Hik Hasiren udazkeneko jardunaldietan ProCC egitasmoaren ikuspegia azalduko du egitasmoko kideak.
Hezitzaileok egunerokotasunean taldean lan egiteko ditugun oztopoak eta zailtasunak mahai gainean jarriko ditu Susana Martinezek ProCC egitasmoko kideak eta Eskurtze BHI-ko irakasleak, horiek ikuspegi makrotik begiratu eta eraldatzen hasteko erremintak eskainiko ditu.
Taldea eguneroko keinu txikietan eraiki behar da, sistematik indibidualismorako gonbidapenak jasotzen baititugu etengabe
Talde-lanaren kontraesanak eta zailtasunak izango dituzu hizpide Hik Hasiren jardunaldietan. Zergatik da hain garrantzitsua hezkuntzan taldeari buruz hitz egitea?
Hezitzaileon kasuan taldeka eta taldeekin egiten dugu lan. Beraz, hezkuntzan taldeaz hitz egin beharra dago. Normalki hezkuntzan taldeaz hitz egiten denean, taldeen dinamikei buruz gehiago hitz egiten dugu taldeaz baino, ez dugu hitz egiten zer den talde bat, zer gertatzen den taldeko rolekin… Taldeekin dinamikak eta gauzak egiten ditugu, baina ez dugu hain ongi ulertzen taldearen izaera.
Taldeari buruz kontraesanak ikusten ditugu: alde batetik, talde-lana oso ondo baloratua dago eta idealizatua dago gizartean, leku guztietan eta metodologia guztietan aipatzen da kooperatiboak eta kolaboratiboak izan behar dugula, eta guztiok ikusten dugu taldeak boterea daukala; “batasunak indarra egiten du” eta halako esaldiak esaten ditugu. Baina, beste alde batetik, gutxietsi egiten dugu taldelana, eta askotan pentsatzen dugu hobe dela lan hori geure kasa egitea, inorekin koordinatu beharrik gabe, denbora hobeto aprobetxatzen dugula bakarrik arituta. Eskolari —etapa guztietan— suposatzen zaio badakiela talde-lanean aritzen, ohikoa da edozein lanetarako ikasleak taldean jartzea, eta hori txikitatik praktikatzen goaz. Eskolari balore hori leporatzen zaio eta baita, beraz, erakunde horretan lan egiten duen profesionalari ere, baina balore hori eraiki eta gorpuztu egin behar da. Ez ditugu suposatutzat eman behar taldea eta taldean lan egiteko gaitasuna.
Kontraesanak mahai gainean jarriz hasi behar dugu, beraz, taldeaz hausnartzen.
Taldea eta talde-lana eraiki egin behar dira. Ekintza kooperatiboa, komuna dena, eraiki egin behar da. Horretarako garrantzitsua da partaidetza eta protagonismoa kontuan izatea eta kontuan izateko, metodo bat behar da.
Idealizazioek arazoak sortzen dituzte. Eta bai, idealizazio horiek dakartzaten kontraesanak mahai gainean jarri behar ditugu. Haurtzaroa bera ere oso idealizatua daukagu. Haurtzaroan baloreetako hazi asko erein nahi dira: solidarioa, kooperatiboa, kolaboratiboa izatea, “partekatu zure jostailuak”, “izan ona besteekin… ”. Gauza asko erein nahi ditugu eta gero, helduaroan gure ereduan eta gure egunerokotasunean askotan aurkitzen duguna da igual nire paraleloarekin ez dugula harreman ona edo errietan aritzen garela… Kontraesan hori agerian gelditzen da eskolan eta ondoezak sortzen ditu.
Kontraesanak mahai gainean jartzean kontuan izan behar dugu bizi garen formazio sozial hau, kapitalismoa, eta horrek gugan duen eragina aipatu behar dugu
Zuk balore moduan aipatu duzu talde-lana eta ez metodologia moduan.
