Sukar-konbultsioak 6 hilabete eta 6 urte bitarteko haurren artean gerta daitezke. Oro har, arazo larririk gabeko konbultsio-gertaerak dira eta minutu gutxitan haurra bere onera etortzen da. Asier Zamakola pediatriako erizanaren arabera, orokorrean ez da sukar-konbultsioak tratatzeko beharrik izaten eta, ikerketek diotenez, gerora ez du haurraren garunean kalterik eragiten.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Familien Osasunerako igorritako informazioaren arabera, sukar-konbultsioak konbul-tsio-gertaera onberak dira, arazo larririk gabeak. Haurrak 6 hilabete eta 6 urte artean dituenean gerta daitezke eta, urrutira joan gabe, egoera hori nozitu duen familiaren bat aurki dezakegu inguruan; izan ere, 5 urte baino gutxiago duten 100 haurretatik 4k pairatzen dute.

Asier Zamakola erizanak anbulantzia medikalizatuan lanean dihardu eta ondo ezagutzen ditu gertaera hauek. Pediatria sailean aritu den urteetan ere gisa honetako kasuak hartatzea tokatu zaio. Aipa-tzen duenez, “normalean, sukar- konbultsioa nozitu duen haurra minutu gutxitan bere onera etortzen da, baina beldur handia bizitzen dute gurasoek egoera hori gertatzen denean, batez ere lehendabiziko aldia bada, edota gertaera honen inguruko informaziorik ez badute”.

Orokorrean, sukarra bat-batean igotzen denean gertatzen da sukar-konbultsioa eta gutxi gorabehera minutu batetik bost minutura bitartean irauten du. Zamakolaren arabera, gehienbat garuneko heldugabetasunarekin daude lotuta sukar-konbultsioak: “Haurraren lehendabiziko urteetan gorputzaren tenperatura mantentzeko daukagun sistema termo erregulatzailea ez dago guztiz garatuta, eta momentu batean, sukarrak gora egiten du bat-batean. Momentu horretan haurraren garunak ezin du jasan bat-bateko igoera hori eta deskonektatu bezala egiten da, nolabait esateko. Eta hor sortzen dira konbultsioak”.

Sintomak askotarikoak izan daitezke, eta Zamakolak honela zehazten ditu: “Konorterik gabe geratzen da umea, gorputz adarretan indarrik gabe, askotan begiak txuri gelditu daitezke, aurpegi zurbila…”. Erizainak aipatzen duenez, “normalean gehinez bost minutu irauten du egoerak eta behin denbora tarte hori pasata, haurra bere onera etortzen da”. Badira, hala ere, sukar- konbultsio konplexuak sufritzen dituzten haurrak eta kasu horietan, 20 minutu baino gehiago luzatu daitezke. 24 orduren buruan konbultsio bat baino gehiago gertatzen bada, sukar-konbultsio anitza bezala kontsideratzen da.

Zer egin sukar-konbultsioa gertatzen bada?
Zamakolaren esanetan, “gurasoek egin behar duten lehendabiziko gauza lasai jokatzea da”. Eta horixe da, erizanaren hitzetan, zailena: “Garbi eduki behar duguna da konbultsioak umetan ez direla hain arraroak, eta motzak izaten direla, berehala pasatzen direla. Gero, laguntza eskatu behar dute; 112ra deitu eta azaldu egoera zein den. Bitartean, umea toki eroso batean etzan, arropak lasaitu arnasa hobeto har dezan eta albo batera jarri”. Haurrari egoera hori gerta-tzen zaion lehendibiziko aldia bada, erizanak aipatzen du komenigarria dela ospitalera joatea: “112ra deitu ostean, eta deia erantzungo duen mediakuaren aholkuak jarraitu ostean, anbulantzia etorriko da. Kasu gehienetan minutu gutxiren buruan haurra bere onera etortzen da, eta anbulantziakoekin hitz egingo dugu: beraiekin joango gara ospitalera edo ikusten badugu umeari konbultsioa pasa zaiola eta haurra gurekin autoan bere aulkian jesarrita lasaiago joango dela iruditzen bazaigu, horrela egingo dugu”. Lehendabiziko aldi horretan ospitalera joatearen garrantzia azpimarratzen du Zamakolak: “Han, behaketan egongo da haurra eta horren araberako balorazio bat egingo zaio, ikerketa sakonagoa egin edo ez erabakitzeko”.

