Ikasleen artean sormena eta euskal kultura bultzatzeko helburua du Nafarroan garatzen ari diren “Sormen digitala” egitasmoak. Sormena eta euskal kultura bultzatzeaz gain, euskararen erabilera ere hauspotu nahi dute proiektuari esker. 2022-2023 ikasturtean, hamabost ikastetxe ari dira egitasmoan parte hartzen.

Gazteen sormena eta irudimena landu nahi dituzte “Sormen digitala” egitasmoaren bidez, eta euskal kulturaren transmisioari lekua eman nahi diote, kultura ikasle gazteengana hurbiltzeko. Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren Euskara Atalaren eta EIBZ Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroaren elkarlanaren emaitza da proiektua. Bigarren Hezkuntzako irakasle, EIBZko kide eta egitasmoaren arduradun dira Miren Oteiza eta Miren Basurto, eta haiek eman dute egitasmoaren berri. Honela azaldu du Oteizak: “Egitasmoak helburu bikoitza du: alde batetik, euskal kulturaren transmisioa egin nahi dugu, euskal kultura sustatu nahi dugu; eta, beste alde batetik, ikasleen sormen artistikoa piztu eta garatu nahi dugu. Baina bi helburu horiez gain, zeharkako helburu bat ere badugu: euskararen erabilera sustatzea. Ikasleek hori guztia euskaraz egin dezatela nahi dugu, euskara erabil dezatela euren sormen prozesuak pentsatzeko, sortzeko, elkarrekin komunikatzeko eta abar”. 

Basurtok zehaztu du nola lortu nahi duten hori guztia: “Helburu horiek lortzeko, euskal kulturatik abiatzen gara, ikasleek sormena landu dezaten, euskaraz sortzeko eta horren ondorioz euskal kultura kontsumitu, bizi eta esperimentatzeko. Gazteen arreta erakarri nahi dugu, euskal kulturako erreferenteak izan ditzaten, sortzaileen ekarpena euren sormena landuz bizi dezaten eta, ondoren, lan horiek birsortu, eraldatu edo erabat iraul ditzaten”. 

2020-2021 ikasturtean abiatu zuten egitasmoa, zazpi ikastetxetan. 2021-2022 ikasturtean, 12 ikastetxe aritu ziren, eta, hasi dugun ikasturtean, D ereduko ikastetxe publiko guztietara zabaldu dute egitasmoa: guztira, hamabost ikastetxe ari dira parte hartzen. 

DBHko 2., 3., eta 4. mailetako ikasleentzat pentsatua da “Sormen digitala”, eta bi modutan landu liteke: hautazko ikasgai modura edota diziplinarteko proiektu gisa. Ikastetxe bakoitzak erabakitzen du zein mailatan eta zein formatutan eskaini nahi duen. Era batera edo bestera lantzen dela, diziplinartekotasunari, hau da, hainbat diziplinatako irakasleek parte hartzeari, garrantzia ematen diote, eta gaia bost irakasgaitan lantzea aurreikusita dago: Euskal Hizkuntza eta Literatura, Plastika, Musika, Gorputz Hezkuntza eta Teknologia. 

Lau baliabide mota 

Hori guztia aurrera eramateko, lau baliabide mota erabiltzen dituzte: lantegiak, baliabide digitalak, sortzaileen bisitak eta irakasleen prestakuntza. Lau lantegi proposatzen dituzte, eta ikasleek erabakitzen dute, irakasleekin batera, horietan parte hartuko duten ala ez: alde horretatik, egitasmoak askatasun handia uzten die ikasleei. Hauek dira lantegiak: Ezpainzapia, Handia eta maskarak, Frontoia eta Txalaparta. Haien bidez, hainbat sormen lan edo adierazpide artistiko sortzeko aukera izaten dute ikasleek, haien gustuen, interesen eta nahien arabera. Lantegiek arteaz duten ikuspegia zabaltzeko aukera ere ematen diete ikasleei. Lantegi bakoitzean sortzen dituzten adierazpen artistikoetan, ikasleek lau hizkuntza-mota hauetako bat erabili beharko dute, eta adierazpenak horren arabera sailkatu: hitzen bidez, irudien bidez, gorputzaren bidez edota musikaren bidez adierazi behar dute sortzen dutena. 

Lau lantegiek bi ezaugarri komun dituzte, Oteizak adierazi duenez: “Alde batetik, emozioa eta sentimendua bultzatzen dituzte, hortik abiatzeari garrantzi handia ematen diogulako. Bestetik, gure kultura ondarea ezagutzea nahi dugu, haiek ezagutzen duten horretatik abiatuta, material horri erabilera berriak emateko, esperimentatzeko eta sormen produktu berriak sortzeko. Tradizioan oinarritutako sorkuntza garaikidea egitea bilatzen dugu”. 

