Aitziber Estonba | Sexologoa

SEXU-HARREMANAK ERDITZE OSTEAN

Haurdunaldian zehar sexu-harremanak mantendu ditugu, baina duela gutxi erditu naiz eta orain ez naiz horretarako aldartearekin sentitzen. Bikotea, aldiz, zain-zain 
dagoela sentitzen dut. Zer egin nire sexu-gosea esnatzeko? Edo agian denbora kontua da, eta denbora eskatu behar nioke bikoteari?

PERTSONA BAKOITZA EZBERDINA DENEZ GERO, prozesu horiek guztiak (haurdunaldia, erditzea, menopausia…) ezberdin bizi ditugula azpimarratu nahiko nuke, lehenik eta behin. Hala ere, erdi-ondorengo taldeetan lan egin dudanean, emakume gehienek planteatzen duten gaia dela esan nezake.

Desira sexuala ez da automatikoa edo borondatez sor dezakegun zerbait. Faktore askok eragiten dute. Erditzeaz gain, eta bertan suerta daitezkeen ondorioez gain, lehen seme-alaba familiara etortzea aldaketa izugarria da. Bikoteak ahalegin berezia egin behar du haientzat berriak diren umearen beharrak asetzeko lanetan. Horrek, alde batetik, beste hainbat gauzatarako energia xurga dezake. Eta bestetik, bikotean duda, zalantza, kezka… ugari sor ditzakete eta horrek, nolabait, estres egoerara eraman gaitzake. Horrek guztiak desira erotikoan eragina izan dezake. Bestalde, emakumea bularra ematen ari bada, hormona mugimendu handia dakar, eta horrek desira erotikoa jaistea ere eragin dezake.

Hala ere, behin hasierako hilabeteak pasata, poliki-poliki zuen harremanak berreskuratzeko ahalegina sustatzea gomendatzen dut. Bestela, askotan, harreman horiek ezean, gure bikote harremana primeran joan arren, gure harreman erotikoetan sortzen den intimitatea, konplizitatea, plazer partekatua…. galtzeko arriskua egon daiteke, horrek bikote harremanaren desgastea sortuz. Hala ere, bikote eta pertsona bakoitzak erritmo ezberdinak dituela kontuan izan beharra dago.

Bestalde, desiraz ari garenean, askotan soilik koitoaz ari gara edo hori dirudi, behintzat. Erditze ondorenean dagoen bikote batek, agian, ez du indarrik horretarako, baina horrek beste ate batzuk zabaltzen dizkigu; beste harreman mota batzuk izateko aukera, alegia, askoz sutilagoak, lasaiagoak….  Gure praktiken abanikoa zabalduz. Zeinek esango digu elkarri masaje bat ematea ez denik praktika erotiko bat?

Egoera horretan bikotearen arteko komunikazio afektiboa oso-oso garrantzitsua bilakatzen da. Eta afektiboa hitza azpimarratuko nuke. Zer esan nahi du horrek? Bada, norberarentzat hainbeste aldaketa suposatzen duen une honetan, bere behar emozional zintzoen komunikazioa. Norbera nola sentitzen den eta egoera berri horretan ongi egoteko zer behar duen adieraztea. Horrek ez du esan nahi bestearen nahia asetu behar dugunik, ezta besteak gurea ere. Baina soilik abiapuntu horretatik ulermena irits daiteke eta benetako komunikazio emozionala. Bikote batek une berezi horiek ongi kudeatuz gero, bikote harremana izugarri aberastu dezake. Beraz erditze-ondorenak ere, bikote bezala hazteko balio du. Hurrengo estekan testu aproposak topa daitezke erditze ondorengo sexualitateaz: https://sexologiaenredessociales.wordpress.com/author/mirisobrino 


PLAZERA ERDITZE OSTEAN

Beti kontrakoa gertatzen dela entzun ohi dut, baina nik erditu ostean plazer gehiago sentitzen dut sexu-harremanetan, bereziki sarketan. Zentzurik ba ote du?

AURREKO GALDERARI BEGIRATZEA BESTERIK EZ DUGU bi emakumek egoera beraren aurrean bizipen desberdinak izan ditzaketela ohartzeko. Horra hor, aberastasuna.

Egia da, gutxiago entzuten den arren, ez zarela hau planteatzen duen emakume bakarra. Ikerketa bat aurkitu dut eta honela dio: erditzean emozionalki sostengatuta sentitu diren eta esperientzia hau modu asegarrian bizi izan duten zenbait emakume, ondoren harreman erotikoetan gehiago gozatzera iristen direla.

Horrez gain, adinarekin bagina sentikorragoa dela ere entzun izan dut, baina hori ez daukat kontrastatzerik edo frogatzerik.

Edonola ere, zerbait fisikoaz haratago, berriz ere arlo emozionalak norberaren bizipen erotikoetan duen garrantziaz ohartzea nahiko nuke, azkenean horixe baita gure motorra, eta baita semaforoa ere.

Beraz, sentitzen duzun hori lasai gozatzea da gakoa, eta zurea den heinean, baliotsua eta altxor bezala bizitzea.

Aurrera!


MASTURBAZIOA

Zer adinetan hasten dira haurrak masturbatzen? Ohikoa al da lau urteko haur bat sarri masturbatzea, egunero gutxienez, nahiko modu konbultsiboan? Beldur gara zerbaiten sintoma ote den. 

HAURREN ETA HELDUEN MASTURBAZIOAREN ARTEKO diferentziak azaldu nahiko nituzke lehenik eta behin. Helduen masturbazioan desira erotikoa tarteko dago eta erabaki kontziente baten ondorengo emaitza da.

Umeen kasuan, berriz, haien gorputzarekin etengabe duten kontaktuan, haien genitalak ukitzen dituzte hori egitera doazela erabaki gabe. Alegia, telebista aurrean, etxean zehar edo edozein tokitan egiteko ohitura dute, beraien gorputzarekin egiten duten edozein mugimendu bezala.

Lau urterekin umeek psikomotrizitate hobea dutenez, primeran moldatzen dira honetan. Beraz, 4-6 urte inguruan praktika hau eta haien arteko jolas sexualak arruntak izan daitezke. Familiaren aldetik ez badute debekurik edo ez-onarpenik sentitzen, lasai ibili ohi dira lantxo horietan.

Bestalde, egia da, guk ikastetxeetan egiten dugun 
aholkularitza lanetan, konbultsibitatez ematen diren masturbazio kasuak aurkitu izan ditugula. Estres egoeren aurrean, sistema familiarrean bizi duten egoeraren edota gelan suerta daitezkeen hainbat egoeraren aurrean, badira jokabide hori hartzen duten umeak. Kasu horiek de-
tektatzeko pistak ondorengo hauek lirateke:

- Aipatu duzuen konbultsibitatea; alegia, etengabe errepikatzen denean jokabide hori.

- Jokabide hori plazerez ez bizitzea izan daiteke bestea. Hau da, jokabide horren ondoren plazerik ez aurkitzea, eta beraz, ezta asetze sentsaziorik ere. Plazera baino, egoerari ihes egiteko modu bat bilakatu daitekeena.

Beraz, zalantzarik izanez gero, behaketa bat egitea komeniko litzateke, eta haur prebentzioan aditua den profesional bati kontsulta egitea. Era berean, hori guztia lasaitasunez hartzea komeni da eta, agian, sintoma honen bidez, umea une horretan bizitzen ari den egoeraren informazioa ematen edo dituen beharren inguruan hitz egiten ari zaigula ulertzea aholkatuko nuke. Larritasunik gabe bizitzea, alegia.