Sorkuntzak denbora, espazioa eta testuinguru egokiak behar ditu Egilegorren aburuz.

 

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak (HUHEZI) antolatutako eta Berria Egunkariak lagundutako Euskal kultura gaur eta bihar jardunaldian parte hartu zuen Izaskun Egilegorrek, Huheziko irakasle eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak. “Sormena hezkuntzan, kultura biziberritzeko arnasa” mahai-inguruan esandakoetatik abiatuta, sormenak hezkuntzan duen lekua, ondarearen gizarteratzea eta herriko eragileen arteko saretzea izan zituen hizpide. Sorkuntzak denbora, espazioa eta testuinguru egokiak behar dituela nabarmendu zuen.


 

Sormena hezkuntzaren erdigunean jartzeaz hitz egiten dugu maiz, baina ez da beti erraza hori egunerokoan gauzatzea. Curriculumak, ordutegiek, irakasgaien banaketak eta emaitzak neurtzeko presioak markatzen dute eskolaren erritmoa. Hala ere, sormena ez da aparteko jarduera bat, edo une jakin batzuetara mugatzen den osagarri bat. Ikasleek pentsatzeko, zalantzan jartzeko, esperimentatzeko eta beren adierazpideak aurkitzeko duten moduetako bat da.

Ikuspegi horrek kultura ondareari begiratzeko modua ere aldatzen du. Ondarea ez da iraganetik jasotako zerbait gordetzea eta belaunaldiz belaunaldi transmititzea soilik. Esanahia ematen diote komunitateek, eguneratu, eraldatu eta beren egiten duten heinean. Hezkuntzak aukera eman dezake ondarea abstrakziotik jaisteko, ikasleen egunerokoarekin lotzeko eta elkarrizketaren bidez biziarazteko. Horrela, sormena eta kultura ez dira eskolatik kanpo geratzen diren eremuak, ikasteko, parte hartzeko eta komunitatearekin loturak eraikitzeko bideak baizik.

 

Sorkuntzak behar duen denbora

Esaten da ezinbestekoak direla sormenerako espazioak, baina, espazioaz gain, denbora ere behar da. Sorkuntza prozesuak ez dira ariketa soilak. Hausnarketa eskatzen dute, probak egitea, akatsa onartzea, berriz saiatzea eta ikasle bakoitzaren adierazpen errealitatea ulertzea. Horretarako, beharrezkoa da denbora eskaintzeko prest egongo diren pertsonak egotea, bai prestakuntzarako, bai prozesuetan laguntzeko. Espazioak behar dira, baina baita espazio-denboretan kokatutako testuinguruak ere.

Sorkuntza prozesu bat benetan garatu dadin, ezinbestekoa da jarraitutasuna izatea. Denborarik ez dagoenean, ariketatxoak edo gauza solteak egiten ditugu, eta sormen jarduerak azaleko edo anekdotiko bihurtzeko arriskua dago. Ideia bat lantzeko, denbora behar da. Harekin egotea, hari bueltak ematea, materialak probatzea, besteekin hitz egitea eta bidean agertzen diren aukerak jasotzea eskatzen du. Bestela, sormenaren berezko faseak —sortzea, esperimentatzea, zalantzan jartzea edo konplexutasunari heltzea— ez dira osorik garatzen.

Gizarte produktibista batean bizi gara, eta zuzeneko eragina du horrek hezkuntzan ere. Berehalakotasuna eta emaitza neurgarriak lehenesten dira maiz, eta leku gutxi dute prozesuek. Sormena berez periferiara edo bazterrera eramaten den dimentsio bat bada, eta, gainera, sorkuntza prozesu bat garatzeko behar den denborarik eskaintzen ez badiogu, are zailagoa da egoera; sormena bazterrean eta denborarik gabe uzten dugu. Hezkuntza formalaren barruan, sorkuntza prozesuak benetan garatzeko espazio-denbora aberatsak falta dira sarri.

 


Sormena berez periferiara edo bazterrera eramaten den dimentsio bat bada, eta, gainera, sorkuntza prozesu bat garatzeko behar den denborarik eskaintzen ez badiogu, are zailagoa da egoera; bazterrean eta denborarik gabe uzten dugu sormena


 

Irakasgaien antolaketak ere ez du beti laguntzen. Oso denboraldi motzetan bizi gara, tarte laburretan, irakasgaiak, orduka, bata bestearen atzetik antolatuta. Erritmo horrek zaildu egiten du ikasleak prozesu batean barneratzea eta gai bati behar duen intentsitatearekin heltzea. Sorkuntzak intentsitatea eskatzen du. Zerbaitetan murgiltzeko aukera, horri eustekoa eta norberaren interesetatik abiatuta bidea egiteko modua behar dira –azken urteetan planteatutako eremukako lanketak bideak irekitzen dizkio sormen prozesuei–.

