Nerabezaroan sumendia lehertzen da. Haur izatetik heldu izaterako trantsizio horretan emozio, sentimendu eta bizipen ugari nahasten dira, eta nahasketa horretan denak kudeatu beharra suertatzen da. Nerea Redondo Otamendi coaching-en aditu eta formakuntza erraztaileak dio helduen onarpena izateak asko laguntzen diela, eta horretarako, komunikazioa zaintzea funtsezkoa dela.
Nerabezaroa norberaren identitatea sortzeko momentua da, haur izatetik heldu izaterako pasabidea. Sentimendu eta bizipen askoren aurrean aurki daiteke nerabea, guztiak identifikatu ezinik, kudeatu ezinik, transmititu ezinik. Inguruko helduek ez dutela ulertzen senti dezake nerabeak, eta lagunek ere, askotan, ez. Ulertuak ez sentitzeak sentimendu asko sorraraz ditzake —bakardadea, injustizia, amorrua...— eta horregatik da garrantzitsua beraiek egiten dituzten gauzak baloratzea, beraien iritziak kontuan hartzea, eskertzea eta abar. Hitz batean esanda, pasabide horretan bidelagun izatea.
Laguntzeko eta aldamenean egoteko jarrera duten helduentzat, ordea, ez da zeregin erraza une guztietan. Momentu errazagoak eta zailagoak daude, eta nerabeen sentimenduak ez ezik, helduarenak ere tartean sartzen dira. Nerea Redondo Otamendi coaching-en aditua eta formakuntza erraztailea da eta bidelagun izateko helduleku edo ildo batzuk azaltzen dizkigu: “Hasteko, oso garrantzitsua da berdintasunetik aritzea: heldutik heldura edo pertsonatik pertsonara. Identitate berria sortzen ari direnean onarpena behar dute, baloratuak sentitzea eta haien iritzia aintzat hartzea”.
Askotan helduen jarrera epaitzea izaten dela dio Redondok, gaizki edo ondo dagoen esatea, eta horren ordez nerabeekin enpatizatu behar dela azpimarratzen du. “Gaizki edo ondo dagoen esaten dugunean gure ikuspegiaren arabera baloratzen ari gara, eta nerabeari lagundu nahi baldin badiogu hark sentitzen duenean jarri behar dugu arreta. Momentu batean segurtasun falta senti dezake eta harekin hitz egitea izango da egokiena; edo beldurra sentitzen baldin badu beldur hori identifikatzea edo horren gainean solas egitea izango da onena”.
Sentimenduak, nerabeenak eta helduenak
Garbi dio sentimendu guztiek, gustatu ala ez, guretzat garrantzitsua den zerbait adierazten digutela. Horregatik, nerabeen sentimenduak identifikatzen hasi baino lehen, helduak bereei begiratu behar diela dio Redondok. “Ondo eta gaizki ez dira sentimenduak, eta triste, haserre eta alai hitzez aparte, askotan zailtasun handiak ditugu sentimendu gehiagori hitza jartzeko; hiztegi emozional urria daukagu eta komenigarria da helduak bere hiztegia aberastea eta bere sentimenduei hitza jartzea nerabeek ere ikus dezaten eta haiek ere haien emozioak identifikatzen trebatu daitezen”. Adibidez, esan daiteke “zer plazera den txorizo hau jatea”, edo “urduri nago momentu honetan COVID-19aren aldaketek eragiten didaten ezintasun guztiengatik”.
Behin sentimenduak identifikatuta eta hitza jartzen ohituta, nerabeekin mintzatzea da hurrengo urratsa. “Garrantzitsua da beraiekin hitz egitea haiengana hurbildu nahi baldin badugu edo lagundu nahi baldin badiegu. Momentu batean bakarrik edo onartu gabeak sentitzen direla identifikatzen baldin badugu, haien hitza entzuten baldin badugu eta enpatia adierazten baldin badiegu, gerturatzeko lan handiena egina dago”.
Nerabeekin hitz egitea beti ez dela erraza suertatzen diote guraso eta hezitzaile askok. Monosilaboen garaian sartzen dira eta elkarrizketek bide motza izan ohi dute. Horren jakitun da coaching-ean aditua ere, eta horregatik proposatzen ditu galdera irekiak eta rapport-a. “Galdera itxiak egiten baldin badizkiegu erantzuna bai edo ez da, eta hor bidea motza da. Aldiz, galdera irekiek beste pertsonaren parte-hartzea ahalbidetzen dute eta bere iniziatibaz benetan barrutik ateratzen zaiona adierazten du. Galdera irekiak oso boteretsuak dira”. Hori bai, galdera irekiak erabili nahi direnean, bi aurreiritzi edo jarrerekin egiten dugu topo: denbora eta manipulazioa. Galdera irekiek itxiek baino denbora gehiago eskatzen dute. Galdera itxien ondoren segituan dator baiezkoa edo ezezkoa; galdera ireki baten ondoren normalean pertsona isilik geratzen da. “Isiltasun horrekin topo egiten baduzu, bete-betean asmatu duzu, aurrean duzun pertsona hori pentsatzen ari delako eta erantzungo duelako, lasai”. Manipulazioari dagokionez, argi dago galdera itxiek bi aukera ematen dituztela, eta hori aurrean duguna guk nahi dugun bidera ekartzeko baliatu dezakegula. Ez da gauza bera “horrela egingo duzu?” galdetzea —galdera itxia—, edo “zer egingo duzu? Nola egingo duzu?” galdetzea —galdera irekia—.
Hitz egiteko momentu egokia bilatzea ere oso garrantzitsua da, “ingurunea komunikaziorako prestatzea esaten zaio horri, eta frantsesezko rapport hitza erabiltzen da hori adierazteko”, azaltzen du Redondok. “Nerabea sofan etzanda baldin badago eta ni zutik ari banatzaio ez dakit zer esaten, ez dago komunikatzeko baldintzarik. Bera baldin badago zutik eta ni bazkaltzen, ez da ingurune egokia komunikazio eraginkor baterako. Nire proposamena da berdinetik berdinerako edo heldutik heldurako harremanak bilatzea eta horretarako espazioak, denbora eta gorputz jarrera kontuan hartzea”. Esate baterako, ez da gauza bera aurrez aurre edo elkarren aldamenean egotea hitz egiteko garaian, aurrez aurrekoak konfrontaziorako aukera gehiago ematen ditu. Ez da gauza bera builaka edo ahots goxoz mintzatzea.
Helduen kontrola utzi ezina
Nerabeak ulertzeko eta haiengana gerturatzeko saiakera honek txanponaren beste aldea du, helduari dagokiona. Hasieran aipatu bezala helduak ere bere sentimenduak identifikatzea, eta baita boterea uztea ere. “Helduok kontrol ohitura handia daukagu eta kontrolak segurtasuna ematen digu”. Guk egiten duguna eta guk egiten dugun moduan dagoela ondoen uste dugu, guk denbora gehiago daramagulako mundu honetan”, ohartarazten digu Redondok. “Kontrol hori uzten badugu, aukera berriak irekitzen dira. Gure semea edo alaba gurekiko desberdina izateko prest baldin bagaude, kontrol hori utzi eta berdinetik berdinerako konexioa bilatu behar dugu”.