Metodologia balore batean oinarritzen da. Taldea pertsonaren eraikuntza subjektiboan kokatu behar dugu, hau da, pertsonak egin egiten gara, eraikuntza subjektiboak gara. Jaiotzen garenean talde batera iristen gara, berdin du guraso bakarreko taldea edo familia txikia, handia… Talde batera ailegatzen gara eta taldeetan egiten gara, harremanetan egiten baikara. Hainbat taldetako kide gara: lagunak, auzoa, klub bat, lanekoa, familiakoa… Talde horiek ez daude bakarrik, gizarte batean eta momentu sozio-historiko zehatz batean daude. Niri metodologiara joan baino lehen gustatzen zait taldea elementu makro batean kokatzea. Beraz, kontraesanak mahai gainean jartzean kontuan izan behar dugu bizi garen formazio sozial hau, eraikuntza sozial hau, kapitalismoa, eta horrek gugan duen eragina aipatu behar dugu.
Formazio sozial batek erakundeak antolatzen ditu gizaki zehatz bat sortzeko, kasu honetan kapitalismoak gizaki eredu bat behar du bere iraupena ziurtatzeko. Egitura soziala eta eraikuntza subjektiboa lotuta daude: eraikuntza honetatik gizaki hauek sortzen dira. Dialektikoa da eta kontuan izan behar dugu gizarte kapitalista batean helburua ez dela gizakion beharrak asetzea; lehen helburua dirua da, eta etekina ateratzea. Ondorioz, egunero ikusten dugu nola bikoizten diren langileen lan zamak, eskakizunak, ratioak… Gutxiegi aipatzen dugu kapitalista hitza eta ondoezak eta kontraesanak kokatzen hasteko beharrezkoa da ikuspegi makroa edukitzea.
Beraz, balore indibidualistak sustatzen dituen gizarte eredu batean kokatu behar ditugu taldean lan egiteko zailtasunak eta oztopoak?
Kooperatibismoa eskolan eta edozein enpresetan agertzen da, baina soilik paperetan. Gero, egunerokotasunean taldean lan egiteko zailtasunak aurkitzen ditugu. Ez dugu suposatutzat eman behar kolaborazioa eginda dagoenik, komuna dena militantzia bat da. Eguneroko keinu txikietan eraiki beharreko gauzak dira taldea eta talde-lana, sistematik, denbora guztian, indibidualismorako gonbidapenak jasotzen baititugu etengabe, eta hortik sortzen diren arazoetara. Gizarte honek sortzen duen gizakia ez da kooperatzailea berez, exitista da. Marko horretatik interesatzen zaion gizakia indibidualista da, Bestea barne hartzeko eta kontuan hartzeko arazoak dituena, Bestea etsai moduan ulertzen duena, edo Bestearekin lehian sartzen dena eta sormenerako arazoak dituena. Hori da sistema kapitalistari ondo datorkion gizakia. Autonomian ere oso eskasa den gizakia interesatzen zaio. Autonomiak gurea eta Bestearena barne hartu behar ditu, Bestea behar dugu ni neu hazteko, eta soilik harremanetan hazten garela ulertu behar dugu eta bion artean gizartea eralda dezakegula; hori da ProCCren ikuspegia. Gizarte eredu honetan, ordea, autonomiaren kontzeptu murritzagoa erabiltzen da, eta soilik autonomia funtzionalari egiten dio erreferentzia, ea kapazak garen gure kasa gauzak egiteko...
Taldean aztertu behar ditugu egunerokotasunean ditugun ondoezak eta kontraesanak, eraldaketa taldean egingo baita, ez da indibiduala izango
Taldean lan egiteko zailtasun horiek zergatik eragiten dute bereziki hezitzaileon lanean, diozun moduan indibiduo guztioi eragiten badigute?