Horretaz gain, helburuak oso goian jartzeko joera dugu askotan, eta milaka helburu zoragarri planteatzen ditugu. Baina errealitateak gure lekuan jartzen gaitu maiz, eta emaitzak ez dira amestutakoak izaten beti. Horregatik, garrantzitsuena ez da beti azken emaitza. Pertsona bat prozesu batean sartzen denean, gustuko duen zerbaitetan murgiltzen denean, inplikazioa sortzen da. Eta zerbait ederra sortzen da inplikazio horretatik. Ikasleak prozesuan parte hartzea, zerbait bere egiteko aukera izatea eta horretan engaiatzea ere lorpen handia da hezkuntzarako.

 
Sormena, curriculumaren barruan

Sormena hezkuntza arautuaren osagarri gisa ulertzeko joera ere badago sarri, baina, Bigarren Hezkuntzako curriculumari eta funtsezko konpetentziei begiratuz gero, ikus daiteke askoz ere zabalagoa dela haren lekua. Sormenak eskaintzen dituen aukerek, eta sorkuntza prozesuetan garatzen diren gaitasun txikiek, funtsezko konpetentziek eskatzen dutenaren zati handi bat osatzen dute. Horregatik, ikasleak modu integralean hezteko beharrezkoa den ardatza bilakatzen da.

Sormenak ikasgelan bere lekua eta testuinguru egokia aurkitzen dituenean, aukera ematen du konpetentzien arteko loturak egiteko. Ikasleek beren adierazpideak eta diskurtsoak esploratzen dituztenean, hizkuntza komunikaziorako konpetentzia lantzen dute. Ondarearekin edo inguruko kultura erreferentziekin lan egiten dutenean, berriz, kontzientzia eta adierazpen kulturalerako konpetentzia garatzen dute, ez soilik hartzaile gisa, baita interpretatzaile eta sortzaile aktibo gisa ere.

Herritartasunerako konpetentzia lantzeko bidea ere irekitzen dute sorkuntza prozesuek. Gizartean ditugun erronkei begiratzeko, galderak egiteko eta erantzun berriak bilatzeko aukera ematen dute. Inguruari behatzea, besteekin elkarrizketan aritzea eta norberaren proposamenak taldearen barruan kokatzea eskatzen du horrek. Sorkuntzak, beraz, norbanakoaren adierazpena lantzeaz gain, komunitatean pentsatzeko eta parte hartzeko moduak ere sustatzen ditu.

 

 

Bestalde, sormena lantzeak ziurgabetasunari eusten ikastea dakar. Prozesu baten hasieran, ez da beti argi izaten nora helduko garen, eta, bidean, erabakiak hartu, egindakoa berrikusi eta beste aukera batzuk probatu behar izaten dira. Horrek autorregulazioa, malgutasuna eta ikasten ikasteko gaitasuna eskatzen ditu. Taldean egiten denean, gainera, elkarrekin lan egiteko, besteek esandakoa entzuteko eta norberaren ekarpena negoziatzeko aukera ematen du.

Hori guztia kontuan hartuta, ezinbestekoa da hezkuntza espazioetan sormena egituratzea, ikasleak gaur egungo gizarte konplexuari aurre egiteko prestatzeko. Sormenak ez du curriculumaren albo batean geratu behar. Ikasteko, elkarrekin bizitzeko eta inguruan dugun kulturari esanahia emateko bide bat da, eta, horretarako, behar duen denbora, espazioa eta testuingurua eman behar zaizkio.

 
Ondarea abstrakziotik jaistea

Kultura ondarearekin eta iruditeria kolektiboarekin lotutako gaiak lantzean, kontzeptu urruneko edo lausoegi bihurtzen dira askotan. Sormenean eta gizarte zientzietan ere gertatzen da hori. Kontzeptuak aipatzen ditugu, baina ez dugu beti haien gakoa bilatzen, ezta gazteek edo gizarteak zer esanahi ematen dieten ere. Ondorioz, iruditeria kolektiboa airean geratzeko arriskua dago, eta zaila da harekiko lotura sortzea.

Horregatik, beharrezkoa da elementu horiek gauzatzea eta ikasgelara eramatea. Ondarea ezin da soilik azaldu edo transmititu. Gizarteari erakutsi egin behar zaio elementu horiek uki daitezkeela, esperientzia batekin lot daitezkeela eta zerbait pizteko gaitasuna dutela. Festetako zapi bat eraman daiteke ikasgelara, adibidez, eta, hortik abiatuta, iruditeria kolektiboan daukagun hori landu. Zer balio du zapi horrek gure egunerokoan? Zer leku du herriko festetan? Zer dakigu hari buruz, eta zer iradokitzen digu?

