Aitziber Estonba | Sexologoa
MASTURBAZIOA
Susmoa dugu semea masturbatzen hasi dela. Orain arte ez diogu horren inguruko azalpenik eman, eta beldur gara lagunartean entzundako mitoak izatea bere informazio-iturri bakarra. Nola lagun diezaiokegu? Zer azalpen izan daitezke baliagarriak?
ZUEN SEMEA NERABEZAROAN EDO GERTU dagoela suposatzen dut. Horrelako kontsultek gogora ekarri didate askotan guraso bezala berandu samar hasten garela sexualitate gaia etxean jorratzen.
Sexu heziketa umea jaiotzen denetik lantzea komeni da, azkenean umeak irekiago egoten baitira gurasoek esaten dutenari. Horrez gain, askotan gure hitzekin baino gure jarrerarekin hezten dugu, beraz, gure seme-alabak 3-6 urte artean masturbatu direnean, hori errespetatua eta onartua izan bada, segur aski gazte horiek harreman osasuntsuagoa izango dute praktika horrekin.
Horrekin ez dut esan nahi ezin denik adin honetan landu, baina nerabezaroan gauzak zaildu egiten dira hainbat arrazoigatik.
Alde batetik, nerabezaroan seme-alabek gurasoekiko hartzen duten jarrera kritikoak ez du gure arteko komunikazioa askorik errazten. Nolabait gurasoek egiten duten guztia zalantzan jartzen duten garai honetan, guk sexualitateaz eman diezaiekeguna agian ez dute aintzat hartzen, behintzat itxuran.
Bestalde, masturbazioa oraindik ere nahiko gai tabua dela iruditzen zait. Sexuen heziketa tailerretan, gazteek diote gurasoek horretan harrapatzearen beldur direla eta hamaika anekdota kontatzen dute horrekin lotuta. Beraz, horrek esan nahi du oraindik ere, nahiz eta denok dakigun hori gertatzen ari dela, inork ez duela horri buruz hitz egiten.
Azkenik, adin honetan gazteak haien intimitateari mugak jartzen hasten dira, era berean, intimitate hori zeinekin partekatzeko gogoa duten oso argi azaltzen dute. Hau prozesu naturala da eta denok horretarako eskubidea dugu. Beraz, guraso bezala haien intimitatea errespeta-tzea dagokigu.
Baina, aldi berean, egia da arrazoi horiek guztiak direla eta, nahiko bakarrik egoten direla prozesu horretan eta parean etsai nagusi bat dugu: komunikabideak eta sare sozialak. Bereziki mutilak, oso gaztetatik hasten dira pornografia kontsumitzen, oso eskuragarri baitute. Pornografiaren kontra edo alde posizionatu gabe, uste dut ez dela gauza bera bideo horiek adin honetan edo heldutan kontsumitzea. Izan ere, nerabeek oraindik ez baitute ikuspegi kritikorik bideo horietan guztietan ikusten dutena zalantzan jartzeko, ezta errealitatearekin kontrastatzerik ere, eta hor sortzen da arazoa.
Normaltzat ematen dituzte hainbat praktika, hainbat jokabide... eta horrek gero haien harreman erotikoak baldintzatzeko arriskua dakar. Gazteei bideo horien eskuragarritasuna mugatzea familia bakoitzaren baitan egongo da, baina argi dago telefono mugikorrek aukera hauek guztiak zabaltzen dizkietela, agian horretarako prestaturik ez daudenean.
Gurasoekin baino, egokiagoa da gai hau ikastetxeetan egiten diren sexu heziketa tailerretan lantzea nerabeekin. Izan ere, irakasleak eta gurasoak aurrean ez daudelarik, gai honetaz asko hitz egiten dute. Ikastetxeetako tailer horietan, pornografiaren gezurrak azalarazten ditugu haiekin batera eta harreman erotiko errealei buruz hitz egiten diegu, non gure beldurrek, lotsek, konplexuek... pisua hartzen duten.