Eskolan kontraesan asko ikusten dira. Hezitzaileok eredu izan behar garela suposatzen da, eta kontraesanetan gaude askotan. Erdi perfektua izatea eskatzen zaio hezitzaileari, balore guztiak ongi landuak izan behar dituela gero horiek ongi transmititzeko, pazientea, maitagarria, denetik jakin behar duena, beti eskuragarri, erdi perfektua izatea eskatzen zaio, omnipotentziaz betetzen da hezitzailea, hori esleitzen zaie eskolari eta irakasleari eta onartu egiten da; “hori espero dute nigandik”. Omnipotentziatik inpotentziara pauso bat dago, eskolaz eta irakasleaz espero den horretara guztira ezin baikara ailegatu. Gizarteko edozein arazo eskolaren erakundean landu behar da gaur egun: motor istripu asko baldin badaude gaia eskolara ekartzen da; drogak, eskolara; autoestimua, eskolara; edozein gauza, eskolara. Orduan, eskolan lan egiten duten profesional horiek zer dira superman eta superwoman? Omnipotenteak izatea eskatzen zaie, kontraesanik gabeak, eta horrek korrika ibiltzera garamatza, modan dagoen azken programari erantzun nahian… eta zapore txarrarekin eta inpotente sentitzen gara hezitzaileok. Dena ez dagokit niri; mundua ez dut aldatuko, nire eremutik dagokidana aldatuko dut —kasu honetan eremu profesionaletik dagokidana— . Garrantzitsua da bakoitzaren zeregina argi edukitzea.
Egunerokotasunean beste zer ondoez edo kontraesan nabarmenduko zenuke hezitzaileongan?
Administraziotik eta erakundetik datozen jarraibide askok hezitzaileok eszeptizismora eraman gaitzakete, ez derrigorrez, baina eraman gaitzakete. Hezkuntzako etapa guztietan gertatzen da honako hau —eta harago, beste lan askotan ere bai—: lanean ilusio, gogo eta ekimen handiarekin hasten gara eta, urte batzuk pasatuta, hezitzaileengan askotan ikusten da ilusioa galtzen dela eta eszeptizismoz betetzen garela. Ilusioa, konfiantza eta itxaropena galdu duen eta bere lanari zentzua aurkitzen ez dion hezitzaile bat umeen aurrean jartzea ez da egin dezakegun onena, ez pertsona horrengatik, ezta umeengatik ere. Guztien beharrak ase behar dira. Hori guztia ongi ikusteko eta ulertzeko, beharrezkoa da arazoa ondo planteatzea, arazoa ez baita indibiduala. Kontua ez da sandiak edo berendiak arazoak dituela eta hura lekuz aldatzea. Arazoen, sintomen eta adierazleen arrazoiak bilatu behar ditugu; arazoa ez badugu ondo planteatzen, erpinak galduko ditugu eta irtenbidea ez da ona izango. Egituraren garrantzia gogoan izan behar dugu, sistema sartzen baitzaigu beti.
ProCC egitasmoa aipatu duzu. Azaldu dezakezu zer den?
Procesos Correctores Comunitarios (Prozesu Zuzentzaile Komunitarioak) da ProCC (Procc. org). Corrector hitza zentzu etimologikoan erabiltzen dugu, que rige con. Argentinan sortu zuen Mirtha Cucco Psikologian doktoreak eta tresna teoriko metodologiko bat da. Kuban eta Espainiako Estatuko hainbat tokitan gaude, Euskal Herrian egoteaz gain. Guk Ustezko Osasuna eta Ustezko Normaltasuna zalantzan jartzen ditugu. Guri egunerokotasuna aztertzea interesatzen zaigu, egunerokotasun horretan jendearen harremanak eta bizitza gertatzen direlako, eta ez beste leku batean. Orduan, egunerokotasuna aztertzean ikusten dugu ondoezak daudela, eta ondoez horiek ez daukate baliozko solaskiderik, hau da, ez diogu ondoez hori psikologoari edo medikuari eramaten, kexatzen gara, osasunean inpaktu bat daukate, baina ez doa inora.