 


Ondarea ezin da soilik azaldu edo transmititu. Gizarteari erakutsi egin behar zaio elementu horiek uki daitezkeela, esperientzia batekin lot daitezkeela eta zerbait pizteko gaitasuna dutela


 

Garrantzitsuena ez da objektua bera. Garrantzitsuena da haren inguruan sortzen den elkarrizketa. Zapi bat izan daiteke, harri bat, edota herri bateko ikur ezagun bat, baina baita beste edozein elementu ere. Galderak egiteak, bizipenak partekatzeak eta besteek esandakoa entzuteak aukera ematen dute ondarea pertsonen esperientziekin lotzeko. Horrela, erreferentzia kulturalak ez dira kanpotik emandako informazio huts bihurtzen, baizik eta elkarrekin eraikitzen den zerbait.

Askotan esaten dugu gazteek ez dakitela, baina ez da horrela. Gazteek badakite, badituzte erreferentziak, eta badute zer esana. Haiek pizteko kanalak bilatu behar dira, ordea. Kanal horiek elkarrizketetatik sortzen dira, eta elkarrizketarako espazioak behar dituzte. Ondarearen inguruko elementuak gauzatzean eta haiei buruz hitz egiteko aukera ematean, aukera handiagoa dago interesak eta loturak agertzeko.

Kultura ondarea kontzeptu abstraktu hutsa izan ez dadin, esperientzia sentsorial bihurtu behar da haren gizarteratzea. Kultura ukigarri eta bizigarri egiten denean, errazagoa da hartaz jabetzea eta kontzientziatzea. Horrek beste dimentsio bat ematen dio ondareari. Ez da soilik jasotzen edo zaintzen den zerbait, pertsonen artean gizatiartu, interpretatu eta biziarazten den zerbait baizik.

 

 
Gizarteratzetik saretzera

Kultura ondarea ulertzeko modua ere aldatu egin da. Lehen, arbasoengandik jasotako ondasun gisa hartzen zen, zaindu eta belaunaldiz belaunaldi transmititu beharreko altxor gisa. Gaur egun, ordea, ez da nahikoa ondarea gordetzea edo haren berri ematea. Jasotako hori eraldatu, gaur egungo errealitatera egokitu eta gizarteratu egin behar da, komunitateek beren egin dezaten.

Transmisio hitza erabiltzen dugu maiz, baina norabide bakarreko prozesua iradokitzen du askotan. Adituek edo ikertzaileek sortutako ezagutza gizartera eramaten da, eta hor amaitzen da bidea. Baina transmisio kanala teorikoegia denean, zaila da hura pertsonengan errotzea. Gizarteak ere badu zer esan, zer ekarri eta zer berrinterpretatu. Horregatik, ondarearen inguruko prozesuek bi norabidekoak izan behar dute, elkarrizketarako eta bueltako ekarpenetarako tokia eginez.

Gizarteratzeak ez du esan nahi informazioa zabaltzea soilik. Pertsonak ondarearekin lotzea, haren esanahia elkarrekin eraikitzea eta norberaren bizipenetatik pasatzea ere bada. Partaidetzazko prozesua denean, errazagoa da identitate hori edo kultura erreferentzia hori norberarena dela sentitzea. Ez da kanpotik iristen den zerbait, gorputzetik eta egunerokotasunetik igarotzen den zerbait baizik.

Herri curriculumek eta herrietan garatzen diren prozesuek aukera interesgarriak eskaintzen dituzte horretarako. Aurkibide edo informazio bilduma hutsean gera daitezke, baina, herritik eta herritarrekin eraikitzen direnean, bestelako indarra hartzen dute. Parte-hartzeak ematen dio zentzua prozesuari, eta horrek eragiten du kontatutako hori sinestea eta harekin lotura sortzea.

Esparru horretan, garrantzitsua da ondare hezkuntzaren balio teorikoa eta praktikoa aztertzen duten ikertzaileen ekarpena ere kontuan hartzea. Olaia Fontal, Alex Ibáñez, Naiara Vicent eta horrelako ikertzaileen lana funtsezkoa da ondarearen transmisioa paradigma berrietara egokitzeko. Haien ikerketek erakusten dute badirela sormena, parte-hartzea eta komunitatearen inplikazioa uztartzen dituzten hezkuntza ereduak.

Saretzeak ere zeregin garrantzitsua du. Hezkuntza komunitateak eta herriko eragileek elkarrekin lan egiten dutenean, transmisioa identitatearen eta egunerokotasunaren parte bihurtzen da. Horrela, kultura eta euskara herritarren eguneroko bizitzan zentzua eta lekua duten elementuak dira.