Elkar maitatzea, seme-alabak edukitzea... sexu bereko gurasodun familiek eurek hain natural bizi dutena besteek ere normaltasun handiagoz ikus dezaten, trabak gutxitu daitezen eta aukera sexuala askeagoa izan dadin,horri buruz hitz egitea behar-beharrezkoa da oraindik.

Natural. Horixe da hitza. Behin eta berriz ateratzen da hizpidera. “Sexu bereko gurasodun familiei buruz hitz egiteko elkartzea nahi duzu? Ados, azalduko gara baina ez dakit zer esango dugun, guk dena oso natural bizi dugu”. Argizkaren hitzak dira, baina halaxe erantzun zioten Arianek eta Aloñak ere Hazi Heziren deiari. Baina jakitun dira euren errealitatea gertutik ezagutzen ez dutenek ez dutela hain “natural” bizi haur batek bi ama edo bi aita izatea, “geure umeengatik, hitz egin behar dugu jendaurrean gure errealitateaz —esan du Aloñak—, haiek ez dezaten sufritu eta ez diezaieten sufriarazi”.

Argizka Albizu eta Josune Aizpurua Kaiet artean erdi lo dela etorri dira Andoaingo hitzordura. Ariane Kamio Olaia alabarekin etorri da, Aran Mujika bikotekidea lanean baita. Igone Eskisabelek besotan dakar Sara eta eta Aloña Jauregik Sararen neba Irular, eskutik. Getaria, Andoain eta Zaldibiakoak dira familiak, hurrenez hurren. Egin beharreko argazkiak eginda, jolasera jarri dira haurrak, eta amak hizketara.

Natural hitz egiten dute euren sexu aukeraz, ugalketa-prozesuaz, ingurune batean edo bestean izan dituzten zailtasunez... “Nik nahiago dut jendeak galdetzea, eta ez pelikulak asmatzea”, azaldu du Argiz-kak. Euren prozesua nolakoa izan den galdetu diegu, guraso izateko erabakia hartzea, haurdunaldia eta haziera... “Nik betidanik garbi eduki dut amatasuna —kontatu du Igonek—.Garaia heldu zenean, galdera izan zen ‘nola’? Nola egingo dugu, bi emakume izanda, haurdun geldi-tzeko? Eta klinika batera joan ginen”. “Garaia”, ordea, bikote heterosexuala balira baino beranduago etorri zela dio Aloñak, Igoneren bikotekideak. “Gure erabakia, buelta dezente eman ondoren,  oso kontziente harturikoa da. Erabakiak bere koska dauka eta nahiz eta guk natural bizi, badakigu berezitasun bat badakarrela bizi garen inguruan”.

Prozesuaren abiapuntuak berak dauka berezitasun ba, Argizkak azaldu duenez: “Gurean ez da,  afari bat eduki dugu, zenbat maiten garen... saiatuko gara? Guk etxetik atera behar dugu ume bat edukitzeko, eta hori bai, bada berezitasun bat —nahiz eta gero eta bikote heterosexual gehiagok behar duten laguntza—; baina gainontzeko guztia oso naturala da”.

“Nola?” Zen bada galdera. Igonek eta Aloñak euren egoera beretsuan zegoen bikoterik ezagutzen ez zutela hasi zuten haurra izateko bidea. Aldiz, beste laurek bazuten haurdun zegoen bikote lesbianaren baten erreferentzia. “Informatzera joan ginen klinikara, teorian informatzera bakarrik, urduri. Azkenean ordea, momentuan bertan hasi genuen prozesua”, kontatu du Arianek. Prozesuak hileko batetik besterako ziklo oso baten kontrola dakar, odol analisiak, ugalkortasun-azterketak, umetokiko-tronpen egoeraren errebisioa... ondoren hormonatzea eta intseminazioak datoz (gaur egun hormonarik hartu gabe ere egiten dute ahalegina). Josune, Igone eta Aran lehendabiziko intseminazioan gelditu ziren haurdun.

Hiruren prozesua —edo prozesuaren zati nagusiena bederen— klinika pribatuetan egin zuten, une haietan ez baitzuten beste erreferentziarik, eta batez beste, 3.500 euroko gastua izan zen.  “Erabakiak, beraz, badu bere koska ekonomikoa ere, eta are handiagoa lehenengoan gelditzen ez bazara; horrek presioa ere handitu egiten du”, dio Aloñak. Laguntza bidezko ugalketa Gizarte Segurantzaren barruan egin zitekeela jakindakoan, Argizkak eta Josunek  bide hori hartu zuten bigarren umea edukitzeko. Une honetan Argizkari noiz deituko dioten zain daude, itxaron-zerrendan. Haatik, Espainiako Justizia Ministro Alberto Ruiz Gallardonek Laguntza bidezko ugal-ketaren unitatetik atera nahi ditu ernalezintasuna diagnostikaturik ez daukaten emakume guztiak, beraz, baita bikote lesbianak ere. Mahaiaren bueltan dauden andreak esperantzatsu daude Jaurlaritzak bere hitza beteko duela eta Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban osasungintza publikoaren barruan jarraitu ahal izango dutela ugalketa-prozesua hala behar duten andre guztiek. Ikaragarrizko atzerapausotzat daukate Gallardonen neurria; “diskriminatzailea da erabat”, dio Argizkak.

