Hezitzaileei egunerokoan sortzen zaizkien kezkei erantzuteko monografikoa.

 

0-3 urte bitarteko hezitzaileei egunerokoan sortzen zaizkien kezkei eta galderei erantzun nahi die Hik Hasik argitaratuko duen 37. monografikoak. Azarotik aurrera izango da eskuragarri. 

 


Haur txikiak hilabete gutxi dituztela eramaten dituzte gurasoek haur eskolara, gero eta gehiago. Horrek erronka berria ekarri die 0-3 urte bitarteko haurrekin aritzen diren hezitzaileei eta galdera sakonak sortzen zaizkie eguneroko praktikan: berdin gertatzen al da sozializazioa Haur Hezkuntzako lehen zikloan eta ondorengo zikloetan? Sozializatzen al da haurra edo haurtxoa adin horretan? Hala gertatzen bada, nola? Nahikoa al da talde bateko kide izatea sozializatzeko? 0-3 urte bitartean, sozializatzaileak al dira eguneroko jarduera guztiak? Zer neurritan? 0-3 zikloan, bestearekin egoteak eta jolasteak norberaren interesei, nahiei edo proiektuei uko egitea al dakar? Sozializazio optimoa susta al daiteke 0-3 urte bitarteko haurrengan?

Galdera horiek erantzutera dator KalitatHEZ taldeko kideek –Haizea Belzak, Gorka Etxebarriak, Nuria Galendek, Ane Gurrutxagak, Elena Herranek eta Jone Sagastuik– osatu duten Sozializazio goiztiarra Haur Hezkuntzan (0-3 urte) izeneko lana. Eta hain zuzen ere, kalitatea bera azpimarratu zuen Elena Herranek Hik Hasiren 290. alean egin genion elkarrizketan: 0-3 urte bitarteko eskolatze goiztiarra kalitatez egin ezean, etorkizunean arazoak sor daitezkeela. Sozializazio goiztiarra kalitatez egiteko gakoak jaso dituzte liburuan adibide praktikoen deskribapena eginez eta, ondoren, egoera horietan aintzat hartu beharreko alderdiak nabarmenduz. Haur eskolan balizko egun baten gertatzen direnak eta hainbat gai puntual jaso dituzte hezitzaileek eguneroko praktikan bizitzen dituzten egoerak azalduz eta horiek kudeatzeko tresnak emanez eta hainbat mito desmuntatuz.

Hikhasitarrek etxean jasoko dute. Gainerakoan, ohiko lekuetan eta www.hikhasi.eus atarian eskuratzeko aukera izango da.