Zer proposatzen du ProCCk?
Goazen egunerokotasuneko kontraesanak eta ondoezak aztertzera eta kontzientzia hartzera, eta goazen, ondoren, horiek eraldatzera. Guri eraldatzea interesatzen zaigu, bizitza osasungarriago, solidarioago eta gizatiarrago bat nahi dugulako. Eta hori taldean egin behar da, taldean aztertu behar ditugu ondoez eta kontraesan horiek, eraldaketa taldean egingo baita, ez da indibiduala izango. Gure programa guztien helburuetako bat espazio hori sortzea da, elkarrekin hausnartzeko denbora eta espazioak sortzea.
Adibidez, presaka ibiltzearena. Guztioi falta zaigu denbora eta min egiten digu, adibidez, lagunekin gelditzeko denborarik ez edukitzeak, edo nahi duguna edo behar duguna egiteko denborarik ez edukitzeak, baina nori eramaten diogu min hori? Zer egiten dugu ondoez horrekin? “Bizitza horrelakoxea da, eta ez dago besterik”, eta horretan gelditzen dira gure eguneroko ondoezak, aldatu ezin balira bezala. Beste adibide bat, Ustezko Normaltasun eta Ustezko Osasun horri loturikoa: sinetsita gaude guraso on bat izateko dena eman behar dugula, bizitza eman beharrean, bizitzarik gabe gelditzen gara; akabo zure bizitza gurasotasunean sartu zarelako. Kontraesana da, ezta?
Teoriaz gain, metodologia bat eskaintzen du ProCCk. Zer-nolako metodologia da?
Hasteko, metodo bat eduki behar dela proposatzen du, eta gero ProCCk berariazko metodo bat dauka. Metodo horren formazioa saio ugaritan ematen da, baina badaude hartu daitezkeen elementu batzuk eta Hik Hasiren jardunaldietan horiek aipatuko ditut. ProCCk proposatzen duen tresna bakoitzaren atzetik arrazonamendu bat daukagu eta arrazonamendu horren oinarrian taldearen ulerkera dago. Autoreak dauzkagu oinarrian. ProCC oso koherentea da bere baloreekin, ideologiarekin, metodoekin, tresnekin eta helburuekin. Batzuetan ideologia bat baitaukagu eta gero gure egunerokoan kontrako gauzak egiten ditugu. ProCCn koherentziak garrantzi handia dauka eta pentsatzen badugu gizarte kapitalista aldatu behar dela ondoezak ekartzen dituelako, gaur egun ez gaudelako oso osasuntsu; gelditu, denbora hartu eta hausnartu egin beharko dugu, eraldatzeko. Eta horretarako metodo bat dauka.
ProCCren metodoari loturiko zer tresna aipatuko dituzu jardunaldietan?
Diseinu oso bat da; metodoak, programak, helburuak, saioak, tresnak eta denborak antolatu behar dira. Taldeaz hausnartzeko tresna garrantzitsu bat, adibidez, espazioaren antolakuntza da. Bilera bat egiten dugunean, biribilean jezartzeko eta elkarri begiratzeko aukera izatea garrantzitsua da. Espazioaren antolakuntzarekin giro bat lantzen da, taldea nola ulertzen dugun lantzen da eta partaidetza eta protagonismoa ere bai, hierarkia... hainbat balore daude horren atzean. Enkoadraketa ere aipatuko dugu. Bilera bat egiteko zenbait alderdi tekniko zaindu egin behar dira: bilera horren helburua argitu behar da; ez da gauza bera informazioa emateko edo erabaki bat hartzeko batzea, edo zalantzak partekatzeko eta sozializatzeko biltzea. Helburua zentratzea garrantzitsua da. Baita bileraren iraupena aurrez zehaztea eta denborak zaintzea eta betetzea ere: “Elkarrekin egongo garen denbora hau honetarako izango da”.
