Aitziber Estonba | Sexologoa
SEXUALKI DEFINITZEN
Azken aldi honetan gure sei urteko semeak, etxean jolasean ari delarik, nire belarritakoak janzten ditu, ezpainak pintatzen ditu edota nire zapata takoidunekin ibiltzen da. Sexualki definitzen ariko da? Zer egon daiteke horren atzean?
UMEAK, urte eta erdi inguruan, genero batekoa edo bestekoa direla ezberdintzen hasten dira. Ezberdintasuna ez dute gorputzaren bidez egiten, baizik eta antzarengatik, hau da, “mutila naiz aitatxoren antz handiagoa dudalako amatxorena baino”. Ondoren, 3-4 urte ingururekin, sexua zer den deskubritzen dute, emakume eta gizonen ezberdintasun fisikoak ikusteko gai dira. Une polita da haurrei, neska eta mutila izan arren, neska eta mutila izateko hamaika modu daudela transmititzeko. Hau da, gure identitate sexuala iraunkorra den arren, generoa malgua dela eta norbera nahi duen moduan bilakatu daitekeela emakume ala gizona. Sei urtera iristean, identitate sexuala finkatzen dute eta aurrekoaz ohartu egiten dira, hots, genero bateko zein bestekoa izatea ez dela jantziekin ezberdintzen baizik eta barnean sentitzen dutenarekin.
Mozorrotzearen harira, nik galdetuko nizueke ea zein den zuen kezka. Azken aldian, transexualitatearen gaia oihartzun handia izaten ari denez, agian gurasoen kezka pizten ari da. Umeak mozorrotzerakoan, jolas sinbolikoaren bidez, beste pertsonaje batzuk izatea esperimentatzen dute, errealitatean dagoena baino mundu handiago bat zabaltzen zaielarik. Are gehiago esango nizuke, hainbat etxetan umeek mozorro hori ez dute erabiltzen horrek gurasoei nolabaiteko kezka sortu diela konturatu direlako edo, besterik gabe, mozorro mota horiek zuzenean debekatu zaizkielako burlaren bidez. Beraz, eta naturalki hau onartu den etxeetan, lasai egiten dute. Beste gauza bat izango litzateke, zuen semeak txikitatik neska dela esango balu, edo txikitatik jendeak mutila deitzen zioenean, berak neska zela esan izan balu. Hor, agian, beste kasu baten aurrean egongo ginateke, transexualite kasu baten aurrean alegia. Bukatzeko hausnarketa bat: konturatu al zarete neskak mutilez mozorrotzeak ez duela gurasoengan kezka sortzen? Zergatik ekarriko ditu mutilen munduan femeninoak horrenbesteko kezka eta buruhauste?
BILUZTASUNA
Jaiotzen den unetik haurrarentzat sexualitatea oso garrantzitsua dela entzun dut, txikitatik hasten direla genitalak ukitzen eta euren erotismoa errespetatu behar dela. Guk ere hala hezi nahi dugu umea, baina zalantzak ditugu, adibidez: pixoihala erabiltzeak eraginen bat izan ote dezake haurraren sexu-garapenean? (ukimena oztopatzen diola ohartu gara)
BAI, aldizkariaren beste aleetean azaldu dudan moduan, umeek haien genitalak, baita gorputzeko beste atalak ere, esploratzen dituztenean plazera sentitzen dute eta askotan etxean haien gorputza ukitzen ikusten ditugu. Askotan, plazeraz gain, deskargatzeko modu bat ere bilaka-tzen da.
Pixoihalari dagokionez, komenigarria ikusten dugu egunean zehar tartetxoak bilatzea pardelik gabe egon dadin, eta baita, aukera izanez gero, biluzik egoteko ere. Modu honetan, bai bere genitalak, baita bere gorputz osoa ukitu, esploratu, sentitzeko… aukerak zabaltzen ari gatzaizkio.
Kontuan izan behar dugu, haurrak zazpi bat urtera arte gorputza eta emozioak direla, ordura arte ez baita garun azala (kortexa) guztiz garatzen. Beraz, gorputza lantzea ezinbestekoa da umeak haien emozioak behar bezala bideratzen joateko. Horrez gain, hau kontuan izanda, gorputza komunikazio afektiborako tresna nagusia dela erakusten diegu.
Beraz, eta lehen esan bezala, etxeetan haien gorputza sentitzeko bai bakarrik, bai gurasoekin batera, tarteak bilatzea komeni da, masajeak, gorputz jolasak, pedorretak, borrokak, bainuak etab.
baliatzea aipatutako helburuak lantzeko.
