Sexualitatea da hizpide zenbaki honetako gai nagusian. Eta hitz hori aipatzean, idaztean, irakurtzea, esatean, bi alderdi nagusirekin egiten dugu topo: gurasoak eta haurrak. Alde batetik, haurren eta gazteen sexualitatea etortzen zaigu burura; haurren sexualitatearen ezaugarriak, haurren galderak, jakin-mina, gorputza... Eta bestetik, gurasoen kezkak, galderak, bizipenak eta beldurrak. Bigarren alderdi hori lantzea inportantea da lehendabizikoa bere bidean eta modu egokian garatzen joateko. Izan ere, Nerea Sancho sexologoak erreportajean dioen moduan, “haurrek hain modu espontaneoan eta naturalean egiten dituzten jokabide horiek helduen begiradatik mamu asko pizten dituzte, eta askotan helduentzat egoera horien aurrean nola jokatu asmatzea ez da erraza izaten. Haurrek modu autentikoan bizi dute sexualitatea, aurreiritzirik gabe eta inolako beldurrik gabe”. Sentsazioetan oinarritzen den sexualitatea bizi dutela gehitzen du, eta hor dago aldea: helduek ez. Helduen ikuspegia genitalizatua da, eta haurrena, berriz, zabalagoa.
Sexualitatea ez dute modu berean bizitzen 3 urteko ume batek, 11 urteko gaztetxoak edo 17 urteko nerabeak. Garai bakoitzak bere ezaugarriak eta bizipenak ditu, eta horiek ezagutuz gero, helduak egokitzeko aukera du. Beldurrak saihesteko parada ematen du informazio horrek. Eta horrela, deseroso sentiarazten duten egoeretatik ateratzeko bideak ezagutuko ditu. Informazioa edukitzeak ikuspegia irekitzen laguntzen du, eta horrela kezkak eta galderak ere beste modu batekoak izan daitezke.
Hortaz, hortxe dago lana. Sanchok garbi esaten du: “Orain guraso eta hezitzaile garenon belaunaldiaren esku dago datozen haur eta nerabeek sexualitatea modu egokiagoan bizi-tzeko laguntza ematea, beraiek ere etorkizunean taxuzko bizitza erotikoak izan ditzaten”.
Horixe da, hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuak martxan jarritako Skolae hezkidetza programaren xedea: umeei heziketa afektibo-sexuala eskaintzea, eskoletan kultura berdinzalea ezartzeko eta indarkeria sexisten aurrean kontzientziatzeko. Ez dute pornografiaz hitz egiten, salatu duten moduan, baizik eta afektuaz, mugez, gorputzaz… Adituek txalotu egin dute programa eta 2019an Unescoren Neskato eta Emakumeen Hezkuntzarako Nazioarteko Saria jasotzeko hautagai da. Marian Moreno genero indarkerian aditu eta irakaslea aritu da beste lau aditurekin batera programa diseinatzen, eta esana du “egia bilakatutako ametsa” izan dela ezberdinenganako errespetua helburutzat duen programa hau martxan jarri izana. Eduki “serioak” eta “oso onak” ikusi dizkiote adituek; beste heldu batzuek, aldiz, pornografia eta “adoktrinamendua” ikusten badute… zein betaurrekorekin ari ote dira begiratzen?