Lantegi horietarako sortu zuten ikasmateriala bost sortzailerekin kontrastatu zuten: Oskar Alegria zinemagilearekin, Ion Celestino musikariarekin, Ines Osinaga musikariarekin, Leire Urbeltz ilustratzailearekin eta Oier Zuñiga dramaturgoarekin. Haien iritzia jaso, eta egindako iradokizunak materialean txertatu zituzten. Horretaz gain, Alegria, Celestino, Osinaga, Urbeltz eta Zuñiga ikastetxeetara joaten dira, eta ikasleen dinamiketan parte hartzen dute. 

Lantegietan erabiltzen dituzten ikasmaterialetan izen handiko euskal artistak bildu dituzte: Josean Artze, Mikel Laboa, Jorge Oteiza, Gabriel Aresti… Basurtok zehaztu du, hala ere, sortzaile entzutetsuak soilik ez, hurbilekoak eta hain ezagunak ez direnak ere aintzat hartu nahi izan dituztela: “Tradizioa hor dago, baina gaur egungoak ere sartu ditugu: Leire Urbeltz, Dora Salazar, Sonakay, En tol sarmiento, Kirmen Uribe... Materiala sortu ahala, esanguratsuak iruditu zaizkigun izenak txertatzen joan gara”. Baina ospetsuak diren horiez gain, ikasleek gertuko sortzaileak aintzat hartzea nahi dute: “Sortzaile ezagun horien lana ezagutzeaz gain, ikasleek tokian tokikoari, hurbilekoari, bertakoari, auzokoari, herrikoari ere balioa eta ikusgarritasuna ematea nahi dugu. Azken batean, ohiko zerrendetan edo zirkuituetan horren ezagunak ez diren sortzaileak ere balioestea”. 

Irakasleen prestakuntzari dagokionez, ikastaro bat antolatu dute “Sormen digitala” egitasmoa lantzen ari diren ikastetxeetako irakasleei zuzendua, eta ikasturtean zehar gain hauek lantzen dituzte haiekin: sormena zer den, sormena nola landu, zein den sormen prozesua, begirada aldaketa, euskal kulturaren transmisioaren beharra, egile eskubideak eta erabilera baimenak… 

Guztia biribiltzeko eta egitasmoari amaiera emateko, urtean zehar egin dituzten sormen lanekin, aldizkari digitala osatzen dute ikasleek ikasturtearen amaieran. Aldizkari horretan, elkarrizketak, bideo-poemak, abestiak, esketxak, koreografiak, argazkiak, eta beste hainbat adierazpide txertatzen dituzte. 

Oskar Alegriaren hitz batzuk baliatu dituzte Oteizak eta Basurtok “Sormen digitala” egitasmoari buruzko azalpenari amaiera emateko: “Sormena landu, irudimena landu, bukaeran, euskal kultura oinarri, sormenaren bidez egindako aldizkari digitala sortzeko”. Hitz horiek laburbilduko lukete egitasmoaren mamia. Izan ere, “Sormen digitala” egitasmoaren logoan, horixe adierazi nahi izan dute: hasierako “S” hizkiak sormenaren lanketa adierazten du, eta “d” hizkiak amaierako lana, aldizkari digitala. 

Sormen Digitala egitasmoan lantzen diren lau lantegietako bat da TXALAPARTA izenekoa. Tailer horrek euskal perkusio-instrumentuaren soinua du abiapuntu.

 

LANTEGIA: TXALAPARTA 

Txalapartaren adibidea baliatuta, besteak beste honako helburuak lortu nahi dira lantegiaren bitartez: 

  • Euskal kulturaren sustraiak eta bereizgarri identitarioak identifikatzea. 

  • Euskal kulturaren sustraietan oinarriturik, gure kulturak gaur egungo mundu globalizatuan duen tokiaz hausnartzea. 

  • Euskal kulturaren biziraupenaz eta etorkizunaz hausnartzea. • Euskal kulturaren sustraiak eta bereizgarri tradizionalak kultur ekoizpen modernoetan txertatzearen gainean gogoeta egitea. 

  • Euskal kulturaren sustraiak eta bereizgarri tradizionalak oinarri dituzten kultur ekoizpen modernoak sortzea. 

  • Kultur munduko berrikuntzez eta esperimentazioaz hausnartzea eta ikasleak berritzera eta esperimentatzera bultzatzea. 

  • Ongi deklamatzearen garrantziaz jabearaztea (ozen irakurtzean, ipuin bat ahoz kontatzean, poesia errezitatzean…).