ProCC gurpilaz ere hitz egingo dugu. Biribilean jezarrita gaude eta hitzak zirkulatu egin behar du. Askotan bileretan rolak errepikatu egiten dira eta isilik dauden pertsonak beti daude isilik eta hitz egiten dutenak betikoak dira, eta rolak ez dira mugitzen. Hitza hartzea zaila izaten denez, gure partaidetza pasatzen uzten dugu. ProCC gurpila ordenean doa eta, beraz, badakigu noiz egokituko zaigun hitza hartzea. Bilera baten hasieran espektatibak zein diren azaltzen dugu: “Nola zatozte bilera honetara?”
Batzuetan bilerak zailak dira, adibidez, gatazka bat kudeatzeko biltzen garenean, baina garrantzitsua da hasierako hori guztia zain tzea eta landuko duguna eta horrek eragiten dituen emozioak eta sentimenduak mahai gainean jartzea. Ikaskuntzaren kontzepzio hori erabiltzen dugu, lantzen duguna eta lantzen dugunak sortzen dituen emozioak hartzen ditugu aintzat. Hau da, tematikoa eta dinamikoa dena.
Tresna sinpleak dira, baina indartsuak dira. Erreminta horien atzean baloreak daude: taldea eta partaidetzaren ulerkera bat daude. Partaidetza parte izatea eta parte sentitzea da, gu bat deklinatzea da. Zentroetan askotan zaila da taldearen barruan gure lekua eta gure funtzioa aurkitzea. Ez da erraza profesional batentzat bere erakundean potentzia daukan esparrua identifikatzea. Gure erremintek protagonismoa eta partaidetza bultzatu nahi dute.
Zer begirada proposatzen duzue?
Argitasuna behar dugu ondoez askoren atzean dauden azalpen sozialak ikusteko. Azalpen makro hori ezkutuan dago. Elementu makro horiek transmititzea badakit zaila dela, ezabatuta daudelako. Egunerokotasunean ditugun arazoak argazki handiago batean kokatu behar ditugu, arazoaren ildo edo erpin askok ihes egingo digute, bestela. Militantzia behar da, egunerokotasunean bizi garen gizartearen baloreak sartzen baitzaizkigu. Gelditzea beharrezkoa da; gelditzen ez bagara, ezin da ezer aldatu. Denbora hartu gabe ezin da ezer aldatu. Gelditu eta elkartu besteekin.
Kontraesan horiek mahai gainean jarri behar ditugu eta guk kontraesan horiek gauza sozial bezala ulertzen ditugu. Hau nik ezin dut etxean bakarrik aldatu, hau arazo sozial bat da, errua gainetik kendu behar dugu eta ondo ulertu behar dugu zer gertatzen den. Ez da erru indibiduala, bizimoduarekin dauka zerikusia. Gizarte honi zer interesatzen zaio? Gizaki autonomoa ala erraz engaina dezakeena? Horri buruz taldean hausnartu behar dugu.
Galdera laburrak
01. Eskola garaiko oroitzapen on bat?
Nire ingeleseko irakaslea gogoratzen dut, oso pertsona alaia eta freskoa, gaztea, eta ingelesarekiko gogoa eta interesa kutsatu zizkidan.
02. Eskola garaiko oroitzapen txar bat?
Irakasle batek emandako zaplazteko bat.
03. Nolako eskola amesten duzu?
Zentzu kritikoa daukana. Aniztasuna onartzen duena, sortzailea eta ezagutza sortzen duena, zentzu kritikoa edukitzeko.
04. Zuretzat garrantzitsua den balore bat?
Elkarlana, ondo sentiarazten gaitu.
05. Hezkuntzari buruzko film bat edo liburu bat?
La escuela de la ignorancia (Jean-Claude Michéa), eskolak gizarte honetan duen rolaz ari da. Hori irakurtzen duzunean, pentsatzen duzu, zer egiten ari naiz eskolan?