Behin baino gehiagotan entzun izan da nerabezaroan drogen kontsumoa saihesteko alternatibetako bat kirola egitea dela. AGIPADeko Pakita Mateosek baietz dio, izan daitekeeela prebentzio bide bat, baina baldin eta ongi lantzen baldin bada. Ongi lantzea zer den azaltzen du, hainbat proposamen eskainiz. Besteak beste, kirola eta beste alternatibak drogak baino eskuragarriago jartzea.
Drogen eta alkoholaren kontsumoa eta nerabeak. Besteak beste, bi gai horien inguruan egiten du lan AGIPADek, Drogen Abusuaren Ikerketa eta Prebentziorako Gipuzkoako Elkarteak. Substantzien eskaria gutxitzea eta substantziak behar dituzten pertsona gutxiago egotea dira elkartearen xedeetako bi. Jendeak drogekin arazoak ez edukitzea nahi dute, eta adin txikikoak babestea. Azken hori azpimarratzen du Pakita Mateos AGIPADeko Ikerketa eta Prebentzioarako taldeko arduradunak. “Nerabezaroak dituen ezaugarriak direla-eta, nerabeek arrisku handiagoa izaten dute. Ez da gauza bera kalamua 12-13 urteko nerabe batek kontsumitzea edo 30 urteko heldu batek. Substantzia berbera da, baina kontsumitzen duten per-tsona horien garapen-unea ez”.
Nerabeak bizitzen ari diren garapenak erabat baldintzatzen du substantzien kontsumoa. 13 urterekin, 16rekin edo 21ekin gazteek ez dute gaitasun bera alkoholaren edo beste droga mota baten kontsumoak dituen arriskuak kudeatzeko. Garapen fisiologikoaren ikuspegitik, 12-13 urteko gazte bat garapen betean dago, eta bere alderdi garrantzitsu bat oraindik garatzeke dago. Hortaz, askoz ere filtro gutxiago ditu gauza guztietarako. Aldiz, garunaren beste alderdi bat oso garatuta du: desioak, nahiak, probatzeko gogoa, berehalakotasuna... Bizitzako etapa hori bizitzeagatik bakarrik arrisku handiagoan dago nerabea. “Gainera, gero eta informazio gehiago daukagu eta badakigu eboluzio horretan drogak kontsumitzeak ondorio kaltegarriak dituela nerabeengan”, gehitzen du Mateosek.
“18 urte bete arte ez diegu autoa gidatzen uzten, ez diegu botoa ematen uzten eta ez diegu beste hainbat gauza egiten uzten. Prestakuntza bat behar dutelako izango da”, hausnartzen du Mateosek. “21 urteko gazte bati ez diogu esango gaueko 10etarako etxera etortzeko, ordu horretan oraindik etxetik atera gabe egongo baita. Baina 14 urteko batek gauean etxera etortzeko ordurik ez edukitzea ez da egokia. Denok dakigu gauak fase desberdinak izaten dituela eta gauza desberdinak egiten direla gaueko unearen arabera. Egoera desberdinekin egiten dugu topo eta kontsumo desberdinekin ere bai. 14-15 urteko batek ezin du ulertu eta kudeatu —ez daukalako gaitasunik dagoen garapen-uneagatik— goizeko 6etan normala dela marrak sartzea ez dakit zein afteretan. Baina hor baldin badago eta ikusten badu, mundu guztiak hori egiten duela pentsatuko du eta berari ere hori egitea dagokiola, nahiz eta 14 urte eduki”.
Nerabezaroari begira jarrita, AGIPADek helburu garbiak ditu. Hasteko, drogak kontsumitzen hasten diren adina atzeratzea. Eta horrekin batera, ez kontsumitzeko aukerari indarra eta balioa ematea. 3. DBHko gela batean gerta liteke ikasleen erdiak edo % 30-40k jada kalamua probatuta edukitzea. Eta alkohola gehiagok. “Ez ditugu ikasle horiek deabrutzen, baina bai probatu ez dutenen jarrera indartu, eta asko, gainera. Gizarte honetan zoritxarrez zailagoa baita ez-kontsumitzailea izatea kontsumitzailea izatea baino”.
Horregatik, nerabeei lagundu egin behar zaie garapen-prozesu horretan eta baita substantziekin duten harreman horretan, batez ere, jarrera kritikoak sorraraziz. Nola egiten da hori? Mateosek dioenez, zer egin behar duten esan gabe, baizik eta euren erabakiak hartzen joan daitezen lagunduz, baina hartu ditzaketen momentuan. Izan ere, gaur egun 13-14 urteko gazteentzat errazena gaueko aisialdira jotzea da, horrek dakarren kontsumo guztiarekin. Ez substantziak dituztelako soilik, baita helduagoen ereduak dituztelako ere. Errazena hori da eta beste alternatiba guztiak zailagoak. Eta hortxe kokatzen da kirola”.