Prozesuan zehar, edo abiatzerako ezkondu egin ziren hiru bikoteak. “Guri klinikan bertan aholkatu ziguten —dio Igonek—. Haurdunaldian zehar paperak egiteak lagundu egingo zigula esan ziguten. Eta halaxe egin genuen, haur bat edukitzeko erabakiak berak bazituen nahikoa koxka, eta ez genituen gauzak gehiago konplikatu nahi”. Ezkonduta, legez seme-alaben gurasotasuna bi amei aitortzen zaie 2005etik, Espainiako Estatuan sexu bereko bikoteen ezkontza onartu zenez geroztik. Eskubide hori, gainera, atzera bueltik gabea da, Espainiako Auzitegi Konsituzionalak hala ebatzita. Ezkondu ezean, erditu ez den amak adopzioan hartu behar ditu haurrak bere izena ere familia-liburuan ager dadin, epaile batek hala baimendutakoan. “Bikotekideek, familiakoek eta lagunek deklaratu behar dute epailearen aurrean, zeinek non egiten duen lo, etxeko lanak zeinek egiten dituen eta bestelako intimitateak azaldu behar dituzu ume horren ama zarela frogatzeko”. Ipar Euskal Herrian ere aurtengo maiatzetik legez aitortzen zaie sexu bereko pertsoneii ezkontzeko eta haurrak adoptatzeko eskubidea.

Zirriborro bat baino zerbait gehiago
Legez ezkontzeko eskubidea eta haurrak edukitzea aitortzen baldin bazaie ere, tramite administratiboak ez dira oraindik ere bikote heterosexualen parekoak. “Erregistroko paper guztietan zirriborroak egin behar ditugu: ezkontzeko paperetan ‘jauna’ zirriborratu behar dugu, eta familia-liburuan ‘aita’. Eskertzekoa litzateke paperek ere adieraztea legezkoak garela”, dio Arianek.

Terminologia arazo bat dirudiena sakonagoko arazoa da batzuen begietara.  Zenbait jende “oso itxita” ikusten du oraindik ere Aloñak; “rolen eta arauen arabera, itxita, jokatzen du jende askok, barrutik sentitzen duena egiteko askatasunik gabe”. Gizartean genero rolak oso barneratuta dauzkagula ikusten du Josunek, “gizonek gauza batzuk egiten dituzte eta emakumezkoek beste batzuk. Eta bikote askotan emakumeek asumitzen dute haurrei loturiko guztia”. “Hor dago benetako debatea”, Aloñaren arabera.

“Eta biotako nork jokatzen du gizonaren rola?”. Bikote hauei sarri egin izan dieten galdera da hori. “Gizonarena non? —erantzuten du Arianek— sukaldean, ohean...?”. Ma-kurkeriaz baino gehiago, ezjakintasunez eginiko galdera gisa hartzen dute mahaikideek, eta egilearen mugak erakusten dituela diote: “Gehienek ez dute txarkeriaz egiten, beste bikoteetan hain banatuta daude rolak, gurean nola diren jakin nahi izaten dutela, besterik gabe”, dio Josunek.

Nola egiten duten? Bada ardurak partekatzen dituen beste edozein bikotek bezalaxe. “Batek umea bainatzen duenean, besteak afaria jartzen du; batek umea lokartzen duenean besteak garbigailua jartzen du... eta nekearen nekeaz sofan loak  hartzen gaitu”.

Natural bizitzeak ez du esan nahi eurek ere zalantzak eta dudak ez dituztenik. Mahai gainera atera da erditu den amak eta ez denak lotura berdina garatzen ote duten umeekin. Jendarteak, gainera, areagotu egiten du sarri zalantza hori, “haurdun egon denaren amatasunak pisu handiagoa du,  ikusgarritasun eta sinesgarritasun handiagoa ditu jendearen begietara”, azaldu du Arianek. Aloñak, kasu, argi du, berak bere  barrenetik jaioak izan balira bezalaxe sentitzen dituela bere Irular eta Sara. “Batzutan hainbeste sentitzen ditut, sinistu ere egiten dudala neuk jaio nituela”.