Hori da nolabait familia bezala ere egin dezakegun lana. Adibidez, elkarrekin pelikulak ikusten ditugunean, harreman erotikoak azalduz gero, beti ere modu umoretsuan, bromen bidez, mito edo ideia faltsu horiek deuseztatu. Komentario eta gauza horiek esaten ditugunean, segur aski berak ez du ezer esango, baina mezuak iristen zaizkio.
Beraz, bere inplikazio edo parte-hartzea ez eskatzea aholkatuko nizueke berak inbasio bezala bizi ez dezan. Horrez gain, une honetan aitaren eta semearen arteko harremana sustatuko nuke. Eta aita gai baldin bada bere gaztetako gauzak kontatzeko, hor espazio polita sor daiteke bera ulertuta sentitzeko eta agian pittin bat irekiago azal daiteke bere gauza intimoak kontatzeko.
Orain Euskal Telebista Merli telesaila euskaraz ematen ari da. Oso telesail egokia iruditzen zait familian ikusteko; hain zuzen, masturbazioaren gaia normaltzat hartzen da eta baliabide polita izan daiteke familian sexualitatearekin lotutako hainbat gairen inguruan hitz egiteko edo, behintzat, tabu bezala ez bizitzeko.
SEXU HARREMANAK HAURDUNALDIAN
7 hilabeteko haurdun nago eta, baldar samar sentitu arren, sexurako gogoa ez da desagertu. Noiz arte jarrai dezakegu sexu-harremanak mantetzen? Amaieran kaltegarria izan daiteke? Entzun izan dugu erditzea probokatu dezaketela sexu-harremanek...
SEXU HARREMANEN ETA SARKETAREN arteko ezberdintasuna azpimarratuko nuke. Sarketaz gain, beste hamaika harreman erotiko izan ditzakegu inolako arriskurik sortu gabe. Hala ere, emaginak edo ginekologoak garaiz aurreko erditzearen arriskua delakoa diagnostikatu ezean, ez da arriskutsua sarketa bera.
Batzuetan gure harreman erotikoetan, baita orgasmoan ere, oxitozina sortzen dugu eta horrekin erditzea aurreratu daitekeela entzuten da. Baita semenaren prostaglandinak ere. Dena dela, sortzen diren bi osagai horien kantitatea ez da nahikoa erditze baten hasiera eragiteko. Noski, beti ere ez badu aurretik aipatu dugun diagnostiko hori.
SEXU IDENTITATEA
3 urteko haurrak genitalen arabera bereizten ditu generoak. “Horrek zakila dauka, mutila da. Horrek alua dauka, neska da”. Komeni da orain argitzea genitalak ez direla determinanteak? Zer azalpen eman diezaiokegu?
ADIN HONETAN ORAINDIK EZ DUTE haien identitate sexuala guztiz osatuta. Une honetan, zuk primeran azaldu duzun bezala, haiek identifikatzen dira sexu batekin edo bestearekin kanpoko faktoreengatik, eta ez hala sentitzen direlako. Beraz, haien pentsamenduan “mutila zara zakila baduzu” hori ohikoa da.
Horrekin batera, gizarte honetan gizonari egozten zaizkion kanpoko itxurarekin ere lotzen dute sexu identitatea, alegia, “ni mutila naiz ile motza dudalako, nire aita, osaba, aitona edo anaia bezala”. Identitate sexuala, hau da, mutil edo neska bezala sentitze hori, 6 urtetik aurrera hasten da garatzen.
Horrek ez du esan nahi, ezin diogunik azaldu agian gauzak ez direla soilik haiek uste duten bezala. Alegia, hamaika modu daudela neska eta mutil izateko, ile mo-tzarekin, luzearekin, zaletasun batzuekin, besteekin... eta kasu batzuetan organu genitalek ere ez dutela identitatea markatzen.
Hala ere, nahiz eta guk mezu horiek eman, ulerkorra da oraindik horrekin jarraitzea eta guztiz ez ulertzea guk esaten dieguna, orain bizi duten une ebolutiboaren parte da eta.