Kirolaren balioa
AGIPADen aspaldi hasi ziren kirolaren esparrua lantzen, baina Mateosek argi dio ‘kirola egiten badu ez du drogarik kontsumituko’ mito bat dela, ez dela egia. “Kirola egiteagatik soilik nerabeak ez du alboratzen beste substantzia batzuen kontsumoa. Zeren 13 urteko nerabe batentzat ezer ez baita bateraezina. Ez dute pentsatzen marihuana txarra denik kirola egiteko”.
Kirolak eta gainerako alternatiba osasuntsuagoek ezaugarri jakin batzuk eduki behar dituzte prebentiboak izateko. Asebetetasuna, sozializazioa, endorfinak, poztasuna… sortu behar dizkiete nerabeei. Garrantzitsuena kirolari denbora eskaintzea eta ongi pasatzea da. Hori da prebentiboa izatea 14 urteko nerabe batentzat.
Nola kudeatu kirola alternatiba izan dadin
“Kirolak alternatiba gisa funtzionatuko badu, ongi kudeatu behar da eta gaur egun ez dago ongi kudeatuta. Eskola-kirolean “lehia” aldagaia sartzen da umeak oso txikiak direnetik eta horrek aukeraketa dakar ondoren: “onak” lehia kirolera eta onak ez direnek, baztertuta, utzi egiten dute. Nesken artean 12 urtetik aurrera % 50ak kirola modu erregularrean egiteari uzten dio”. Ez zaio lehentasunik ematen kirola egiteari eta bultzatzeari. Benetan kirola beste aisialdi-mota baten alternatiba izatea nahi baldin bada, justu gazteak euren denbora librea kudeatzen hasten direnean indartu behar dela dio Mateosek, eta ez gurasoak ekarri eta eramaten dituztenean eta gurasoek erabakitzen dutenean. “Ulertzen dut txikitatik hasi behar dela, baina beste modu batera egin behar da gero jarraitu dezaten”.
Nerabeen aisialdia zenbat eta gehiago dibertsifikatu, hobe. Ahalik eta aukera gehien eman behar zaizkie, alternatibak eskuragarri jarri. Mateosek dio oso-oso garrantzi-tsua dela eskuragarri jartzea. “Gaur egun kirola ez dago ez eskura eta ezta merke ere. Ordutegiak ez dira egokiak ez kiroletan eta ez aisialdiarekin zerikusia duten gauza askotan. Kirolarekin eta gazteriarekin zerikusia duen orok lehentasuna izan beharko luke. Noski diruz lagundu behar zaiela lehiatzen ari diren taldeei, baina diru gehiena bideratu beharko litzateke 18 urtez azpiko biztanle ahalik eta gehiena zerbait egiten egotera larunbat arratsaldeetan, gauetan, igande goizetan edo gauetan (besteak beste, hori egin zuten eredutzat hartzen den Islandian). Zeren berriro diot, gazteentzat ez da merkea. Helduentzat agian bai, baina gazteentzat ez. Merkeena litroak egitea da. Eta tabernan ibiltzeko ez da ordutegirik behar. Orduan, kiroldegiak irekita gauez? Bai. Zergatik ez? Bestela, irekita dauden leku bakarrak tabernak dira. Eta gazteei gauez ateratzea gustatzen zaie, behar dute gainera, umeengandik desberdinak sentitzeko espazioak behar dituzte. Bestela, ez dira hazten”.
Nerabeekin dauden entrenatzaileek edo hezitzaileek kontziente izan behar dute eredu direla nerabeentzat eta oraindik heldu gabeko pertsonekin daudela. “Sarritan kirola egiten duten gazteak dira entrena-tzailearekin kanpora afaltzera joaten diren lehendabizikoak (denboraldiaren amaiera delako, txapelketa bat irabazi dutelako...). Egokiak ez diren ohiturak dira, ez gero ondoren gaizki jokatu dezaketelako, baizik eta oraindik ez dagokielako. Ez da hori transmititu nahi diegun eredua. Hori ez da eredu osasuntsua. Hori egingo dute beraiek garaia iristen zaienean”, azpimarratzen du Mateosek.
Ez da ahaztu behar erantzunkizuna gizarte osoarena dela. “Gizartean daude drogak, kirola, familia, helduen ereduak, legeak, ohiturak... eta dena. Beraz, gizarteari dagokio oraindik garatu gabe dagoen nerabea babestea. Ez dezagun erabakia nerabearen esku indibidualetan utzi, gizartearen babesik gabe”.