baita horiek nola kudeatzen ditugun ere. Horixe bai eskola bikaina!
Horrek alde baikorra eta ezkorra ditu, guztiak bezala. Gure seme-alabei harreman osasuntsuez hitz egin baino, gure artean horiek bermatzea lortzea izango da helburua, horrek gure aldetik egunerokoan eskatzen duen lanarekin. Hau da, gure bikotean dauden trabak, zailtasunak, “ataskoak” errebisatzea komeniko litzateke, gu perfektuak ez garen arren, harreman osasuntsuak izateko ahaleginak egiten ditugula ikus dezaten. Horrek denentzat onurak ekarriko ditu, guretzat, gure harremanak hobetzeko lanean jarriko garelako eta haientzat, horietatik ikasten ari direlako. Alegia, haurrak gure bikote harremanak duen garrantziaz konturatu daitezke eta horri jarri nahi diogun arretak zenbaterainoko garrantzia duen ikusi dezakete.
BANAKETA
Gure 8 urteko semea arduratuta dago bere gurasook bananduko ote garen. Badaki aurrez bikoteak izan ditugula, eta uste du haiengandik banandu garen bezala, orain elkarrengandik banandu gaitezkeela. Gertu izan ditu hainbat banaketa… Ez diogu “betiko maitasuna”-ren inguruko istoriorik kontatu nahi, baina ez dugu nahi horrekin kezkatuta bizitzerik nahi. Nola hitz egin dezakegu gaiaz semeari lasaitasuna emateko?
EGIA DA azken aldian umeek agertzen duten beldurra dela. Zuk ongi diozun moduan, gure garaian banaketa gutxiago zeuden, beraz gurasoek erraz saltzen ziguten bizitza guztirako maitasunaren negozioa, baina garaiak aldatu dira eta ikasgeletan gurasoak banandurik dituzten umeak daude, beraz, beldur hori areagotu daiteke.
Beldur guztiekin bezala, izenak eta abizenak jartzea komeni da. Hau da, zerri dion beldurra, banaketa aipatzen duenean zer den zehazki bera arduratzen duena: etxebizitza aldatzea, bizimodu aldaketa, gurasoen liskarrak, denboraren kudeaketa, maitasun falta, bakardadea, bera arduraduna izatea... Modu horretan beldur zehatza identifikatzeko eta adierazteko espazioa emateaz gain, elkarrizketa polita sor daiteke, banaketaren gainean dituen mitoak deusezteko eta bikote adina banaketa egongo direla ohartzeko.
Azkenik, jakina, bikoteak bizitza guztirako ez direla esatea komenigarria da. Era berean, nire ustez ez legoke lekuz kanpo adieraztea une honetan ez duzuela horrelako asmorik. Horrekin batera pista batzuk eman diezazkiekegu bikotea ongi funtzionatzen ari dela adierazteko. Adibidez, elkarrekin gustora sentitzen zaretela edota elkar zaintzeko gogoa duzuela. Une honetan umeek izaten dute mito handi bat deuseztea polita izango litzateke: haiek askotan eguneroko liskarrak banaketarekin lotzeko ohitura izaten dute, beraz, liskarrak harremanen parte direla esan diezaiekegu, lagunekin edo anai-arreba-ahizpekin dituztenen antzera.
Hari horretatik tiraka, lagunekin duten harremanarekin paralelismoa egin daiteke: "orain lagunak zarete elkarrekin gustora zaudetelako, baina horrek esan nahi du bizitza guztirako egongo zaretela? Agian bai eta agian ez". Horrela ideia garrantzitsua jorratu daiteke: gustora sentiarazten gaituzten harremanetatik alde egiteko askatasuna dugula adierazteko aukera zabalduko diegu.