Umeek eurek gurasoek bezain natural bizi dute jaiotzetik bi ama izatearena. “Kaietek prozesu osoa daki —azaldu du Josunek—. Esan izan diogu Argizkak eta biok asko maite dugula elkar, ume bat eduki nahi genuela, eta gizasmee baten semena behar denez, berez biok
ezin genuela eduki eta Donostiara joan ginela, eta han medikuak lagundu zigula. Han batzuek odola ematen dutela besteei laguntzeko, besteek semena... Eta, bere neurrian, pixkanaka ulertzen du”. Irularrek ere bere neurriko galderak egin ditu 6 urte hauetan. “Hasieran ea bera nondik jaio zen galdetzen zuen; Igoneren tripatik jaio zela esanaz konformatzen zuen. Gero hasi zen galdetzen zergatik Igonerenetik eta ez niretik. Orain beste haur batzuek berari galdetu izan diote ea ez daukan aitarik, eta berak ezetz, bi ama dituela. ‘Pena!’ —esan diote haur nagusiagoek—, aita da onena!”, eta gureak erantzun: ‘baina Aloña aita bezala da!’”. Barre egin dute gurasoek txikiaren irteerarekin. “Haurrei berez barrutik ateratzen zaiena oso sanoa eta naturala da, beste kontu bat da kanpotik entzuten diotenari bueltak ematen hasten direnean”.

Horrexegatik, hezkuntzari ikaragarrizko garrantzia ematen diote hiru bikoteek.  Badute kezka euren seme-alabek zer nolako mezuak jasoko dituzten, bai kalean eta baita eskolan ere. Ezinbesteko ikusten dute hezitzaile eta irakasleek euren geletan eredu desberdineko familiak dituztela aintzat hartzea, eta hizkuntza zaintzea. “Ez gugatik bakarrik, ama bakarreko familiengatik, aitona-amonen ardurapean daudenengatik... aita eta ama dituzten familiak bakarrik aipatzen dituzten ereduek dagoeneko ez dute balio”. Baliabide eta material anitzagoa beharrezko ikusten dute, hasi komunikabide nahiz argitaletxeetara.

Baina haurrak homofobiarik gabe heztea ez da eskolaren egitekoa soilik. “Gure umeen lagunek naturaltasunez biziko dute Kaietek bi ama dituela, haiek ere euren etxean hala hartzen bagaituzte, eta kontrako mezurik jasotzen ez badute”, azaldu du Argizkak. Beraiek Getarian oso jarrera ona aurkitu dutela diote pozik.

Norbere etxean, zailena
Heziketa-lana guraso homosexualei eurei egitea ere egokitzen zaiela diote. “Guk geure buruarekin prozesu bat egin dugu, eta denbora bat eman diogu honaino iristeko —azaldu du Arianek—.  Besteei ere eman behar zaie denbora, zure alabak ohikoena ez den aukera bat egin duela asumitzeko”.

Hiru bikoteek hain natural bizi izan duten prozesua, pentsatzekoa izan zitekeen euren familietan ere hala izatea. Baina euren aukera sexuala eta haurra edukitzeko erabakia ez da hain erraz onartu etxe guztietan. “Ahal dela, hobeto da homosexuala besteren etxekoa izatea”, esan du zintzo Arianek. “Gaur egun, oraindik, erreferentzia hobea da  zure seme-alaba heterosexuala izatea homosexuala izatea baino; gauzak errazagoak dira”. Ez zen, ordea, kasu guztietan zaila izan euren alaba lesbiana zela onartzea: “Emakume bat gustatzen zaizula? Hori al da guztia?!”, esan zioten, adibidez, Arani. Etxe batean astebete iraun zuen disgustuak, “negarrez pasatu zuen amak astebete”. Besteren batean luzeago jo du.

Zailtasunak zailtasun, aurrerapausoak ikusten dituzte eurek euren sexualitatea onartu zutenetik gaur arte.  “Gaur egun, kalean, festetan, tabernetan... askatasun handiagoa  dute bikote homosexualek”, Josuneren arabera. Eurek euren sexu aukera eta gurasotasun-prozesua ikusgarri egin izanak bide horretan lagundu du. Jakitun dira orain eurak direla besteren erreferente. “Beste bikote lesbiana bat haurdun ikusi nuenean ateak ireki zitzaizkidan niri, eta orain espero dut besterentzat erreferente izatea familia bat osatu daitekeela ikustean”. Aldaketak, alabaina, ezkontzetik eta familia bat osatzetik haragokoa izan behar duela uste du Aloñak: “Hormonak dantzan dituen nerabe horrek ez dezala sufritu bere sexukoren bat gustatzen zaiolako. Ez hark eta ez beste inork. Horretan behar dugu, denok, askatasun handiagoa”.