Zamakolak aipatzen duenez, lehen miaketa horretan aztertu behar da konbultsioa zerk eragiten duen: “Larrialdi momentuan bertan zaila da bereiztea, baina behin premi-azko egoera hori pasatzen denean, balorazioak egingo ditugu. Sukar-konbultsiora orientatzen gaituzten adierazleak dira sukarra egotea, edota aipatutako adin tarte horretan egotea haurra. Aldiz, ikusten badugu maizago gertatzen direla konbultsi-oak, edota ez daudela sukarrarekin lotuta, orduan ikerketa sakonagoa egin beharko da konbultsio hori zerk eragiten duen ikusteko”.

Sukar-konbultsioa errepikatzen bada 
Sukar-konbultsioen kasuan, behin haurrari sukarra jaitsi ondoren bukatu ohi da gertaera, baina baliteke aurrerago egoera errepikatzea. Erizainaren hitzetan, “behin sukar-konbultsioa izan duen haurrak, arrisku gehiago dauka egoera berriro nozitzeko. Bigarren batean gertatzen denean, agian ez dago ospitalera joan beharrik, baina komenigarria da pediatrari horren berri ematea; berak ere ikus dezan haurraren eboluzioa, zenbagarren gertaera izan den eta abar”.

Zamakolaren arabera, orokorrean sukar-konbultsioa ez dago tratatu beharrik eta ikerketek diotenez gerora ez du garunean kalterik eragiten: “Gutxi gorabehera bospasei urterekin garuna heldutasunera iristen da, eta sukar-konbultsioa jasan duen haurrak bizitza normal-normala egiten jarraituko du”. Erizainak dio gurasoen kezka nagusia horixe izaten dela: “Haurrak sukar-konbul-tsioa izan eta behin errekuperatzen denean, hurrengo kezka izaten da horrek luzera begira lesiorik eragingo ote dion, eragozpenik izango ote duen. Baina ikerketa guztiek esaten dute garunean ez duela kalterik eragiten”.


Zer egin nire haurrak sukarra duenean?  

Oro har, gurasoei kezka handia sortzen die haurrak sukarra izateak, baina Zamakolak 
gogorarazten du sukarra gorputzaren babes-sistema bat dela, eta ez dela gaixotasuna. Izan ere, sukarra giza gorpu-tzaren erantzuna da, infekzioen aurrean. Hortaz, sukarra seinale ona da, haurren sistema inmunologikoa behar bezala funtzionatzen ari denaren adierazle baita.

Horregatik, gaineratzen du tratatu behar dena sukarra sortzen duen egoera dela, eta ez sukarra bera: “Askotan sukarrarekin dagoen ume bat jolasean dabilela ikusten dugu, gora eta behera, ohiko jolas eta mugimenduak egiten, eta ulertu behar dugu ume hori ondo dagoela, eta ez duela tratamendurik behar. Kasu horretan egin behar dugun gauza bakarra kontrolatzea da. Aldiz, umea 38ko sukarrarekin ikusten badugu, lur jota, ezin duela mugitu ere egin, minberatuta, hor bai, hor antitermikoak emango dizkiogu egoera horri aurre egiteko”.

Era berean, sukarra hainbat egunetan zehar luzatzen ari den kasuetan, edota umea oso txikia denean, pediatrarekin kontsultatzeko gomendioa luzatzen die gurasoei.