Eredu eta irakasle da pornografia haur eta gazte askorentzat.

 

Eredu eta irakasle da pornografia haur eta gazte askorentzat, eta, hala izan ez dadin, garrantzitsua da kalitatezko sexu heziketa integrala bultzatzea.

 

Save the Children erakundearen arabera, batez beste 12 urterekin hasten dira haurrak pornografia kontsumitzen, eta irudi horietan ikusten dituzten aktoreak sexu heziketako irakasle bihurtzen dira maiz. Eredu horiek, ordea, ez dira ez egokiak ez errealak izaten: handia da maskulinitate eredu hegemonikoaren eta bortxaren presentzia, emakumea objektu gisa agertu ohi da, eta errealitatetik urrun dauden gorputz ereduak erabiltzen dira. Eredu nagusia pornografia izan ez dadin, haurrei txikitatik sexu heziketa integrala eskaintzea beharrezkoa dela dio Emaizeko Miren Lopez de Arregik.

 

Umeak gero eta gazteago hasten dira pornografia kontsumitzen. Zergatik?

Batzuek jakin-minak bultzatuta jotzen dute pornografiara, uste dutelako ondoan dituzten helduei galdetzea baino errazagoa izango dela Interneten begiratzea. Eta, bilatzailean ‘titiak’, ‘alua’, ‘zakila’ edota ‘koitoa’ hitzak jarrita, edozer topa dezakete.

 

Eta beste asko zeharka iristen dira pornografiara.

Bai; bideojokoetan ari dira, eta irudi pornografikoak dituzten bannerrak agertzen zaizkie; edo taldean daude, eta bideoren bat erakusten diete nagusiagoek.

 

Zer arrisku du pornografia eredu gisa hartzeak?

Save the Children erakundeak egindako ikerketa baten arabera, gazteen % 48k pornoa ikaskuntza iturri gisa hartzen du, eta % 30ek, informazio iturri bakar gisa. Hori oso larria da. Maskulinitatearen eredu okerra jasotzen duten, koitoa erdigunean jartzen duten eta genitaletan oso zentratuak dauden harremanak ikusten ditugu. Badirudi gizonei plazera eman diezaiekeen gorputz atal bakarra zakila dela, eta emakumeon kasuan, berriz, ahoa, bagina eta uzkia; emakumeok, nolabait, barnera sartzeko objektu gisa aurkezten gaituzte. Gizonek jarrera aktiboa dute, eta emakumeak pasiboak eta adeitsuak dira, gizonak zer nahi hura beteko dutenak. Izaki nekaezinak antzezten dituzte, beti sexu harremanak izateko prest  daudenak. Eta bestelako informaziorik ez duten umeek ikasten dute hori guztia ohikoa dela eta pertsona nagusiok horrelako harremanak ditugula. Harremanek ez dute inolako kutsu emozionalik, ez samurtasunik, ez erromantizismorik, ez sedukziorik, ez prestaketarik… Pornografian, ez dugu inoiz laztanik, maitasunik, konplizitate begiradarik, komuanikaziorik, urduritasunik, ezjakintasunik, ilerik edota antisorgailurik ikusiko, adibidez. Oso jarrera eta praktika bortitzak agertzen dira, eta horiek ere existitzen dira, jakina, baina ez daude hain zabalduak eta ez dira eredu bakarra. Umeak eta gazteak bestelako eredurik ez badute eta inork ez badie esaten hori guztia fikzioa dela, nahastuta iristen dira harremanetara.

 

Eredu okerrak jasotzeaz harago, zer ondorio ditu haurrengan pornografiaren kontsumoak? Zer eragin izan dezake?

Emaizen, ondorio hauek ikusi izan ditugu: gaztetxoek pentsatzen dute ilea zerbait zikina dela —lehen, emakumeen gorputzetan soilik, baina, orain, gizonen gorputzetan ere bai—, taldean harreman erotikoak izatea oso ohikoa dela, koitoak 30 minutu baino gehiago iraun behar duela eta erromantizismoa edo samurtasuna ez direla harreman erotikoaren parte. Sexu harremanek intentsitate handikoak izan behar dutela pentsatzen dute, eta, horretarako, beharrezkoa dela bortizkeria. Gizonek, maitale onak badira, emakumeon eiakulazioa lortu behar dutela pentsatzen dute, eta genitalei buruzko kezka ugari izaten dituzte: zakilaren tamaina, titien tamaina, ipurdia…

 

Pornografiaren esku uzten ari al gara sexu heziketa?

Hein handi batean, bai, baina, helduok, larritu baino gehiago, erantzukizunez jokatu behar dugu. Pornoak hor jarraituko du, eta gure esku dago beste eredu batzuk eskaintzea eta gu haurren eta gaztetxoen ikasketa iturri izatea. Beldurrak gainditu behar ditugu, eta sexualitateari buruz hitz egiteko jarrera irekia izan. Errespetuan oinarritzen diren kalitatezko harremanak bultzatu behar ditugu.

 


Bestelako aukerak

Zabalduen dagoen pornografia horren aldean bestelako ikuspegia eskaintzen duten aukerak ere badira. Hor kokatuko lirateke, hain zuzen ere, pornografia etikoa eta pornografia feminista. Pornografia etikoan, aintzat hartzen dira langileen eskubideak, eta pornografia feminista gisa ezagutzen denak pornografia etikoari genero ikuspegia gaineratzen dio, sexu harremanen irudikapen errealistagoa eginez. Emakumeek sortutako edota emakumeei zuzendutako pornografia generoa da.