NERABEEKIN MINTZATZEA
Nire 15 urteko alaba lehen mutil-lagunarekin hasi berri da. Sexuaz hitz egin nahiko nuke berarekin, baina ez dakit nola egin. Gaia ateratzen dudan bakoitzean defentsiban jartzen da eta ez dit biderik ematen gaiaz hizketan jarraitzeko. Zer egin dezaket?
EGIA ESAN, zure galderari erantzuna eman baino, hausnartzeko galdera batzuk egingo nizkizuke. Zer nahi duzu zure alabarekin hitz egin? Zein beldur sortu zaizkizu orain zure alabak bikotekidea duenean? Zein modutan hurbildu zara harengana (antsietate pixka batekin agian, beldurra transmititzen agian)?
Honen arabera, erantzun ezberdinak egon daitezke. Agian, antsietatez edo beldurrez zuzendu baldin bazara beregana, berak ez du nahiko inolaz ere hori jaso. Bikotea izatea beretzat zerbait irrikagarria, atsegina… da, ilusio handiz bizitzen ari da, eta helduengandik jasotzen dituen mezuak, beldurretik zuzenduta daudenez, hori dena zapuzteko gogorik ez du. Ez dezagun ahaztu zein sentimendu bizi izan genituen guk bizipen hori izan genuenean!!! Beldurraz hitz egitea baino, sentimendu atsegin horiei guztiei buruz hitz egin dezakezue, honela komunikaziorako bideak erraztuz.
Hala ere, nerabezaroan, gazteekin komunikazioa zeharo aldatzen da, gurasoekin beste harreman mota bat sortuz. Lagun artean bilatzen dituzte haien intimitatea konpartitzeko guneak, eta gurasoak etsaitzat gaituztenez, ez dute nahi izaten gurekin komunikatu. Beraz, eta nire ustez, garai honetan (eta besteetan ere) gurasoon eginkizuna haien ondoan egotea da, haiek jartzen dituzten mugak errespetatuz.
Bestalde, askotan aipatzen dugu sexologook, sexudunak garela eta sexua jaiotzetik hil arte dugun dimentsioa dela. Horregatik, sexualitatearen gaia etxeetan txiki txikitatik naturaltasunez lantzea proposatzen dugu, nerabezarora iristerakoan hezkuntza sexualaren oinarria jaso dutela ziurta dezagun.
ERDITU OSTEAN
Lehen aldiz guraso izan berri gara eta bikotearen eta nire arteko sexu-bizitza aldatu egin da. Bikotekidea haurraren ama bezala ikusten dut gehiago. Bularrak haurraren jaki-iturri izateak ere aldatu egin du gauzak ikusteko nire modua. Egoera berrira egokitzea kostatzen ari zait, aholkurik bai?
AHOLKUAK EMAN BAINO LEHEN, zure bikotearengan aipatzen duzun ikuspegi aldaketa honen jatorria nondik heldu den azaldu nahiko nuke. Historikoki, emakumea soilik rol batean ikus dezakegula dirudi, emakume-amorantea, emakume-emaztea, emakume-ama, emakume-amoña…. Horregatik aldaketa bat dagoenean eta emakumea beste rol batean jartzen denean, badirudi besteak bidean galdu dituela eta ezin duela horiek denak batera sustatu. Urteetako ikuspegi hau aldatzea kosta egingo zaigu, baina honetaz ohartzea ez da gutxi.
Zure galderan primeran adierazi duzun moduan, egokitzapen garaian zaudete eta egokitzapen guztiek beren denbora behar dute. Hori da, nire lehendabiziko aholkua, behar duzun denbora hartzea, antsietatean sartu gabe.
Beste bat, eta batzuetan errepikakorrak garen arren, zuen arteko komunikazioa oso garrantzitsua da, askotan sentitzen duguna adieraztean, besteak izan ditzakeen mamuak eta beldurrak saihestea lortzen da, bikotean gaizki-ulertuak eta konplikazioak gerta ez daitezen. Zuen arteko komunikazioa diodanean, hitz egiteaz gain, gorputzarekin ere komunikatzeaz ari naiz, zuen kontaktu fisikoa ez galtzea, zuen arteko begiradak, besarkadak, laztanak….
Hau guztia mantenduta, ziur nago denborarekin berriz ere zure bikotearen rol ezberdinak pertsona bakarrean sustatzeko gai izango zaretela.